Tirokatuak!

Aitor-ArtzaAitor Artza • Musika zalea

Euskal Herrian rapa eta trapa emankorra izaten ari bada azkenaldian, are gehiago Punk eta Oi mugimendua, guztiz berrindartuta inoiz indarrik galdu badu. Goierri aldean bada zorionez ildo horretan ari denik, eta inoiz baino hobe esanda Goierri, bere zabaltasunetik sortu baitira Tirokatuak!. Aratz eta Udai Ataundik, Unai Legazpitik, Eneko Seguratik eta Unax Lazkaotik. Bake Faltsua taldearen kontzertu batean erabaki zuten taldea osatzea hirukote gisa; egun, aipatu bezala, boskote gisa ari dira.

tirokatuak 3Influentziak argiak dira, Erresuma Batuetatako taldeetatik hasi eta etxeko kaskamotz ia guztiak aipatzen dituzte erreferentzia gisa: horien artean Nafarroa 1512, Streetwise, Sinners, Boot Boys… ez soilik musikarengatik, baizik eta beraiek bat egiten duten ildo bati garrantzia ematen dietelako hauek ere, hitzei alegia. Arazo sozialak salatzeko erraminta gisa erabiltzen dituzte abestiak, baita bestelako gazteen eguneroko arazoei ahotsa jartzeko ere besteren artean. Hori nabarmen erakusten dute zuzenekoetan, nahiz eta ez daramaten urtebete ere taula gainean. Gezurra dirudi. Soinu zuzen, fresko eta erraz sartzen diren abestiez tirokatzen dituzte entzuleak beraien zuzenekoetan, eta bertsio asko dituzten arren, pixkanaka ari dira kanta propioak indartzen. Epe erdira, haiez osaturiko disko bat-edo osatzea dute amets, eta horretan saiatzen dira etengabean Ataunen dituzten entsegu lokaletan.

Bertatik bertara egiaztatu nahi baduzue, larunbat honetan bertan, hilak 22, Ataun San Martingo Oargi elkartean duzue aukera. Esan genezake etxean jokatzen dutela beraz. Oargi behera botatzen ez badute, ez dira urruti ibiliko. Kultur elkarte horientzat, gaztetxeentzat eta ur horietan murgiltzen diren eragileentzako hitz gozoak dituzte, horiek eman baitiete oinez hasteko aukera, eta eroso dabiltza gisa horretako zirkuituan.

Sare sozialetan ere aurkitu dezakezue beraiei buruzko berri gehiago, eta harremanetarako, noski, horiek erabiltzen dituzte: Instagramen @tirokatuak klikatuz gero informatu ahal izango duzue nondik nora eta nola dabiltzan.

Goierriko sukaldeetan bada talde berri bat sutan… Flash dute izena eta udaberri alderako modu batean edo bestean izango omen dute prest lehen platera… Nolakoak ote diren? Bilatu ta klikatu The Spits musika taldea plataformetan… Adi beraz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>