25 urtetako txupinik melodikoena

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Lazkao Txiki Musika Eskolak botako du aurten San Prudentzio jaiei hasiera emateko txupinazoa. 25 urte bete ditu eta Lazkaoko Udalak, herritar guztien izenean, keinu honekin aitortu nahi izan die egindako ibilbidea.

Nerea Barandiaran (Lazkao, 1975) musika eskolaren sortzaileetako batek esker oneko hitzak izan ditu. Amagoia Naldaiz Kultura zinegotziak duela hilabete inguru egin zion pregoilari izateko proposamena, eta askotariko emozioak arrapaladan etorri zitzaizkiola oroitu du: sorpresa, zirrara, bertigoa… «Egia da musika eskolaren 25. urteurrena aitzakia polita dela, baina ez genuen espero», aitortu du. «Gogotsu gaude. Pregoilari izateak zirrara berezia eragiten digu. Pentsa, herritar guztiak guri begira egongo dira, festa noiz hasiko zain». Herrikideak «festa gosez» nabaritzen ditu. Ardura ere bada, baina. «Abisatu zidatenean halakoetan zer egiten den pentsatu nuen. Nik ez dut sekula pregoirik egin, beti behean izan naiz».

Pregoia, «gutxi gorabehera», prest dute. Barandiaranek ez du asko kontatu nahi izan, «sorpresari eusteko», baina musikarekin lotura duen «zerbait originala» egingo dutela aurreratu du. «Garbi daukagu herria pregoiaren parte sentitu behar dela. Azkenean, musika eskola 25 urtera arte iritsi da lazkaotarrei esker. Horiek dira gure kimuak», sakondu du. Horregatik, eskola komunitate osoari datorren ostiralean, 19:00etan, plazara hurbiltzeko deia egin dio.

Udaletxeko balkoitik

Eskolako irakasleak aterako dira udaletxeko balkoira. «Nahi baino gutxiago izango gara», atsekabetu da. Musika eskolak herriko zenbait eragilerekin batera antolatzen duten Aste Kulturala amaitu berri dute, eta horrek ere denbora eskatzen duenez, pregoia sortzeko lanetan ezin izan dira denak izan. Gainera, sanprudentzioen hasierak eta Aste Santuko oporraldien amaierak aurten kointziditu egiten dutenez,  irakasleren batzuk ez dira hasiera ekitaldian izango.

LAZKAOKO_MUSIKA_BANDA

Lazkaoko Musika Banda musika eskolatik sortu zuten 2019an. Ikasleek eta herritarrek osatzen dute.

Hamazazpi irakasle dira denera egun. Lantalde «zoragarria» dela «garbi» du Baradiaranek. 1996-1997 ikasturtean hiru ziren. Batek, Lurdes Lesmak, jarraitu egiten du. Ikasleak ere urtetik urtera gehitzen joan dira, eta orain laurehun baino gehiago dira. Eskola handitu ahala, lekuz aldatu da: hasierako egoitza Barandiaranen etxea izan zen; San Benito ikastolan eta Gerriko Elkartearen eraikineko azken solairuan ere eman zituzten eskolak; 2000. urteaz geroztik Kultur Etxean ari dira. 2005. urtean ofizialtasuna lortu zuten. Barandiaranek azpimarratu du «mugarria» izan zela.

Ofizialtasunaren aterkipean, Lazkao Txikik gainerako musika eskolen antzeko ikasketa plana du, baina badu berezitasun bat: musika plazaratzeko ekintza «asko» egiten dituzte. «Herrian eragile aktibo bat gara», dio Barandiaranek. «Lau pareten barruan ikasleak jasotzen dituen eskolei ematen diegu garrantzia, noski, baina musika atera beharreko hizkuntza da. Edozein aitzakia ona da gure ikasleei agertoki bat eskaintzeko».

Musika kalera ateratzeko beharra

Maquetación 1Pandemiaren erruz azken urteetan nahi baino plaza gutxiago izan dituzte. «Gogorra izan da», aitortu du. «Jo nahi duenarentzat aukerarik ez izatea ez da erraza. Praktikatzen duzun hori ezin baduzu erakutsi motibazioa galtzen da. Gogorra izan da ikasleentzat, irakasleontzat, gurasoentzat…». «Orain musika jotzeko gogoa badago, baina nolabaiteko nekea ere sumatzen dut. Erabateko normaltasuna berreskuratzeko denbora gehiago beharko dugu oraindik», gaineratu du. «Musika emozioa da eta hori islatzeko indartsu egon behar da».

San Prudentzio festarik ere ez da izan azken urteetan. Horregatik, festen itzulerarekin, maskaren derrigortasuna malgutzearekin eta neguaren amaierarekin, garai berri baten hasiera izatea nahiko luke Barandiaranek. Horregatik, txupinazoari balio are sinbolikoagoa ematen dio. «Gauzak ez dira kasualitatez gertatzen, eta nik horri heltzen diot. 25 urtetan denetarik bizi izan dugu baina pandemiari ere aurre egin diogu. Beste 25 urte ere egingo ditugu».

«Pandemiak gogoarazi digu bizitza ez dela horizontala, gorabeherak dituela. Lazkao Txiki Musika Eskolak ere 25 urte hauetan izan ditu gorabeherak. Bizi garen seinale da hori». Festa lehertzeak emango dien indarrarekin beste 25 urterako indarra hartzea espero du. Beste mende laurden bat suziriaren indarrarekin.

Lazkaoko Udalari, herriari eta ikasleei pregoilari izateko aukera eskertu die berriz. Eta, bide batez, gogorarazi nahi izan du egungo musika eskolaren aurretik ere Lazkaon bazegoela musikarako joera. Txaranga eta koru arloetan, bereziki.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>