Idazteko argi nahiko dago foku handietatik kanpo

lu-pexels-tirachard-kumtanom-733856

Goierrin euren buruarentzako idazten duten idazle amateur ugari dago. Argitaratzen duten kasuetan edizio txikiak eta eurek ordaindutakoak izaten dira.

Xabier Mendiguren Elizegi idazleak eta editoreak Kike Amonarriz telebista aurkezleari Tribuaren Berbak saioan esan zion Goierritik ez direla idazle asko atera historikoki. «Nahikoa lurralde pobrea izan denez jendeak nahikoa lan zuen bizimodua aurrera ateratzearekin», arrazoitu zuen. Halere, XX. mendearen bigarren erditik hona joera aldaketa nabaritu du. Aitor Arana, Tere Irastortza, Patxi Zubizarreta… Gazteak ere badatoz atzetik: Uxue Perez Mujika eta June Aiestaran Iparragirre ikasleek, esaterako, Urruzuno Literatura Lehiaketako garaileetako bi izan ziren iaz.

Seguruenik, lehen ere izango ziren idazten eta irakurtzen zekitenen artean lumarekin aritzen zirenak. Baina idatzitakoak zabalkunde txikia zuenez, haien izenak ez dira egundaino heldu. Gaur egun, behintzat, asko dira zaletasun hutsagatik idazten duten goierritarrak, sarien eta argitaletxe handien sonatik kanpo. Juan Sanchez Castro beasaindarra da horietako bat. Liburu bat plazaratzea hitz handiak direla dio, eta  erosoago sentitu dela bere buruarentzat idazten. «Besteentzako baino, niretzako hasi nintzen idazten, barruak husteko», azaldu du. «Formula terapeutiko eraginkorra da. Ni behintzat, beste ezerk baino gehiagok erlaxatzen nau», aitortu du. «Ez dakit zer duen, baina zerbait berezia badauka, zerbait psikologikoa. Duela 30 urte hasi nintzen idazten eta ez dut sekula utzi».

Maquetación 1Poesia idazten du nagusiki. «Naturalagoa iruditzen zait, intimoagoa», dio. Momentu onetako eta txarretako bizipenak idazten ditu, gerora irakurri eta birgogoratzeko. «Mordoxka bat» pilatutakoan din A4 orri zurietan inprimatzen ditu eta kartulinarekin egindako azal garbiekin eta grapekin liburuxka formatua ematen die. «Halakoak dira nire argitalpenak», dio harro, xumeak izan arren.

«Jendearengana iristeko ez dago sekulako ediziorik egin beharrik», defendatu du. «Itxialdian Facebooka erabiltzen hasi nintzen. Nire poesiak editatu eta bertara igotzen ditut. Whatsapp bidez ere elkarbanatzen ditut. Espero nuena baina zabalkunde handiagoa dute, eta harrera ona izaten dute orokorrean», kontatu du.  Horrek analogikoan edizio landuagoak egiteko harra apur bat piztu diola ez du ukatzen.

Kristina Galarraga Zeberio idazle amateurra kexu da argitaletxe handiek hasiberriei aukerarik ez dietela ematen. «Autoedizioa da argitaratzeko aukera bakarra». Berak lau liburu ditu argitaratuta eta laurak autoedizioak izan dira. Hau da, bera arduratu da idatzitakoari liburu formatua emateaz, nahiz eta beti Rubric argitaletxe bizkaitarraren laguntza izan duen.

Maquetación 1Galarragaren argitalpenak arrakastatsuak izan dira. Esaterako, Eleonora la hija del bosque eleberriak lau edizio izan ditu eta 400 ale baino gehiago saldu ditu; La mirada de Mikel, berriz, audioliburu formatuan ateratzeko lanetan dabil  ONCErekin, ikusmenean arazoak dituen mutil gazte bat baita protagonista. «Izen handiko idazlea ez bazara argitaletxeei ez zaizkie halako gaiak interesatzen. Nola bilakatu aberats, nola ikasi ingelesa, nola ligatu… nola, nola, nola. Soilik formula magikoak interesatzen zaizkie. Baina bizitzan ez dago halakorik. Bizitzan momentu gozoak eta gogorrak daude, eta literaturak guztiak kontatu behar ditu».

Galarragaren eleberrietan ohikoak dira gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonaiak, etorkinak, jaiotza eta heriotza, natura… «Unibertsalak dira», arrazoitu du. «Maitasuna liburu guztietan dago presente. Uste dut irakurleak eskertzen duela».

Galarragak poemak, haikuak eta kontakizun laburrak ere idatzi izan dituen arren, nahiago du eleberria landu. «Hasieran nobelak idazten ez nituen arren, buruak eskatu egiten zidan, ideiak banituelako. Gero, irakurleek eskatzen zidaten. Eleberrietan hari mutur solte bat uzten dut amaieran, eta jendeak jarraitzeko eskatzen zidan», egin du bilakaera. Idazlearen burua beti lanean dabilela dio, ideiai bueltaka behin eta berriz. «Idaztea magikoa da. Idazteari esker imajina dezakedan edozein unibertsotara bidaiatu dezaket edozein momentutan».

Sanchez gustura dago errimen munduan. Eleberrien aldean «lehengusina pobrea» izan dela dio, baina aldatzen ari dela, indarra hartzen ari delakoan. Atzetik datozen gazte asko irakurtzen dituela dio, tartean, Imanol Salsamendi Iglesias herrikidea. El prologo de mi vida poesia bilduma argitaratu zuen iaz. Berak ere autoedizioarekin argitaratu zuen, Circulo Rojo argitaletxearen laguntzarekin.

