Apaltasuna falta zaigu

Igor-SusaetaIgor SusaetaKazetaria

Beti ez dut esango, nire egunerokoan, gehienetan, futbola, oilar demak, Kataluniako auzia edo, nik zer dakit bada, greziar eta erromatar klasikoak izaten ditudalako buruan, baina dezentetan pentsatzen dut euskaldun eta ezkerrekoak garenok —ni neu ere talde horretakoa naiz, noski— pentsatzen dugula munduko gainontzeko komunitateetako kideak baino azkarragoak garela. Apaltasuna falta zaigu. Ukrainako gerra dela eta uste hori baieztatu ahal izan dut, atzera, zoritxarrez.

Hedabide gehien-gehienetan ikusiko zenuten, sare sozialetan ere bai: iritzi eta uste orokorra da Putin dela morroi zital bat, eta Zelenski, aldiz, heroi bat. Esango nuke esaldiaren lehen zatiarekin ados egon gaitezkeela ia euskaldun eta ezkertiar guztiok, eta bigarrenari dagokionean zalantza gehiago edukiko ditugula, gure posizionamendua antimilitarista eta bakezalea baldin bada, behintzat —nola bestela—. Baietz-baietz, Obama ere, bere flow-a gorabehera, goi mailako psikopata bat dela, Biden edo Borrell bera bezala, ados. Baina ez ditugu bada bonbardaketa, hildako horiek guztiak justifikatuko esanez NATO gero eta gehiago hurbildu dela Errusiako lurretara, ezta?

Tira, ez naiz kontu geopolitikoetan luzatuko, esan bezala greziar (eta erromatar) klasikoak baitira nire terrenoa. Gainera, euskaldun eta ezkerrekoen artean badaude adituak. Barra-barra loratu dira azken asteetan, eta horietako batek, legebiltzarkide ohi batek, gure pentsamendua argitzeko saiakera egin du Twitterren, badakielako iritzi korronte hegemonikoari jarraitzen badiogu Zelenskiren aurpegia tatuatzen bukatuko dugula guk ezkerrekoak eta euskaldunok izanagatik herritar soil bezain inozook. “Noiz hasiko dira gure oligarken aurkako zigorrak? Bai, gasolinarekin, gasarekin eta elektrizitatearekin aberasten ari diren horiek”. Etsipena besterik ezin dut sentitu txalo erraza bilatzen duten komentario hori irakurrita. Gauza bera gertatzen zait hortik zehar leitzen dudanean, kontrargudio bezala erabilita, gainera, Yemenen eta Sirian gerran daudela aspalditik, eta hedabideek kasurik ez dietela egiten gatazka horiei. Bai, imajinatzen dut gauza bera esango genukeela Lyoneraino, esaterako, Minsketik jaurtitako misil bat iritsiz gero… Esadazue, mesedez, nire pertzeptzio bat besterik ez dela, eta munduko beste komunitateetan ere gurean bezainbeste buruargi daudela. Hori frogatuko duen ikerketaren finantzaketa nire esku.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>