Enplegua eta aberastasuna sortzeko sariak

Goieki

Goierriko Enpresa Ekimen Berrien 24. Sariketako sarituak, antolatzaileak eta udal agintariak, Igartzako jauregian.

Goierriko Enpresa Ekimen Berrien 24. Lehiaketaren sariak banatu dituzte dagoeneko. Ekintzailetzaren kultura sustatzea dute helburu sariok, zentzurik zabalenean.

Iazko etenaren ondoren, aurten egin da Goieki garapen agentziak antolatutako Goierriko Enpresa Ekimen Berrien 24. Lehiaketa. Uztailean egin zuten deialdia, eta joan den azaroaren 24an egin zuten sari-emate ekitaldia Beasaingo Igartzako jauregian. Eta posible balitz? izan da aurtengo sariketaren helburua, eta bai, posible izan da, zentzu guztietan gainera. Hiru kategoriak kontuan hartuta, 14 proiektu aurkeztu dira guztira: Enpresa Ekimen Berriko Proiektu Onenaren sariketara 8, eta hiruna Enpresan Egindako Proiektu Berritzaile onenera eta Ekintzailetzaren bitartez Gizarte Inklusio proiektu onenera.

Maquetación 1Saria nagusia 6.000 eurokoa bada ere, Bizigaia proiektu sarituak ez du kopuru osoa jaso (4.000 euro), kategoria berera aurkeztutako Oasis Living enpresari aipamen berezia ematea ebatzi baitu epaimahaiak (2.000 euro). Bizigaia kooperatibak, hala ere, 3.000 euroko sari gehigarri bat eskuratu du, proiektuak kooperatiba izaera duelako. Enpresa barruko proiektu berritzaile onenarengatik 2.000 euro jaso ditu Beasaingo Iruko berri SL. enpresak eta beste horrenbeste Toque Terapeuticok gizarte inklusiorako proiektu onena aurkezteagatik. Horrez gain, Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailako Zikloan ekintzailetza sustatzeko helburuz orain 8 urtetik martxan den Ekintzaile proiektu garapen onenaren saria Kellesensarentzat izan da. Guztira 6 proiektu landu dira atal honetan, eta Goierri Eskola, Lortek eta Goieki aritu dira lankidetzan.

Lehiakortasunerako pizgarri

Goiekiko Enpresa Ekimen Berrientzako Zerbitzua orain 26 urte jarri zuten martxan, eta harrezkero 400dik gora izan dira haren bitartez Goierrin sortutako enpresak. Horren pizgarri ere bada sariketa hau, Maialen Sanchez Goiekiko Ekintzaile arloko teknikariak adierazi duenez: «Lehiaketarekin eskualdeko izaera ekintzailea sustatzen dihardugu 24 urteotan. Ekintzaileen motibazioa indartu, goraipatu eta eskualdeko berrikuntza eta lehiakortasun areagotzeko lanean ari gara urtez urte». Sanchezek esker oneko hitzak izan ditu sariketa diruz babesten duten enpresa guztientzat (enpresak handiak zein ETEak daude tartean). «Haien laguntza ezinbestekoa da, ideia berritzaileetan sinistu eta lehiaketa posible egiten baitute».

Leire Artola Beasaingo Udaleko alkateak hartu zuen lehen hitza sari-emate ekitaldian, eta segidan Eun enpresako ordezkari Alberto Lorenzok enpresen kudeaketari buruzko hitzaldia egin zuen. Sariketa honek egiten duen ekarpenaz honako hausnarketa egiten du Lorenzok: «Lehiaketa txalogarria eta oso aberasgarria iruditzen zaigu. Ekintzailetzak jarraitzea, pertsonak elkartzea, ikastea, hobetzea eta positibismoa handitzea lehiaketa honen ondorio dira». Lorenzoren esanetan, ekintzailetzan «jarraitzeko edo murgiltzeko» gonbita egiten du lehiaketak. «Praktika bikainen berri izateko aukera ematen du. Goierrin gauza asko bikain egiten ditugu, eta horren berri izatea onuragarria da goierritar guztientzako».

Enpresa ekimen berrien 24. lehiaketaren sarituak

Goieki-1Ekimen berriko proiektu onena

Bizigaia. Goierriko Elikadura Kooperatiba da Bizigaia. Elikadura burujabetzarantz pausuak ematea du helburu, lurrarekiko eta pertsonekiko errespetuzkoak diren ekoizpen ereduak sustatuz, lehen sektorea artikulatuz eta berrikuntzaren bidez sektore erresilientegoa bat antolatuz.

Goieki-2Aipamen berezia

Oasis Living. Hutsik edo utzita dauden etxebizitzak dituzte lanerako ardatz Julen Saldaña eta Markel Markos ordiziarrek. Etxebizitza horiek berritu, beste bizitza bat eman eta herritarrei alokairu duin bat eskaintzea dute helburu. Alokairu eskaintza erakargarria sortu nahi dute Goierrin.

Goieki-3Enpresako proiektu berritzailea

Iruko berri SL. Enpresa barruan egindako proiektu onenaren saria Beasaingo Salbatore auzoko enpresa honek irabazi du. Merkatu eta sektore dibertsifikazio prozesu sakon baten ondorioz bezero eta herrialde berrietara iritsi da, negozio eredua zabalduz eraikin modularren bitartez.

Goieki-4Gizarte inklusio proiektu onena

Toque terapeutico. Zegaman bizi den Maria Pereira portugaldarrak lortu du ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onenaren saria. Estres-antsietate prozesuetan edo blokeo emozionaletan dauden pertsonei laguntzea du helburu, Reikiaren eta kristaloterapiaren bidez.

Goieki-5Ekintzaile proiektu garapen onena

Kellesensa. Mugikortasun arazoak dituen Aziz Ndaye 17 urteko mutiko gaztearentzat egokitutako triziklo bat diseinatu, ekoitzi eta Kellera (Senegal) bidali dute Asier Alvarez, Izaskun Mateos eta Mirian Mateos Goierri Eskolako ikasleek. Mezenas guztiei esker ona adierazi diete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>