«Lagunak, gehienetan, musean aritzen gara»

Barandiaran-anaiakEuskal Herriko Mus Txapelketan parte hartu berri dute Adur eta Mikel Barandiaran Murua anaiek (Ataun, 2002 eta 2000). Ataungo kanporaketa irabazi eta Gipuzkoako txapelketan onenen artean amaitu ostean, Baigorrin ospatutako probarako sailkatu ziren.

Zer moduzko esperientzia izan da Euskal Herriko txapelketa?
Adur Barandiaran: Emozionantea izan zen. Nik, behintzat, oso ondo pasa nuen.
Mikel Barandiaran: Hasieran ez genuen espero horren urrutira heltzea. Sari bat izan da.

Emaitza aldetik ere, gustura?
A.B.: Ez, ez zitzaigun saio ona atera.
M.B.: Zortea ere ez genuen lagun izan. Partidetan tanto asko lortu genituen, baina ez genuen bukatzen jakin. Emaitza aldetik txapelketa txarra izan zen, baina esperientzia ona. Lehen aldia genuen txapelketan, beraz, esperientzia falta ere nabaritu genuen.
A.B.: Emaitzak ez du jokoa islatzen.

Espero zenuten maila eta partaide kopuru hori?
A.B.: Nik, bai.
M.B.: Lurralde batzuetatik partaide gutxi joan zirela iruditu zitzaidan. Bizkaitik, soilik, hamar bikote joan ziren adibidez. Bestalde, Gipuzkoatik zein Nafarroatik 32 bikote joan ginen bakoitzetik. Zifra politak dira. Gipuzkoako txapelketan ere ia ehun bikote elkartu ginen.

Tartean, gazte asko?
M.B.: Adineko asko zeuden, baina gazteak ere dezente. Batez ere, Gipuzkoako txapelketako finalean. Euskal Herrikoan, gutxiago. Gazte gehiago animatzea gustatuko litzaidake.

Zuek nolatan hasi zineten musean?
M.B.: Nik hamabi bat urterekin ikasi nuen musean, Sorian oporretan geundela.
A.B.: Aitak irakatsi zigun.
M.B.: Gerora, udako gauetan, lagunak elkartu eta musean jokatzen hasi ginen Ataunen. Txapelketa asko ez ditugu jokatu, baina lagunartean asko aritzen gara. Arratsaldeetan elkartzen garenean, gehienetan, musean aritzen gara.

Ataunen, beraz, badago zaletasuna. Herriko kanporaketa zuek irabazi zenuten.
M.B.: Bikote gehien bildu zituen kanporaketan izan zen, 26 bikoterekin. Eta, bai, guk irabazi genuen.

Hortik Gipuzkoako finalera.
M.B.: Bai, Seguran.
A.B.: Lau partida jokatu eta hiru irabazi genituen. Ia ehun bikotetik, zortzigarrenaren eta hamaseigarrenaren artean sailkatu ginen.

Beste txapelketarik ba al duzue begiz jota?
M.B.: Ni Ataungo mus liga jokatzen ari naiz. Finalerdietan gaude orain.
A.B.: Inguruan beste txapelketarik badago, agian, joango gara.
M.B.: Ataunen, bertan ere, ugari egiten dira: Oargikoa, San Gregorioko jaietakoa, San Martingoetakoa, Mus Eguna…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>