Carol Soto eta Ana Urieta • Ikaskide Akademia (Beasain)
Ez da gauza berria azken urteotan online irakaskuntzak hartu duen indarra. Ez bakarrik irakaskuntzaren eremuan, baita osasun-arretan, lan-esparru desberdinetan, kulturan… Bizi dugun egoera berezi honek bultzatuta, denok, edo ia denok, mundu digitalean mugitzen ikasi behar izan dugu. Horrek, gauza guztiek bezala, bere alde onak eta txarrak ditu, noski, denok ez baitugu trebezia bera ordenagailuaren aurrean. Dena den, oraindik ikasi ez duenak, hobe du erne ibili, lehenago edo beranduago ezinbestekoa izango da eta.
Eta horrela, guztion egunerokotasuna goitik behera aldatu zen egunera gatoz, 2020ko martxoaren 14ra. Hasiera batean 15 eguneko iraupena izango zuen konfinamenduak…
Segituan, etxe eta pisuek oso itxura bitxia hartuko zuten egun haietan: haurrak, logelan sartuta, online klasea jasotzen; helduok, bat sukaldean, bestea egongelan, bakoitza bere lanetan, bideodeietan, eta tarteka Patry Jordan-ekin gorriak ikusten…
Irakaskuntzan ere aldaketak
Irakaskuntzari dagokionez, 2020ko konfinamenduan, ikastetxeek, batzuk hobe eta beste batzu nekez, online klaseak antolatu zituzten. Esperientzia hark gogoeta egitera bultzatu gintuen gutako asko. Orain dela hamarkada batzuk, Interneta eta ordenagailu pertsonalik ere ez geneukanean, etorkizunari begiratzean, liburu digitalen antzekoak imaginatzen genituen, eta agian, klaseak pantaila baten bidez jasotzea ere, zenbait filmetan ikusten zen bezela. Hori, guztiz utopikoa zen garaian, sekulakoa zirudien. Etxetik irten gabe klasea jasotzea, ene! Zein modernoa!
Ba iritsi zen eguna, bai horixe. Baina gure gaztaroan imaginatzen genuen errealitate ziraragarri horren usainik ez nion nik hartu. Egia da ikastetxe guztiek, nik dakidan artean behintzat, izugarrizko esfortzua egin zutela erantzun egokiena ematearren; egia da, maiz bapatekotasunez eta inprobisazioz ere jokatu zutela; egia da, irakaslegoa ez zegoela horrelako egoera baterako prestatuta… Orokorrean, ondo erantzun zuten gure irakasleek.
Hala ere, gaur egun, inoiz baino urrutiago ikusten dut garai batean amestutako heziketa futurista, esperientziak irakatsi digu irakatsi beharrekoa, eta horrenbestez, presentzialtasunaren garrantzia beste guztiari gainjarri zaio.
Arreta presentziala galtzen
Ez da berdin gertatu beste hainbat eremurekin; burura datorkit oraintxe banketxeekin gertatzen ari dena: arreta presentziala galtzen ari da, bulegoak ixten ari dira eta langileak kaleratzen… Adin batetik aurrerako bezeroen kexuak entzungo al dituzte?
Gurera itzuliz, espero dezagun gure ikastetxe, akademia eta unibertsitateen etorkizuna guztiz presentziala bermatu eta urte askotarako izan dadin!