#gozatuantzerkia

Gorka-LarizGorka Lariz • Aktorea eta Urrup taldeko kidea

Bizitza izeneko bidaia honetan zehar milaka pertsona topatzen ditugun moduan, antzerkia izeneko mundu miresgarrian ere hamaika pertsonaiarekin batera bizi behar du aktore  batek. Bizitzan bezala denak ez dira interpretearen gustokoak izango, baina beraiekin bizitzen jakin eta haien parte izatea lortu behar du honek.

Pertsonaia bakoitzak zerbait berezia du, askotan bere barrenean ondo murgildu behar da pertsonaia ezagutu ahal izateko eta honen ezaugarriak zugan barneratzeko. Nire kasuan taularatu ditudan pertsonaia guztiek utzi dute beraien marka nigan, bizitzan zehar topatzen dituzun lagunik onenek bezalaxe. Esanguratsuenak aipatzearren; Romeo eta Julietako Mercuccio, Seis Personajes en Busca de Autor antzezlaneko aitaren papera edo Desio Izeneko Tranbia obrako Stanley Kowalski. Batzuetan hain nituen barneratuta, kanpotik ikusita ezin zela jakin taula gainean nork zuen jabetza, aktoreak edo pertsonaiak. Horrelako gauzak pertsonaia indartsuekin gertatzen dira gehienbat.

Hala ere, ezin aipatu gabe utzi izugarri maite ditudan beste biak, besteen gainetik maite ditudanak alegia; bata urtero Gabonak iristear daudenenan bere baitan hartzen nauen ikazkina da; bestea berriz, orain, Kalderero garaian bisitatuko gintuen Zozomikotea. Tamalez, azken horrek aurten ere ezin izango ditu Ordiziako kaleetan zehar bere bihurrikeriak gauzatu.

Azken urte hauetan bi pertsonaia horiek bilakatu dira antzerki munduko nire lagunik zintzoenak, batez ere umeengan duten eraginagatik; haurren irribarrea, ilusioa eta poztasuna ikusteak ez duelako preziorik. Haurrak haur direlako, eta kritika aldetik hauek izaten direlako zale eta ikusle exigente eta esker onekoenak. Umeek pertsonaia hauekin gozatu egiten dute, eta beraiekin pertsonaiak eta aktoreak ere gozatu egiten du.
Eta hori da bizitzaren grina, gozatzea! Gozatu bizitza eta gozatu antzerkia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>