«Gaztetatik talde kirola sustatzea da helburua»

ArburuaBolinagaLidergo Ekintzailea eta Berrikuntzako Gradua (LEINN)  ikasten ari dira Iraia Arburua Amantegi (Zizurkil, 2002) eta Itsaso Bolinaga Saldaña (Ordizia, 2002). Ikasketei lotuta, proiektu ezberdinak gauzatzen dituzte eta horietako bat da Gabonetako futbol kanpusa. Ordiziako Anexo zelaian ospatuko da abenduaren 27tik 31ra. Goierri Gorri futbol elkartearen laguntza jaso dute, eta 9 eta 11 urte bitarteko neskei zuzenduta dago.

Nola bururatu zitzaizuen kanpusaren ideia?
Iraia Arburua: Lehenago ere saiatu ginen udaleku itxi batzuk prestatzen, baina covidagatik ezinezkoa izan zen. Orduan, planteatu genuen soilik goizez izango den kanpusa antolatzea. Itsaso [Bolinaga] futboleko jokalari eta entrenatzailea izanda iruditu zitzaigun erraztasunak izango genituela gai hori lantzeko.

Zergatik mugatu duzue 9 eta 11 urte bitarteko nesketara?
Itsaso Bolinaga: Gure helburu nagusia futbola ezagutzeaz gain, gaztetatik talde kirola sustatzea da. Elkar ezagutzea, euskaraz egitea, eta batez ere, gaztetatik kirola egiteko ohitura hartzea. Zaharragoek, kirola egiteko ohiturarik ez badute, ez dute Gabonetan kanpus batean izena emango.
I.A.: Gainera, pandemiarekin, gure adineko jendeak elkarrekin komunikatzeko aukera eduki dugu. Adin horretan, ordea, askoz zailagoa da. Beraz, sozialki duten hutsune hori betetzeko ere antolatu dugu.

Goierri Gorri taldearekin elkarlanean arituko zarete.
I.B.: Ideia proposatu genien, eta lehenengo momentutik, guri laguntzeko prest agertu dira: zelaia bilatzen lagundu digute, publizitatea lortzen…
I.A.: Proposamenaren helburuak zein ziren ikusita, ideia gustatu zitzaien.
I.B.: Gainera, kanpus honetan parte hartzeko ez dago federatuta egon beharrik. Horregatik, jendea klubean izena ematera animatu dezake.

Zer topatuko dute kanpusean?
I.B.: Gehiena futbola izango da, baina bestelako talde kirolak eta elkar ezagutzeko jokoak ere egingo ditugu.
I.A.: Nahasketa bat izango da: futbola eta talde dinamikak.

Une honetan, beste proiekturik ba al duzue martxan?
I.A.: Bai, asko.
I.B.: Azkenean LEINNen, lehen egunetik, enpresak sortzen jardun behar da, fakturatu egin behar da, deklaratu… Karrerak minimo batzuk jartzen ditu kurtsoz pasatzeko, bai diruz eta bai bezero kopuruari dagokionez. Horregatik, era guztietako proiektuak ditugu. Nik, esaterako, kultura bultzatzeko ekimen bat dut abian. Iraiak [Arburuak] Gabonetako otarreak egiten dituen proiektu bat ere badu.
I.A.: Zenbait enpresei marketin lanak ere egiten dizkiegu. Urtarrilean, Costa Ricara goaz eta, han, beste lan batzuk izango ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>