Itsaso-Alegia zirkularra: ondare oparoa bertatik bertara ezagutuz

Itsasok duen ondare natural eta kulturalaren zati bat ezagutzeko aukera ematen du herri kaskoa eta Alegia auzoa lotzen dituen ibilbide honek. Jaitsiera nahiz igoera egoki zaindu eta seinaleztatutako herribideetatik egiten da.

Auzolanaren ohiturari bizi-bizirik eusten zaion herria da Itsaso. Horren erakusgarri dira, esaterako, herrian egin daitezkeen lauzpabost ibilbideak adierazteko edo herriko ondarea ezagutarazteko lanak: informazio panel txukun eta eguneratuak, eta kolore ezberdinetako zeramika piezekin seinaleztatutako ibilbideak. Lau dira Itsason markatu eta egokitutako ibilbideak; bi kolore berdez –ibilbide berde eta inklusiboak–, eta urdinez –herri kaskoa Kizkitza eta Mandubiarekin lotzen dituena– eta laranjaz beste bana. Azken hori da, Itsaso eta Alegia auzoa lotzen dituen ibilbide zirkularra, Ibiltari honetarako aukeratua. Gidari lanak Pilare Muxikak egin ditu, herriko historia eta istorio ugari dakizkien herritarra.

Bi orduko ibilbidean, Itsasok duen ondarearen lagin batekin egingo du topo oinezkoak, herribide zainduetan ibiliz

Nahi den norabidean egin daiteke ibilbidea, abiapuntua Itsaso zein Alegia hartuta. Herri kaskoa izan da aukeratua kasurako. Abiatu aurretik herriguneko eraikin eta txokoak ezagutzeko tartea har daiteke: San Bartolome elizako zurezko egituradun ataria, 1300. urtean datatutako sarrera nagusienetan zaharrenetarikoa –hasierako gotiko estilokoa–, Goiko Ostatua edo Kontzeju etxea (udaletxea izana 1962ra arte), eta urte hartan bertan eraikitako udaletxe berria eta haren azpialdean dagoen Ostatua. Webgunean (itsaso.eus) ondare horri guztiari buruzko informazio zabal eta osatuagoa aurki daiteke.

Herribidean behera Alegiaraino

Ibiltari__Itsaso_Alegia_ibMendeetan zehar Itsasoko Alegia auzoa eta Itsasoko herrigunea bi herribidek lotu zituzten, harik eta 1934an errepidea egin zuten arte. Kaskotik beherantz abiatuta hasten da ibilbidea, 430 metroko altueran, Alegia 3,2 km adierazten duen geziari jarraituz. Lehen eraikin aipagarriena berehala topatuko du oinezkoak, Oria baserria, ondare historiko-artistiko gisa katalogatua. Itsasok 80 baserri ditu, eta horietatik hamar daude Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare zerrendan jasota. Bideari behera segiz, bost minutuan, Goiti baserrira joateko –ogi ekologikoa ekoizten dute– bidegurutzea utzi, eta Egiluze aldera jo behar da.

Behean sumatzen da Egiluzeazpi baserria. Langa bat pasatuta ondoren iristen da bertara. Arbel harriz egindako mandio-zubi ikusgarria du, baita ogi labea ere. Bere egunean bolatokia ere izan zuen. Beste langa bat gurutzatu, eta hasierako zatian pinudia den eta gero harizti den eremu batera iristen da. Ur-zikinen hodiak pasatzeko egindako lanaren arrastoak agerikoak dira oraindik, baina segituan haiek eskubira utzi eta herribide txukunean egin behar dira Epelde baserria zeneko eremura iristeko 500 metroak. Itsasoko kaskotik leku honetara 20-25 minutuko bidea dago.

Ibiltari__Itsaso_Alegia_ib copia«Bidegurutze interesgarria da hau», adierazi du Muxikak. Iristerako karobi baten arrastoak daude, eta metro gutxira Epelde baserriaren hondakinak. Oso antzinako etxea da, hareharri landuz egina, iparraldera ematen duten atezar ikusgarriduna. Hegoaldean, berriz, gezileihoa –leiho txiki eta estua–, aurrez aurre duen Epeldeko zubia zaintzeko. «Zubi hau 1600eko dokumentuetan azaltzen da. Ikustekoa da zer egitura duen». Epeldetik bertatik Urbeltza ur sulfatatuen iturburura joan daiteke, baina sorlekua ikusteko uda behar du izan. Bideari behera jarraituz, AHT Abiadura Handiko Trenaren zubia sumatzen da –Errazti baserria zubipean–, eta aurrera eginez, A-636 errepidearena. Hura igarota, Alegiako Madurea ikusten da parez parez, eskubitara Uribar baserri historikoa duela.

