German Urteaga Garmendia • Kirol psikologoa eta trans aktibista
Apurka-apurka ageriagoa da psikologiak kirolean duen garrantzia. Esango nuke orohar klub gehienak direla kirol psikologiaren onuren eta garrantziaren jakitun. Hala ere, oraindik asko dago egiteko bide honetan, oraindik ere kirolean arlo mentalari ez zaio arlo fisikoari besteko garrantzia ematen; ondorioz, prestatzaile fisikoak edukitzea normaltzat jotzen da, baina kirol psikologo bat edukitzea ez da hain normaltzat hartzen, kasu askotan, behintzat.
Garrantzitsua da jakitea kirol gehienetan 4 oinarri funtsezko daudela, eta ulertu behar dugu hauetako bat landu gabe uzteak, edo gutxiago lantzeak, ez diola kirolariaren errendimenduari inongo mesederik egingo, guztiz kontrakoa. Alde batetik teknika edukiko genuke, bestetik taktika, hurrengoa arlo fisikoa izango litzateke, eta azkenik arlo mentala edo psikologikoa. Lehenengo hirurei izugarrizko garrantzia ematen zaie, fija zaitezte inguruko futbol, saskibaloi, errugbi, eskubaloi… taldeetan, eta konturatuko zarete nola gehienetan arlo teknikoa, taktikoa eta fisikoa baino ez diren lantzen. Entrenatzaileak eta prestatzaile fisikoak nonahi ikus daitezke, baina zailagoa egiten da kirol psikologoak ikustea. Kirol talde asko azken oinarri honetaz ahazten dira, eta ez dira konturatzen arlo fisikoa, teknikoa eta taktikoa bezain garrantzitsua dela arlo psikologikoa.
Kirol mailak gora egiten duen heinean are garrantzia handiagoa hartzen du, gainera, arlo psikologikoa lantzeak, eta ondorioz, kirol psikologo batekin lan egiteak. Elite mailan, adibidez, teknikoki eta taktikoki denak dira oso onak, fisikoki denak daude oso ondo… Orduan, denak hain onak badira eta hain prestatuak badaude, zerk markatzen du diferentzia? Ba, kasu askotan, kirolari hauen prestakuntza psikologiko edo mentalak egiten du diferentzia, eta diferentzia horri esker euren errendimendua gainontzeko kirolariena baino hobea izaten da. Horregatik, goi mailako talde askok kirol psikologoak dituzte eta hauek kirolariekin ez ezik entrenatzaileekin ere egiten dute lan, funtsezkoa baita entrenatzaileek ere arlo psikologikoa lantzea.
Laburbilduz, oso garrantzitsua da klub desberdinek kirol psikologoak euren kirol planean txertatzea, bai errendimenduari begira eta bai kirolarien eta entrenatzaileen osasun mentalari begira ere. Kirol talde bateko psikologoa talde horren staff-aren parte da, eta horrela ikusia izan behar da. Entrenatzaileak arlo tekniko eta taktikoaz arduratzen dira, prestatze fisikoak arlo fisikoa lantzeaz eta kirol psikologoak arlo mentala lantzeaz arduratzen gara, denok batera taldearen edo kirolariaren (bakarkako kiroletan) onena ateratzeko.