Sanchezek poesiak fintzen lagundu zion. Idazle amateurren artean elkar laguntzea ohikoa dela dio. Galarragak ere berdin uste du. Sarean idazleen arteko hartu-eman handia dagoela diote: elkar irakurtzen dira, zuzendu, gomendatu, ikasi… «Teknologia berriei esker saretuta gaude, nolabait esatearren. Ez soilik goierriko idazleak, baita atzerrikoak ere», zehaztu du Galarragak. Are, Galarragak bere eleberrietan idazle amateur lagunen pasarteak txertatu ohi ditu, keinu gisa.

Zaletasuna, ezin lanbide bilakatu

Gaiak gai eta arrakastak arrakasta, ordu asko sartu arren literaturatik aberasterik ez dagoela gordin dio Galarragak. «Salmentetatik lortutako dirua edizioa eta inprimategia ordaintzeko dira», azaldu du. Dirua sarien bidez lor daiteke. Galarragak oroitu du, gaztetan, Coca Colaren idazlan lehiaketa bat irabazi zuela. Sanchezek ere behin baino gehiagotan hartu du parte lehiaketetan, «idazle mundua gehiago ezagutzeko». «Leo Messirekin futbolean jokatzeko aukera banu, partida bat ere botako nuke, nahiz eta ziur galdu», sakondu du erdi txantxetan. Berari, baina, ez zaio gaizki joan, hainbat sari irabazi baititu.

Amateurismoa gainditzea oso zaila da hala. «Saririk politena irakurleen erantzuna da», kendu dio garrantzia Galarragak. «Irakurleen animoek jarraitzeko indarra ematen didate. Bitaminak dira. Beste idazleak irakurtzen gozatzen dudanaren apur bat gozatzen badute nire lanekin, ni pozak zoratzen!».

Sanchezek ere edonor animatu du idaztera. «Hasi, hasi hitz solteekin, esaldi sinpleekin. Animatu». Berak hitz sinpleak erabiltzen dituela dio. «Ongi ulertarazteko modurik onena ohiko hitzekin idaztea da. Idazle izateko ez da hitz arraroez abusatu behar».

Idaztearen abantailak

Luma_eta_tintaIdaztea garunarentzako onuragarria dela frogatu dute hainbat ikerkuntzak. Egunero gutxienez hitz batzuk idaztea gomendatzen dute adituek, eskuz edo ordenagailuan.

  • Mezua argitasun handiagoarekin. Idazterakoan hitzak ahoz baino gehiago neurtzen dira eta mezua hobe ulertzen da.
  • Estres gutxiago. Ideiak egituratzeak burua argitzen laguntzen du.
  • Erabaki hobeak. Burua argiago eta ideiak egituratuta izanda, erabakiak errazago hartzen dira.
  • Burua arinago. Idazterakoan garuna piztu egiten denez, erreflexuak arintzeko aproposa da.
  • Kontzentrazio handiagoa. Idazteak iraupen luzeko arreta eskatzen du. Kontzentrazioari eusten ikasten da.
  • Barne ezagutza. Norbere burua ezagutzen laguntzen du idazteak, barrutik kanpora egiten delako.
  • Poztasuna. Orokorrean, idazteko joera duten pertsonak alaiago bizi dira.

Idazteko, irakurri

Liburutegi-datuakIdaztea eta irakurtzea, kasu gehienetan, eskutik doaz. Galarragak eta Sanchezek biek dute irakurtzeko ohitura: inspiratzen laguntzen die, hiztegia aberasten,  irakurlearen larruan jartzen laguntzen die idazterako garaian…

Goierriko liburutegien erabiltzaile kopurua lehengora itzuli zen 2021ean, itxialdiagatik irakurle ugari galdu ostean. 25.000 erabiltzaile izan zituzten iaz eskualdeko liburutegiek, zehazki; emakumezkoak izan ziren hamarretik sei, gutxi gorabehera. Helduen artean, liburutegi guztietan izan zire gehiengoa. Zumarragakoa izan zen guztira erabiltzaile gehien izan zituen liburutegia.

67.000 liburu pasa mailegatu ziren. Gaztelaniazkoak, nagusiki. Soilik herri txikietan irakurtzen da  euskarazko helduen literatura gehiago gaztelaniazkoa baino:  Ataunen, Ezkion eta Itsason, Gabirian, Ormaiztegin eta Seguran. Aldiz, haurren literaturan euskara da hizkuntza nagusia.

Pandemiarekin sekulako gorakada izan zuena eta eutsi egin diona liburu elektronikoen mailegua izan da. Urtetik urtera hazten ari zen zerbitzua zen arren, 2020an ia bikoiztu egin ziren duela hiru urteko emaitzak. Iaz ia 16.000 maileguetara iritsi zen, 2020an baino %25 gehiago.

Aldiz, iaz erabiltzaile kopuruak behera egin zuen. 2020an 500 erabiltzaileren muga gainditu zen arren, 2021ean pandemia aurreko zifretara ez zen heldu. Beasaindarrak dira liburu elektroniko gehien mailegatzen dituzten goierritarrak. Alde handiz gainera. Hiru liburutik bat mailegatzen dute beraiek, gutxi gorabehera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>