Lan erreforma

Irantzu_AmundarainIrantzu Amundarain • Zuzenki (Lazkao)

Espainiako boletin ofizialean, 2021eko abenduaren 28an,  32/2021 errege Lege-dekretua argitaratu zen. Errege Lege-dekretu honek enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan merkatua eraldatzeko premiazko neurri berriak erregulatzen ditu. 2021ko abenduaren 31n sartu ziren indarrean neurri gehienak; lan kontratu berriei dagozkien aldaketak berriz, 2022ko martxoaren 30ean, eta bitartean, kontratu «zaharrak» jarraitu dute indarrean.

Erreforma honen helburuetako bat kontratuen aldi baterakotasunarekin amaitzea da. Horregatik kontratu bat egiterako garaian, arau orokorra, hasieratik behin-betiko kontratua edo kontratu mugagabea egitea izan behar da. Dena den, salbuespen gisa eta kasu konkretuetarako onartzen dira oraindik aldi baterako kontratuak. Hainbat aldaketa izan dira lan kontratuetan.

  • Obra edo kontratu zerbitzuak desagertu dira. Orain arte hain erabiliak izan diren kontratu hauek batez ere sektore batzuetan, jada ezin dira erabili.
  • Formakuntza kontratuak:  Ikas-ekinezko prestakuntza kontratua: Soldatapeko lana eta formakuntza konpatibilizatzen ditu.3 hilabeteko gutxieneko iraupena izan dezake eta 2 urtera arte luza daiteke gehienez. Lehengo urtean jardueraren %65 lanean egingo da eta %35 formakuntzan. Bigarrengoan, %85 lanean eta %15 formakuntzan. Praktika profesionala lortzeko prestakuntza kontratua: Sei hilabetetik urtebetera arteko iraupena izango du.
  • Aldi baterako kontratuak:  Ustekabeko igoerak eta aldi baterako desoreka dakarten jardueraren gorabeherak konpontzeko kontratuak: Hauek gehienez sei hilabeteko iraupena izango dute eta hitzarmenak baimenduz gero, urte bat arte luzatu ahal izango dira.  Noizbehinkako egoerak, aurreikusteko modukoak eta iraupen laburrekoak eta mugatuak diren lanak egiteko kontratuak: Urte naturalean ezingo dira 90 egun baino gehiago lan egin kontratu mota honekin. Garrantzitsua aldi baterako kontratuetan, langile bat 24 hilabeteko epean 18 hilabetetik gora kontratatuta egon bada, lanpostu bererako edo desberdinerako, enpresa berdinean edo enpresa- talde berarekin, bi edo kontratu gehiagorekin, zuzenean edo ABLEen bidez, langile horri kontratu mugagabea edo behin-betikoa egin beharko zaio. Gauza bera gertatuko da, langilea, jada okupatua egon den lanpostu bat betetzeko kontratatzen bada. Lan postu hori 24 hileko epean 18 hilez okupatua egon bada, langile berriak epe horiek bete ez arren, bere kontratuak mugagabea izan beharko du momentua iristean. Ordezkapenerako kontratuak: Gehienez 15 egunez, ordezkatuaren eta ordezkoaren aldi bereko prestazioa baimentzen da. Oporrak ordezkatzeko aldi beterako desoreka dakarten gorabeherak konpontzeko lan kontratuak erabiliko dira.
  • Aldizkako kontratu finkoa:  1) Urteko lanetarako edo sasoiko ekoizpen jarduerei lotutako lanetarako hitzartuko da, edo aldizkako prestazio lanetarako. 2) Enpresak bere ohiko jarduerak gauzatzeko merkataritzako edo administrazioko kontratuak gauzatzen dituenean ere, kontratu hauek egin ahalko dira. 3) Era berean, ABLE baten eta lagatzeko kontratatutako pertsona baten artean egin ahal izango da. Kontratazio berrien kasuan, esanguratsua da baita ere, 30 egun baino iraupen txikiagoko kontratuak zigortuak izango direla eta gizarte segurantzan errekargua izango dutela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>