«Orduak egin nitzake musikak dituen onurak zerrendatzen»

Maddi_Otamendi_Irizar_

Maddi Otamendi Irizarrek (Beasain, 1994) musika arloko ikasketak egin zituen. Muxutruk erromerian, Loinatz abesbatzan eta Gontzal Mendibilekin aritu arren, Andramendi Ikastolako irakaslea da. «Denoi gustatuko litzaiguke eszenatik bizi ahal izatea, baina oso-oso zaila da».

Musika irakaslea zer da, musikari ala irakasle?
Musikari hitz handia iruditzen zait, baina egia da musika ikasketak egin ditudala eta hainbat proiektutan nabilela. Tartean, irakasle lanetan. Baina etiketak ez zaizkit gehiegi gustatzen.

Andramendi ikastolako musika irakaslea zara. Bertan ikasi zenuen?
Ez, Alkartasuna Lizeoan ikasi nuen. Salamancan (Espainia) jarraitu nuen gero eta amaitutakoan hasi nintzen ikastolan.

Nolatan?
Parean tokatu zitzaidan. Musikologiako gradua, eta aldi berean, piano eta kantu lirikoko Erdi Mailako Heziketa Zikloak egin nituen aurrena, eta ondoren, master bat. Amaitzear nintzela, argi nuen ez nuela doktoretza bat egin nahi, gehiegi zelako. Justu orduan ikastolan irakasle bila zebiltzala jakin nuen eta Irakasgaitasun Ziurtagiriaren masterra atera nuen irakaskuntzan hasteko.

Gustura?
Oso gustura. Ikastolaz gain musika eskolan ere ibili naiz eta ez dut kexarik.

Ikastolako edo musika eskolako irakasle izatea desberdina izango da, ala?
Ez daukate zerikusirik, baina biek dauzkate gauza politak. Ikastolan, adibidez, 3 urtetatik 16ra arte ematen dut: horren adin anitzetan musika irakastea oso aberasgarria da niretzat; musika eskolan, berriz, instrumentu bat pertsonalki irakatsi ahal izatea oso polita da. Adinekoekin ikastaro bat egiteko aukera ere izan nuen eta oroitzapen politak ditut.

Ikasleen formakuntzan musika ezinbestekoa da?
Pertsonaren garapenerako ezinbestekoa da musika. Musikarekin lantzen da, adibidez, entzumena. Gure zentzuetako bat denez, oinarrizkoa da; aldi berean, koordinazioa, kontzentrazioa, gorputzaren erabilera, ahotsa… lantzen dira. Jendaurrean hitz egin ahal izateko tresnak bereganatzen dituzte ikasleek, esaterako. Lotsa gainditzen ere ikasten da. Orduak egin nitzake onurak zerrendatzen.

Duen garrantzia eta eskaintzen zaion denbora parean daude?
Astean ordu gehiago eskainiko nizkioke nik. Baina ez soilik musikari, arteei orokorrean [Otamendi plastikako irakaslea ere bada ikastolan]. Arteak, orokorrean, egungo banaketan anekdota hutsean gelditzen dira askotan.

Eta curriculuma? Osotasun nahiko du?
Gauza gehiago egin daitezke, bai, baina musikaren alde ezberdinak lantzeko aukera ematen du, gutxienez.

Musikaren munduan B plana izatea beharrezkoa da?
Denoi gustatuko litzaiguke eszenatik bizi ahal izatea, baina oso-oso zaila da. Eduki beharra dago beste plan bat, oinarrizko diru sarrera egonkorrago bat. Horrek bestelako proiektuak egiteko denbora uzten badizu, hobe. Gainera, musika munduan, eszenatik kanpo behintzat, lana egon badago.

