Ordizian «asteazken» hitza azokaren sinonimo da. Iraganean orain baino gehiago. Asteko hirugarren egunak Ordiziatik kanpo harrapatzen zituen herritarrak zentzurik eta txisparik gabeko eguna igarotzen zuten.
Azokak herri osoa hartzen zuen: Plaza Nagusia, plazatxoak, kaleak….. Saltzeko zegoen genero guztiak finkatuta zeukan leku zehatz bat azokan, Erdi Aroko gremioak gogora ekarriz.
Herriko merkatari egonkorrek beren produkturik onenak erakusteko eguna zen. Egunerokoan behar zen guztia erakusten zuten salmahaiek. Denetarik zegoen. Azokak bere ahots eta hots propioa ere bazuen.
Baserritar askorentzat tratuen eta kontratuen, eskrituren eta banku-eragiten eguna izan da. Baita topak eta bazkariak egiteko eguna ere.
Gizarte-ohiturak aldatzen
Hala ere, asteazken ordiziar hartako irudi hori asko aldatu da urteek aurrera egin ahala, gizarte-ohiturak aldatzen joan diren heinean. Baserriaren krisiak eta hipermerkatu handiak ireki izanak errotik aldatu dituzte erosketa-ohiturak.
Aziendari buruzko Europako Erkidegoko araudi murriztaileak batetik, eta bestetik, gizartearen konkista izugarritzat jotzen dudan emakumeen lan-merkaturatzea dira, besteak beste, azokaren eta herriko merkataritza tradizionalean bilakaera horren eragileak.
Ordiziako azokak estalpe ikusgarriaren babesa eduki izanagatik ere, denboraren joanak ahuldu egin du, arima galduarazi dio. Azoka, iradokitzailetik gutxi duen mezu bilakatu du. Hipermerkatu, merkatal-gune, saltoki erraldoi… bihurtu du. Eredu berriak, ukaezina bada ere, abantailatik bezainbeste du hotzetik, bizirik gabekotik.
Gauza bizia
Azoka gauza bizia da, ekoizle eta erosleen arteko topagune, bitartekarik gabea, kalitatearen, freskotasunaren eta 0 kilometroaren aldeko apustua egiten duena, gure beharrak asetzeko gaitasuna duena. Eta ahots propioa duena.
Ez dezagun asteazkeneko Ordiziari ahotsa itzalarazi. Azoka ezagutu eta zaindu dezagun.