Bizikletan, segurtasunez

Jose_Kruz_MujikaJoxe Kruz Mujika • Mujika txirrinduak (Beasain)

Bizikletaz segurtasunez ibili ahal izateko hainbat osagarri erabiltzea derrigorrezkoa da. Frenuak eta gurpilak egoera onean edukitzeaz gain, kaskoa eta argiak erabiltzea beharrezkoak dira.

Kaskoa derrigor herritik kanpo

Garuna hauskorra da, eta erraz lesionatzen da. Eroriko sinple batek ere kalte zerebrala eragin dezake, eta bizitza osorako arazoekin utz zaitzake. Kaskoaren erabilpena derrigorrezkoa da herritik kanpo txirrindulari guztientzat, eta 16 urte azpikoentzat edozein errepidetan.  Kaskoaren uhalek kokotsaren azpitik tenkatuta egon behar dute, kaskoa buruaren inguruan okertu ezin izateko moduan. Askatzen den kasko batek ez du babestuko. Kaskoak kopeta estali behar du eta zuzenean aurrera apuntatu.

Gogoratu kaskoa hondatu egiten dela denboraren poderioz, eta komeni dela aldatzea kolpe larriren bat jasoz gero edo 5 urte baino gehiago erabiliz gero.

Argiak, ikus zaitzaten

Bizikletentzako argiak funtsezko osagarriak dira ikusmena areagotzeko, batez ere argi gutxiko garaietan.  Gauez edo ikusmen gutxiko egoeretan, derrigorrezkoa da argi zuri bat eramatea bizikletaren aurrealdean eta argi gorri bat atzealdean. Gero eta txirrindulari gehiagok daramate atzeko argi gorri distiratsua eguneko edozein ordutan. Txirrindulariaren segurtasuna hobetzekoa aukera ona da hori, egunez zein gauez hobeto ikus zaitzaten.

Argiekin batera, arropa edo osagarri islatzailea ere eramateak segurtasuna areagotuko du, txirrindularia hobeto ikusiko dutelako.

Txirrina, entzun zaitzaten

Batez ere, oinezkoak eta bizikletak elkarrekin ibiltzen diren kasurako, txirrinatxoa edukitzea ere derrigorrezkoa da.
Bestalde, kontuan hartu, txirrindulariak debekatuta dago telefonoa eta aurikularrak erabiltzea.

Herriguneko oinarrizko arauak

Osagarriekin batera, gogoratu bizikletan doana  beste ibilgailu bat gehiago dela errepidean, eta, horregatik, trafiko-seinaleak errespetatu behar direla, gainerako ibilgailuek egiten duten bezala. Ondorengo arauak, herriguneko oinarrizko arauak dira:

  • Zebra bideetan. Txirrindularia oinezko pasabide batean ez da oinezko bat, eta zebra bideetan lehentasuna oinezkoek dute. Beraz, txirrindulariek oinezko paso bat igarotzeko txirrindutik jaitsi eta oinez gurutzatu beharko du.  Bizikletentzako pasabidea dagoen zebra bideetan txirrinduek dute lehentasuna gainontzeko ibilgailuekiko.
  • Espaloietan debekatuta. Bidegorririk ez dagoen kasuetan, errepidetik joan beharko du txirrindulariak, ibilgailuen noranzko berean. Espaloitik ibiltzea erabat galarazita dago.
  • Oinezkoen gunean. Oinezko guneak udal bakoitzeko trafiko ordenantzan arautua egon beharko litzateke. Ordenantzarik egon ezean, oinezko guneetan txirrinduan ibiltzea debekatuta dago. Beasainen esate baterako, udal ordenantzaren arabera, Kale Nagusitik eta Nafarroa etorbidetik txirrinduarekin igarotzeko aukera badago, baino beti ere, 10 km/orduko abiadura gainditu gabe, oinezkoei lehentasuna emanez eta abiadura murriztuz edo beharrezkoa balitz, geratu ere egin beharko luke txirrindulariak, oinezkoen kopuruak hala eskatzen badu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>