Lurdes Iriondo (1937-2005)

Imanol-MerceroImanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria

Euskal kantagintzaren mugarri ezinbestekoa dugu Lurdes Iriondo. Bere ekarpena aintzat hartu gabe nekez hitz egin daiteke 70eko hamarkadan Euskal Herrian izan zen iraultza musikalaz, eta kulturalaz. Iriondok izerdia partekatu zuen Aresti, Laboa, Urretabizkaia, Artze edota Oteizarekin. Guztien artean iragana birformulatu zuten, gogo biziz, etorkizuna iraganarekin josiko zuen katebegia kultur-ingudeetan mailukatzen.

Testuinguru horretan Lurdes Iriondok jakin izan zuen euskal haurrei begiratzen, eta euren beharrak aditzen. Haur literatura inor gutxiren gogoan zegoen garai hartan haur eta gaztetxoentzat liburuak idatzi zituen. Guztira zazpi obra: hiru antzerki liburu, ipuin bilduma bat, album ilustratu bat (ipuin-komiki-album), eta bi didaktika liburu antzerkiaren bidez haurrak euskalduntzeko.

Bere ekarpenak zubi lana egin zuen bi aro literarioen artean: ordura arteko nekazari eta kristau giroko ekarpenak gainditu, eta nazioarteko literatur korronte garaikideen araberakoak egiteko asmoarekin. Aro garaikidera jauzi emanez idatzi zuen lan esanguratsuena Asto baten malura (Mensajero, 1975) album ilustratua da.

Dena den, erakutsi zuen berritasuna bilatzeko asmoak, ez zuen ezkutatu nekazari munduarekiko zeukan nostalgia sentimendua, ez eta bere kristau fedea ere. Bere ipuinetan hirietako giroa aparte uzten da, ezpada mespretxatzeko:

«Ilunabarrean, denen etxetako leihoetan ehun telebisio-tresna berdinek zarata berdina ateratzen dute. Gaueko ordu berean, baita ere, ehun tresna haiek batera ixiltzen dira. // Etxeak eta pertsonak berdin eta aspergarri dira; holako multzoaren tartetik eguzkia doi-doian ikus liteke. // Baina neri berdin zait». (Hego-haizearen ipuinak. Hitzaurrea, 1973).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>