Aste Santuko oroitzapenak

Segurako_Aste_Santua

Eskuinean, aingerutxo jantzita nago, Pakori eskutik helduta.

Julen Telleria • Segura

Ume-umetan hasten dira Aste Santuko oroitzapenak nire garaiko segurar gehienongan bezala. Kontzientzia handirik oraindik izan gabe, aingeru jantzi ninduten, argazkian ikusten den eran, elizan egonaldi luze baten ondoren Pakori eskutik hartuta formal-formal kalean zehar.

Garai hartan, orain ez bezala, bakarrik mutikoak janzten ginen aingeru eta trajea lortzea guraso gehienek nahi izaten zutenez, ez zen erraza izaten berau lortzea.

Nazareno ondoren

Hurrengo pausua nazarenotan eman nuen. Hura izaten zen ilusioa! Prozesioa bukatu ondoren, ilaran jarrita, Joxe Prontxiok duroa ematen baitzigun partaide guztioi.

Hemen ere, aingerutan bezala, mutikoak bakarrik janzten ginen eta kasu honetan denontzat adina traje egoten zen. Gogoratzen naiz egurrezko gurutzearekin nola ezpatatan jolasean ibiltzen ginen, eta Lastalako gizonak atentzioa eman orduko berriro nola ilaran jartzen ginen.

Ez dakit Aste Santuen ondorioz den edo, baina gure artean ohikoa da «hi haiz hi nazarenoa!» esamoldea, xelebre antzekoa den jokaera adierazteko.

Txistulari taldean eta koruan

Bi edo hiru urteren ondorenean , komunioa egin ondorenean, nire lagunek monagillotarako pausua eman zuten, eta ni aldiz txistulari hasi nintzen. Aurreneko urtetan udaletxetik elizara bidean Hilleta Doinua joaz eta urteak pasa ahala «haundiagoekin» batera Alostorrea eta Gernika joaz prozesio osoan.

Hainbat urtez jo ondoren berrikuntza garrantzitsu bat izan genuen txistulariok: bereziak bezain beroak ziren traje batzuk egin zizkiguten, hura dotorezia! Hamaika kale buelta emandakoa naiz Joxemariren gidaritzapean, eta ez dut gogoratzen sekula berarengandik hitz bat aurrekoa baino fuerteagorik. A ze pazientzia!

Urteak pasa ahala , ordea, nire lekua koruan aurkitu dut eta horixe da gaur egun prozesioan egiten dudan ekarpena.

Soldadu erromatarren atzetik

Garai haietako gogorapen berezien artean, gogoan dut soldadu erromatarren kapitainak sortzen zuen errespetua eta nola ume guztiak elizkizuna bukatu zain egoten ginen, soldaduen atzetik martxa bizian udaletxera bidean korrika joateko.

Baita ere, arratsaldeetan ikastolatik aterata eliza barruan Kalbariotara nola joaten ginen, egonaldiak eginez eta kartoi zaharkitu bateko 14 egonaldiak abestuz elizari buelta ematen genion.

Eta bijilia ere egiten genuen bai. Ostiraletan ezin zen haragirik jan. Zergatia zein zen gehiegi ulertu gabe egiten genuen.

Naturaltasunez

Seguran gure garaikideek Aste Santua eta prozesioa naturaltasunez egin izan dugu, ez dugu zalantzan jarri beste era batean izan zitekeenik ere. Gaur egun kontuak bestelakoak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>