Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Gure jardunean, hezkidetza saioak egiten ditugunean, amodio erromantikoa eta horren ondorioz sortutako estereotipo eta ideiak lantzen ditugu nerabeen artean. Bizitzaren une batean mutilek eta neskek harremanengatik espero dutena ezaugarri komunak ditu, eta ezin uka daiteke genero sozializazioaren garroak nondik eta nora mugitzen diren kontrolaezina dela batzuetan. Honetan, komunikabideen eragina ikaragarria da, eta sare sozialen botere eta gaitasunak beti txunditzen, erakartzen eta izutzen nau, modu parekoan.
Bada, aurreko batean Netflix plataformak Giorgina dokuseriea estrenaituko duela eta, trailerra ikusi ahal izan nuen sare sozial horietako batean. Zur eta lur geratu nintzen, futbolaren izar batekin bizi den neska honen mezuetako batzuekin. Bere printze urdina topatu omen du. Edurne Zuri eta Mari Errauskinen printze urdinaren zipriztinekin bukatu berri dugunean, hara non agertzen zaigun amodio erromantikoaren ikurrik indartsuena, printze urdina futbolari batean gorpuztua! Trailerrak irauten duen denboran bota zituen perlatxo batzuk eta berdintasunaren ikuspuntutik sofaren atzaparrak gainetik kendu ezinda utzi ninduen.
Petra Delicadoren ikerketarako jantzia soinean jarri eta Giorginaren instragramera jo nuen. Ia 30 miloi jarraitzaile ditu. Hortaz, emakume horrek irudi batekin lor dezakeen eragina ikaragarria da; beraz, pentsa bere mezua noraino hel daitekeen. Amatasunaren idealizazioa, printze urdinaren aurkikuntza, irudiaren goraipamena eta irudian oinarritutako zorioneko bizitzaren eraikuntza; biografia arrakastatsutzat jotzen denaren ikur. Handik hona deseroso nabil. Koherentzia falta apur bat sumatzen dut, baino era berean, ez dut bere bizitza epaitu nahi, besteak beste, ez dagokidalako. Baina, hala ere, horrelako mezuek jarraitzaile izango dituen hainbat neskengan izango duten eraginak gure jardunarekin talka egiten duela sumatzen dut. Betiko eztabaida zaharkitua izan daiteke. Edo antzinako ereduen itzulera kezkagarria. Edo dagoeneko hain gaztea ez den feminista baten nahasmena eta hausnarketa antzua. Nire iritzia azalarazten saiatu naizen halako batetan, «bakoitzak bere bizitzarekin nahi duena egiten du!», entzun dut. Edo ahal izaten duena, etorri zait niri burura.
Eztabaida areagotzeko gogoa sartu zait ordea; Giorginari deitu eta hemengo hitzaldi batera hizlari gisa etor dadila eskatzeko grina. Martxoaren 8aren programan koka daiteke. Edozein berdintasunerako udal planaren ekintzen barruan txerta liteke. Edo ez?