Euskorrak, ulerberak eta kostakoak

Asier-IriondoAsier Iriondo • Hizkuntza aholkularia

Badut jolas txiki bat. Euskara ulertu edo hitz egiteko adinako espazio eta denbora izan duenen bat nazioartean nabarmentzen denean, galdera egiten diot nire buruari: zenbat euskara ote daki? Izan daiteke bizitzaren zati batean Euskal Herrian bizi eta kanpoan arrakasta lortu duena, arbasoak euskaldunak dituena, hurbileko kontakturen bat edo batzuk direla eta, ustez, euskara dezente entzun izango zuen jendea… Zerrenda osatzen ari naiz horrelakoekin, eta zerrenda-kideak gehitu ahala, zerrendari berari ere ezaugarriak eransten dizkiot.

Euskararen ezagutza mailaren arabera, hiru multzotan sailkatu ditut: euskorrak, ulerberak eta kostakoak. Multzokatzeko, hala-moduzko sasi-ikerketa azkar bat egiten dut edo sailkatu gabe uzten dut, handik edo hemendik zein multzotakoa den igartzen diodan arte. Hona zenbait izen, hilak eta biziak nahasian, fidagarritasun eskaseko ikerketaren emaitza:

Euskorretan, Unai Emery Etxegoien eta Mikel Arteta Amatriain futbol entrenatzaileak, Evita Duarte Ibarguren Peron politikaria, Carmen operako protagonista, Frantzisko Xabierkoa eta On Kixote Mantxakoa idazlaneko bizkaitarra.

Ulerberetan, Miren Ibarguren Agudo eta Jon Gonzalez Luna aktoreak, Ainhoa Arteta Ibarrolaburu kantaria, Roger Etxegarai Vatikanoko funtzionarioa eta  Iñaki Urdangarin Liebaert gaizkile ohia, besteak beste.

Kostakoetan, berriz, Paul Laxalt Alpetxe Ronald Reaganen aholkularia, Martin Lasarte Arrospide eta Javier Agirre Onaindia Realeko eta Osasunako entrenatzaile izanak, Esperanza Agirre Gil de Biedma gaizkileohigaia, Hector Elizondo Medina aktorea eta Garbiñe Muguruza Blanco tenislaria.

Hona Goierrirekin lotura zuzen samarra duten bi baino ez ditut ekarri. Hurrengoan argitaratuko dut gureen zerrenda, ohiak eta ohigaiak barne.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>