Gontzal Mendibilekin egin dituzu aktuazio batzuk, Loinatz abesbatzako kide zara, Muxutruk erromeriako pianista… Garai onak dira?
Muxutrukekin kontzertu pila bat ditugu, hamar bat edo. Beasaingo festetan joko dugu, adibidez. Gu beasaindarrak izanda berezia da herrian jotzea. Aurretik Mariren Jaitsieran eta txosnetan jotakoak gara, eta sekulakoa da. Bideluze plazan joko dugu aurten. Eta atzera begira azken hilabeteak ere onak izan dira: Inauterietan jo genuen, Tolosan, Elgoibarren ere bai…

Plazak ezinbestekoak izango dira musikarientzat, eta pandemiak luze jo du.
Muxutruken 2019an hasi nintzen, kuadrillako baten bidez. Kontzertu gutxi batzuk egin eta gero etorri zen pandemia, eta oso frustrantea izan zen. Baina ez ginen geldi egon: lan asko egin genuen, entsegu asko, eta errepertorioa hiruzpalau ordura arte luzatu dugu. Sei ere egin ditzakegu. Hori lan asko da. Kontuan eduki ez garela hemendik bizi, bakoitzak bere zereginak dituela eta ez garela denak Beasainen bizi. Orduan, bostok elkartzea ere ez da erraza. Eta entsegura bakoitzak joan behar du bere zatia jakinda. Horrek esan nahi du etxean ere eskaini behar diozula denbora.

«Musikaren munduan eduki beharra dago beste plan bat, oinarrizko diru sarrera egonkorrago bat»
«Arteak, orokorrean, anekdota hutsean gelditzen dira egungo hezkuntza banaketan»

Egunero entzuten duzu musika?
Egunero, edozein momentutan. Denetarik entzuten dut: euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz…

Disko bat?
Diskoak osorik entzuteko ohitura galdu dut. Baina bateren bat aukeratzekotan Berri Txarraken diskografia osoa, Benito Lertxurdiren Hitaz Oroit, Paramoreren After Laughter, Adeleren 21…

Abesti bat?
Boladak izaten ditut. Gustuko abesti bat harrapatzen badut behin eta berriz entzuteko gai naiz eta, gero, utzi, eta beste bat hartu.

Egunero abesten duzu? Eta jo?
Abestu ere sarri egiten dut, baina lehen gehiago jotzen nuen. Orain ez dut nahi beste denbora.

Zenbat instrumentu dakizu jotzen?
Txukun, bat: pianoa. Txikitan trikitixa ere ikasi nuen, baina orain bi abesti bakarrik jotzeko gai izango nintzateke; panderoa jotzen ere badakit, apur bat; Gitarra eta ukelelea ere zertxobait bai. Baina ikasitakoa nire kabuz egin dut; Eta musika eskolan txistua ikasten ari naiz.

Musikarekiko lotura nondik datorkizu?
Etxetik: aitona Coral Loinazeko kidea zen; Martin eta Pello Irizar osabak ere txaranga munduan ibilitakoak dira; amonak, amak, izebak… abestu egiten dute; ahizpak ere pianoa jotzen daki…

Txikitatik zenuen argi musikara bideratuko zenuela zure ibilbide profesionala?
Ez pentsa. Biologia egitekoa nintzen, eta batxilergo zientifikoa egin nuen horretarako. Baina ez zela niretzat ikusi nuen eta azken unean aukeratu nuen musikologia. Euskal Herrian ez dago musikologia ikasketak egiteko aukerarik eta azkenera arte ez nuen bere berri izan.

Musika ikasi nahi duen norbaiti zein aholku emango zenioke?
Denetatik probatu dezala. Landu dezala arlo praktikoagoa musika eskolan eta teorikoagoa kontserbatorioan.

Itzuliko zinateke ikasle garaira?
Itzuliko nintzateke, baina kritikoa naiz kontserbatorioarekin. Metodologia eta errepertorio aldetik oso eremu kontserbadorea da. Adibidez, kantu lirikoa baino nahiago nuen modernoa ikasi, baina ez dago horretarako aukerarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>