Zarraparraz, rockaren zaindariak

Zarraparra_kolektiboa

Zarraparraz taldeko Iñigo Igartza, Borja Aranburu, Gaizka Oiartzabal, Jon Serrano eta Javi Alonso, Urretxuko Motz tabernan.

Zarraparraz Urretxu eta Zumarragako rock zale talde batek osatzen du. Hilaren 23an Poligrafo Fest jaialdia egingo dute.

Musikaren historian estilo iraultzailerik izan bada, hori rocka da. Gaztetasunaren, indarraren eta bizipozaren sinboloa izan da urte luzetan, besteak beste. Azkenaldian pattal samar dagoela dirudi, baina Zarraparraz kolektiboak bizirik dirauen bitartean, rocka ez da hilko. Hilaren 23an Poligrafo Fest jaialdiaren zazpigarren edizioa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Polybius, Tzar, Messura eta Tiburona taldeek joko dute.

Zarraparraz duela zortzi urte sortu zuten. «Hasieran, kontzertuak Motz tabernan antolatzen genituen. Ondoren, parkeetara eta plazetara atera ginen. Urtero 30 bat kontzertu antolatzen genituen. Diru murrizketak zirela eta, horrenbeste kontzertu egiteari utzi eta bi jaialdi antolatzeari ekin genion: Poligrafo Fest apirilean Urretxun eta ZZ Rock urrian Zumarragan. Iaz hirugarren bat ere antolatu genuen, Tximista Fest, Zumarragako Izazpi auzoan. Extra bat izan zen», azaldu du Borja Aranburuk.

Talde bakarreko kontzertuak berreskuratzea pentsatzen ari direla gehitu du Aranburuk. «Normaltasunera iristen garenean, beharbada talde bakarreko kontzertu txikiren bat ere antolatuko dugu. Izan ere, erantzun ona izaten zuten».

Balorazio positiboa

Gustura daude zortzi urte hauetan egindako ibilbidearekin. «Kontzertuetara, herriko jendeaz gain, inguruko herrietako jendea egortzen da: Legazpitik, Beasaindik, Lazkaotik… Beti dago hobetzeko aukera, baina gustura egoteko moduan gaude», azaldu du Gaizka Oiartzabalek. «Esan bezala, hasieran egun baino kontzertu gehiago antolatzen genituen. Kontzertu gutxiago antolatzen ditugunetik, jendeak gehiago eskertzen du gure lana. Are gehiago, pandemiaren ondoren. Jendea kontzertuez gozatzeko irrikatan dago», gehitu du Jon Serranok.

Pandemian zehar ez zuten ekitaldirik bertan behera utzi, baina kontzertu batzuk streaming bidez izan ziren. «Zortea alde izan genuen. Guk ZZ Rock egin eta astebetera ordiziarrek Ordiziarrock bertan behera utzi behar izan zuten».

Urtero bi jaialdi antolatzen dituzte: Poligrafo Fest Urretxun eta ZZ Rock Zumarragan
Aurtengo Poligrafo Festeko taldeak elkarren ezberdinak dira, eta hala, publiko ezberdinengana heltzea espero dute

Urte hauetan guztietan, musikaz gozatzeaz gain, lagun asko egin dituzte. «Inguruko jaialdietako antolatzaileak eta talde askotako kideak lagunak ditugu jada. Elkarkidetzari esker, gure kabuz ekartzerik izango ez genituzkeen taldeak ekarri ahal izan ditugu. Elkarkidetza geroz eta garrantzitsuagoa da, geroz eta jende gutxiago baitago lan egiteko prest. Jendeak ondo pasatu nahi du, ez lan egin. Hemen ere, bospasei gara lanean aritzen garenak», azaldu du Oiartzabalek.

Rocka ez da hil

Zenbaitzuk rocka hil egin dela diote, baina Zarraparrakoak ez dira iritzi horretakoak. «Azkeneko ZZ Rock jaialdira jende asko etorri zen. Eta gazteak ere etortzen dira», aipatu du Aranburuk. «Rocka ez da hil. Gure jaialdietara beti etorri da jende asko. Batzuetan batez besteko adina altu samarra izan da, baina gazteak ere reggaetoia ez diren gauzak entzuten hasi dira. Edo beharbada gu asko zahartu gara eta horren gazteak ez direnak ere gazteak iruditzen zaizkigu…».

