‘Fake’ ala gerra!

Xegun-AltolagirreXegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea

Gaur goizean jaiki naiz eta betiko errutinari heldu diot. «Hoixe, Siri… Euskadi irratia!» Eta magia, Iñaki Guridi legazpiarra, Euskadi irratiko esataria, nire zai balego bezala eguneko berriak botatzen hasi da, bata bestearen ondoan. Berriak… zaharrak… zaharrak berri alegia. Gerra han, bortxaketa hemen, jipoia hari, istripua… zaplaztekoa, ukabilkada, bultzada… furra, furra!

Suerte onean, iritsiko da egun hori non albiste horiek albiste izateari utziko dioten edo horrelakoak egiteari utziko diogun. Baina egia al da diodan hau? Edo benetan ezinbestekoak ditugu gure egunerokoan? Zergatik harrapatzen gaituzte horrelako berriek zintzurretik eta kapazak gara telebistari begira orduak eta orduak emateko? Uholde, sumendi, tsunami… hortxe duzu fandangua!

Tanke bat topatu dut twiter ireki eta berehala jaso dudan lehen txioan. Ukrainako herri txiki batean harrika jaso omen dute tankea bertako haurrek jolas orduan eskolako parkean. Tankeak buelta eman eta alde egin omen du. Furra, furra!
Neure kafesnean kafe asko eta esne gutxi izaten da. Kafe zalea naiz, baina belztasun hori esne apur batekin haustea gustatzen zait. Dena ez omen da beltza ala zuria, erdian kolore asko omen dago, baina bakoitzak bere kolorea du gustuko eta kapazak gara muturka hasteko gure hori defendatzeko. Gure gustukua!

Ez dakit zer daukagun buruan, odolean, hezurretan, muinaren muinean, baina mundu honetan gaudenetik harriak, geziak, ukabilkadak, kanoikadak, ezpatakadak, tiroak… bota dizkiogu elkarri edozein aitzakiarekin! Eta horrek ez dauka konponbiderik nahiz eta bakoitzak bere intimitatean kontrako jarrera sutsua dugun, eta hori horrela da, eta kontra egiten didanari… ikusten? Berotu naiz. Hortxe fandangua!

‘Fake’ ala gerra! Albiste faltsua edo gezurrezko berria, maiz ingelesez: fake news, bere horretan mailegatua, desinformatzeko helburuarekin hedabideen edota sare sozialen bidez nahita zabaltzen den gezurrari deritzo. Amen-omen mota bat da. Gezurtiek hainbat trikimailu erabiltzen dituzte gezurrezko albiste batek egiazkoa irudi dezan. Adibidez, esanak desitxuratu edo testuingurutik kanpo jarri, informatzaile egiatien izen onaz baliatu, eta abar. Furra, furra!

Baina nik badaezpada zalantzan jartzen ditut guztiak, izan ere ederki dakite komunikabideek zer saldu behar diguten beti gaudelako  horrelakoak irensteko prest. Telebistan, twiterren, han edo hemen pantailaratzen diguten edozer sinisten dugu. Egia ote den zalantzan jarri gabe. Eta zer egiten dut nik? Egin dut puzkerra!

Gaur goizean jaiki naiz suerte onean, tanke bat topatu dut nire kafesnean, ez dakit zer daukagun ‘fake’ ala gerra, baina nik badaezpada egin dut puzkerra!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>