Hiru herriren mugarria Alegian

Madurako herribidean metro batzuk egin eta gero, eta haren jarraipena den kanalean beste batzuk, Alegia-Uribar bide berdean sartzen da oinezkoa, Argixao edo Santa Lutzi erreka eskubitara dela. Alegiako presa eta kanala bertan daude, eta bi-hiru minutuan iristen da Alegia auzora (210 metroko garaiera).  50 minutu dira ibilbidea hasi denetik. Lehen begi kolpean Madalena eliza nabarmentzen da, 1927an Itsaso, Alegia, Ormaiztegiko eta Gabiriako herritarrek ermita eliz bihurtu zuten eraikina. Iturria du alde batean. Aurrera jarraituz, Albitsu eta Argixao errekek bat egiten duten zubian, Itsaso, Ormaiztegi eta Gabiria bereizten dituen mugarria dago. Alegiako zabalguneak Erdi Aroan jauretxeek zituzten elementu gehienak igartzeko aukera ematen du.

Bidean atzera egin, eta pilotaleku estalia eta 1976tik auzotarren bilgune den Zelai-Ondo elkartea –garai bateko eskola– eskubitara utzita, hamar minutu Itsasora doan errepidean egin behar dira, Mendibeltz ezkerrera dela. Autobidea egin zutenean galdu zen garai bateko herribide zatia. Ibur zalditegia pasatu eta berehala dago ezkerretara ikur laranjadun ibilbidearen seinalea. Bost minutuan Okinarriko ur-putzuak daude –artifizialak dira, baina biodibertsitate aldetik aberatsak– eta bidean jarraituz Okinarri, bost baserriren arteko mugak adierazten dituen mugarriarekin (320 metro, 75 minutu).

Ibiltari__Itsaso_Alegia_ib(1)Une batez bidea gurutzatu, eta arrasto laranjei segika, herribide txukunean egiten da kaskorako bidea, gutxinaka-gutxinaka metroak irabaziz. Atin baserriak batetik, bailara barrenean nahiz goenean ikus daitezkeen baserri bakartiak bestetik, harik eta Sarriegi-Txiki eta Sarriegi baserrietara –azken hori ere ondarezkoa, 410 metrora– iritsi arte. Aurrera eginez, ibilbidearen azken zatia, eta kaskora iristerako, itsasoarrek maitea duten Itsusturriko aska. Goendegi zozkerakoak hasi ziren hura eraikitzen, baina azkenean herri osoak jardun zuen lanean. 1946ko data dauka.

Kontuan hartzeko

  • Itsasoko hainbat datu. Goierriko herrigunerik garaienetakoa da Itsasokoa, 430 metrorekin. Etimologikoki, isatsa izeneko landarean du jatorria Itsaso izenak. Zortzi kilometroko kuadro pasa da, eta 165 biztanle ditu. Kaskoan nahiz sakabanatutako dozenaka baserritan bizi dira itsasoarrak. Bost zozkeratan banatuta dago.
  • Itsasoko herri kaskoa. San Bartolome eliza, Ostatua eta udaletxea berria, Goiko Ostatua edo Kontzeju etxea, Urkaren oinarria eta Hilerriko gurutzea dira Itsasoko herri kaskoan aurki daitezkeen eraikin eta elementu interesgarrienak. Pott Keramika tailerra ere herrigunean dago.
  • Otordua egiteko. Ostatua da ibilbide honetan aurki daitekeen taberna bakarra. Plazan bertan dago. Urteko sasoiko produktuei lotutako menua eta karta eskaintzen ditu.
  • Iturriak goian eta behean. Ibilbidea kaskotik hasi edo Alegia auzotik hasi, bietan iturri bana ditu eskura bisitariak. Kaskokoa Kontzeju Etxearen aldamenean dago, Kizkitzara joateko bidean, eta Alegiakoa Madalena elizaren kontra.

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: Bi ordu
  • Luzera: Sei kilometro
  • Desnibel metatua: 450 metro
  • Zailtasun teknikoa: Erraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>