Adin eta gustu ezberdineko jendearentzako egokiak diren taldeak ekartzen saiatzen dira. «Gehienetan, Borja eta Gaizka dira taldeak aukeratzeaz arduratzen direnak. Iaz talde bat aukeratzen utzi zidaten eta betirako gustura gelditu nintzen», dio Serranok txantxetan. «Aurtengo Poligrafo Festeko lau taldeak nik lotu ditut eta Borjak ez duela bakar bat hautatu leporatu dit. ZZ Rockekoak berari utziko dizkiodala esan diot. Ondo moldatzen gara», aipatu du Oiartzabalek.

Taldeak, jendea askoren gustukoak izateaz gain, ezin dira garestiak izan. «Asko kobratzen duen talde bat ekartzen badugu, bi bakarrik ekarri ditzakegu. Merkeago bat ekartzen badugu, beste bi edo hiru ekartzeko aukera dugu», azaldu du Aranburuk.

Aurtengoa, «arraroa»

Aurtengo Poligrafo Fest jaialdia orain arteko «arraroena» dela dio Oiartzabalek. «Estiloa aldatu dugu. Normalean egiten dugun horretatik irten egin gara. Tiburona taldeak orain arte ekarri ditugun taldeen antz handi samarra du, baina Messura ezberdina da eta Tzar zer esanik ez…», azaldu du. «Tzar Hezurre Fest jaialdirako egokia da», gehitu du Aranburuk. «Aurtengo lau taldeak elkarren ezberdinak dira eta horrekin publiko ezberdinengana heltzea espero dugu».

Askotan ezin dituzte nahi dituzten taldeak ekarri. «Batzuk ezin dira etorri, beste batzuk ez dute erantzuten edo berandu erantzuten dute… Hasieran pentsatzen duzunetik lortzen duzunera aldea egon ohi da. Aurten ere hori gertatu zaigu. Tatxers eta Gailu ekarri nahi genituen eta, azkenean, ez bata eta ez bestea».

Serranok duela bi urte bete zuen bere ametsa. «The Unfinished Sympathy taldea ekarri nahi nuen eta ekartzea lortu nuen», azaldu du. «Iaz Bad Manners ekartzen saiatu ginen, baina aurrekontuak ez zuen horrenbesterako ematen. Baina duela urte batzuk Deltonos ekartzea lortu genuen. Sekulakoa izan zen, nahiz eta euria egin zuen. Moonshine Wagon ere hemen egon ziren. Ekarri genituenean ez ziren egun bezain ezagunak», gehitu dute Aranburuk eta Oiartzabalek.

Zortzi urtetan dozenaka kontzertu antolatu dituzte eta horietako asko gogoangarriak izan dira. Aipatutako talde horietaz guztietaz gain, Sex Museum, Nuevo Catecismo Catolico, Los Chicos eta Northagirres taldeek jo dute Urretxun eta Zumarragan, besteak beste.

VII. poligrafo fest

Jaialdiaren zazpigarren edizioa Urretxuko Gernikako Arbola plazan izango da. Hilaren 23an, 19:00etan hasita. Lau taldek joko dute.

  • 19:00: Polybius. Zestoako talde honek pop musika jotzen du. Taldeko kideetako bat, Raul Olaizola, Urretxun bizi da egun.
  • 20:20: Tzar. Lazkao-Hondarribiako talde honek stoner-hardcore musika egiten du. Bi disko grabatu ditu Mikel Anestesiarekin. «Talde kañeroa da. Normalean rockeroagoak ekartzen ditugu».
  • 21:50: Messura. Indie musika jotzen duen talde hau Logroñokoa da. David Burgui urretxuarra taldeko kidea da. «Poligrafo Fest jaialdian jo nahi zutela esan zigun eta tokia egin diegu, noski», azaldu du Oiartzabalek.
  • 23:30: Tiburona. Tiburona Madrilgo neska talde batek osatzen du. «Beste hiru taldeak baino rockeroagoa da. Nahita aukeratu dugu neskez osatutako talde bat».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>