Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa

Korrika_1987

1987ko apirilaren 7an Joxe Miel Barandiaranek Beasainen eraman zuen Korrikaren lekukoa, Amaia Arratibel (ezkerrean) eta Josune Mujika (eskuinean) Goiztiri AEK-ko irakasleek lagunduta. / Deia egunkaria

Josune Mujika Alustiza • Beasain

Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa hemen da Korrika. Gaur, apirilak 8, Goierrira iritsiko zaigu beste behin ere Korrika. Egun berezia izango da dudarik gabe, emozioz betea, belaunaldiz belaunaldi, euskara maite dugunontzat. Aurten ere ez dugu hutsik egingo, petoa prest daukagu. Aspaldiko partez, ostiral iluntzean iritsiko da gainera Beasainera.

Korrikari buruz daukadan lehen oroitzapena ikastola garaikoa da. Gogoratzen naiz, hasierako Korrika batean, Alkartasuna Lizeoan nenbilela, Txispas irakasleak euskararen aldeko Korrika zetorrela eta nork joan nahi zuen galdetu zigula. Gure gelatik ni bakarrik apuntatu nintzen. Pentsa ze korrikalaria eta kirolaria izan naizen ni, baina euskararen aldekoa zenez, bi aldiz pentsatu gabe izena eman nuen.

Barandiaranen ondoan

Baina oroitzapenen tarte honetara ekarri dudan argazkia 1987ko apirilaren 7an Beasaingo Kale Nagusian ateratakoa da. 5. Korrika zen, Beasainen AEK sortu zen urtean. 18 urteko AEKko irakaslea nintzen. Joxe Migel Barandiaranek lekukoa hartu behar zuela eta, berari laguntzen bi irakasle jarri gintuzten, Amaia Arratibel eta biok, parean tokatu ginelako.

Hurrengo egunean, egunkari bateko azalean atera zen argazkia. Amak erosi egin zuen, baina nik zakarretara bota nuen. Hura lotsa! Dena den, amak gorde egin zuen argazkia fotokopiatuta. Ganbaran egongo da nonbaiten. Orain dela  hiru-bat urte Koldo Mitxelenara joan nintzen alabekin, azal haren bila. Argazkiak atera eta gorde egin nituen.

Afarian 300-400 lagun

AEKn hasi berriak ginen eta Korrika antolatzea berria zen guretzat, antolatzen genuen lehenengo Korrika zen, baina oso ondo atera zen. AEK-ko euskaltegientzat dirua lortzeko helburuarekin sortu zen Korrika, garai hartan erakunde nagusiek ez baitzieten dirurik ematen. Beraz, dirua biltzeko eta girotzeko, hainbat ekitaldi egiten zen: Kilometroak saltzea, Korrika Laguna… Korrikaren aurka zeudenak baziren orduan ere, eta era askotako erantzunak entzun behar izaten genituen sarri.

Beasaingo plaza azpian eskualdeko Korrika afaria ere antolatzen genuen. Goierriko elkarte gastronomikoen arteko txapelketa egiten zen, arrain zopa eta haragi gixatua nork goxoago prestatu. Elkarteek prestatutakoa izaten zen afariko menua.

Postrerako, berriz, gozotegiek ijito besoa ematen zuten; okindegiek ogia eta edari banatzaileek edaria. Sekulako giroa sortzen zen, eskualdeko 300-400 pertsona elkartzen ginen.

Euskararengatik, militantziaz

Goiztiri AEK euskaltegian ibilitako urteak oso politak izan ziren. Hasieran lagun talde bat ginen. 18 urterekin hasi nintzen [8 bat urtean aritu nintzen] AEKn euskara eskolak ematen, magisteritza ikasten ari nintzela, euskararengatik, militantziaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>