Jakin-minak min

Eresti-OiarbideEresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia

Zuek ere izango duzue garaia, ezta? Daukazun adinarekin, hasi beharko duzu zerbait pentsatzen, ala?». Galdera horiek ezagunak egiten bazaizkizu, 30 urtetik gorakoa zarela esango nuke, hau da, guraso izateko garaian zaudela. Baina nork erabakitzen du zein den guraso izateko garaia? Edo guraso izateko garairik izango dugun? Biologikoki erditzeko adin egokia zein den zientzialariek esango digute, ados. Baina horrek izan behar al du baldintza bakarra guraso noiz izan behar dugun zehazteko? Eta guraso izan behar dugula zehazteko?

Datuek diote geroz eta pertsona gehiago daudela haurrak izateko arazoak dituztenak; umetokiko arazoren bategatik, amaren adinagatik, gizonaren ugalkortasun arazoengatik, edo diagnostikatu gabeko arrazoiren bategatik. Lagundutako ugalketarako tratamentu kopurua ere urtetik urtera gora egiten ari omen da. Eta omen diot horrelako prozesu batetik pasatu direnen errelatoak ez direlako asko entzuten. Guraso bakar izan direnen kasuan, bai; baina bikoteen kasuan oso gutxi hitz egiten da horri buruz.

Emakumeak fisikoki eta animikoki eragin handia izan dezakeen tratamentu hormonala jaso behar izaten du, eta gainera, askotan, ez da helburua lehenengoan lortzen. Bikoteen kasuan, tratamentura iritsi aurretik, denbora luzez nahi eta ezinean ibili izana oso ohikoa da, eta horrek antsietate handia sortzen du.

Biologikoki guraso izateko adinean dagoen pertsona bati ezer galdetu aurretik, bere egoera askotarikoa izan daitekeela pentsatu beharko genuke; agian ez du guraso izan nahiko, baliteke aspalditik saiatzen aritzea, abortu bat izan berri egotea, edo gaiaz hitz egiteko batere gogorik ez izatea. Tratamentuez eta dituzten eraginez hitz egitea bezain garrantzitsua iruditzen zait bakoitzaren momentua eta nahia errespetatzea, eta norbere jakin-mina kolkoan gordetzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>