«Ezagutzan erabileran baino salto handiagoa egon da»

Alberdi-3

Jexuxmari Alberdik (Urretxu, 1959) 39 urte eman ditu Urretxuko Udaleko Euskara teknikari postuan. Lau hamarkada euskararen alde lanean. Uztailean hartuko du erretiroa. Alberdik arrastoa utziko du, bai Euskara teknikari gisa eta baita lankide gisa ere. «Pena handia ematen digu» esan zuen bere lankide batek elkarrizketa egiten hasi aurretik.

Ze ikasketa egin zenituen.
Lehenengo ikasketak Labeagako mojen ikastetxean egin nituen, 7 bat urterekin La Sallera joan nintzen eta 14 urterekin institutura. Institutuko garaien oso oroitzapen ona dut: etxetik institutura, institututik frontoira eta plazara. Futbol pixka bat eta pilotan asko. Frontoian ordu asko pasatzen genituen. Ondoren, Ingeniaritza ikasketak egin nituen, Donostiako Amara auzoan, Peritu eskolan.

Nolatan hasi zinen Urretxuko udaletxean lanean?
Ingeniaritza ikasketak bukatu ondoren, 22 urterekin, soldadutzara joan nintzen. Soldadutzatik itzuli nintzenean, udaltzain bat etorri zen gure familiaren dendara, eta atean iragarki bat jartzeko baimena eskatu zigun: euskarazko itzultzailea kontratatzeko deia zen. Izena eman nuen eta handik egun gutxi batzuetara azterketa egin genuen. Bigarren gelditu nintzen, eta lehenengoak uko egin zion lanpostuari. Hala, ni hartu ninduten.

Donostian Ingeniaritza ikasketak egin zenituela aipatu duzu. Zure gurasoek ez al zuten nahiago zuk ingeniari bezala lan egitea?
Ez dakit, baina pozik jarri ziren udaletxean hasiko  nintzela lanean jakitean. Soldadutzara joan aurretik herriko ikastolan ordezkapen bat egin nuen, irakasle.

Familia euskaltzalekoa zara.
Bai. Etxean euskaraz egin dugu beti. Gurasoak euskaldunak ziren, amona etxean genuen eta bera ere euskalduna zen, baserrikoa gainera… Amona Mendizabal baserrikoa zen eta gure ama Santiñe baserrikoa. Aita, berriz, Eitzagakoa.

Nola gogoratzen dituzu Urretxuko udaletxean lanean eman zenituen lehen urteak?
1983an hasi nintzen. Legealdi hartan Juanito Arbizu zen alkatea. Zinegotzien artean Jose Mari Lasa eta Jose Luis Garmendia zeuden. Beraiek arduratzen ziren euskararekin lotutako kontuez;  Kaixo aldizkariaz, adibidez. Garai hartan administrazio funtzionamendua neurri handi batean gazteleraz zen, eta lan bolumen handiena gazteleratik euskarara itzultzea zen. Gainera, ez genituen egungo baliabideak. Bi hiztegi erabiltzen nituen: Luis Mari Mujikarenak biak. Bata euskarazkoa zen eta bestea gaztelerazkoa. Hasieran iragarkiak eta aktak itzultzen nituen batez ere. Bulego orokorrean lan egiten nuen. Hasieran idazteko makinarekin lan egiten genuen, ondoren idazteko makina elektrikoa iritsi zen eta geroago ordenadorea heldu zen.

Zure lana izugarri aldatuko zen 39 urte hauetan.
Bai horixe! Itzulpenari dagokionez, ikaragarri aldatu da. UZEI erakundeak hiztegi espezifikoak sortu zituen: administrazioari, ekonomiari, biologiari… buruzkoak. Egun itzultzaile neuronala daukagu. Eusko Jaurlaritzaren aplikazio hori oso ona da: testua jarri eta berehala egiten du itzulpena; hori bai, gainbegiratu egin behar da modu automatikoan sortutako testua.

Garai batean baino askoz ere baliabide gehiago dituzue, baina zuen funtzioak ere garai batekoak baino gehiago izango dira beharbada.
Gaur egun garai batean baino funtzio gehiago ditugu, bai. Euskara teknikariak euskararekin lotura duten gai guztiez arduratzen gara. 1990eko hamarkada hasieran udaletxeko langileen hizkuntza eskakizunen kontua antolatu behar izan genuen: bakoitzari zegokion hizkuntza eskakizuna ezarri, gaitasunik ez zutenak ikastaroetara bidali… Euskararekin lotutako diru-laguntzen kudeaketaz ere arduratzen gara. Udalak hazi egin dira, geroz eta zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte, eta geroz eta langile gehiago dituzte. Bola handitu egin da.

Alberdi-4«Funtzionamendua gazteleraz zen eta lan bolumenik handiena gazteleratik euskarara itzultzea zen»

 

«Hasiera batean udal bakoitzak ahal zuena egiten zuen, betiere herri bakoitzeko egoeraren arabera»

Duela gutxi arte osoko bilkuretan aldibereko itzultzaile lana egin duzu, gainera.
2007an hasi nintzen aldibereko itzulpenarekin. Iñaki Zabala alkateak interpretea behar zela pentsatu zuen eta niri tokatu zitzaidan. Euskarazko interbentzioak gaztelerara itzultzen nituen, euskara ulertzen ez zuten zinegotzientzat. Legealdi honetan utzi diot lan hori egiteari, zinegotzi guztiak gai direlako euskarazko jarduna jarraitzeko.

Aldibereko itzultzaile lana ez zen erraza izango.
Hiru legealdi haietan osoko bilkura eguna urduri ematen nuen. Osoko bilkura heldu aurretik eskuratzen nituen gai zerrenda eta dokumentazioa; baina gero osoko bilkuran bertan bat-bateko eztabaidak sortzen dira, eta bat-batean horri buelta ematea… ez da batere erraza.

Euskara planak garatzea izan da zure beste arduretako bat.
Bai, Eusko Jaurlaritzak euskara planak onartu izan ditu (EBPN, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia; ESEP, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana), eta handik jarraibideak eta gomendioak heldu izan zaizkigu, planak egiteko lagungarri. Antzeko eskemarekin lan egin izan dugu udal guztietan: irakaskuntza, euskalduntzea eta alfabetatzea, familia transmisioa, enpresa mundua, kirola, kultura, komunikabideak, publizitatea… Hasiera batean udal bakoitzak ahal zuena egiten zuen, betiere herri bakoitzeko egoeraren arabera. Gure kasuan, Zumarragarekin eta Legazpirekin harreman estua izan dugu beti.

Euskararen egoera asko hobetu al da azken 40 urte hauetan?
Aldaketa egon da. Ezagutzan erabileran baino salto handiagoa egon da. Aspalditik erabileraren kale neurketak egiten ari gara Zumarragarekin batera, eta hor ez da aldaketa handirik nabaritzen. Azken 16 urteetan kaleko erabilera %23 inguruan dabil. Ezagutzari dagokionez, %68koa da Urretxun. Eta udaletxean, langile gehienak, ia denak, euskaldunak gara. Funtzionamendua, neurri handi batean, euskaraz egiten da, edo ele bietan. Kanpoko idatziak ere, asko euskaraz sartzen dira. Anekdota bezala, garai batean  Santa Anastasia jaietako Euskal Jaiko karrozen desfileko testuak gazteleraz idazten zituzten kuadrilla gehienek, eta gaur egun, berriz, euskaraz idazten dituzte. Lehen gazteleratik euskarara itzuli behar nituen eta egun alderantziz. Gainera, kuadrilla batzuk euskaraz bakarrik argitaratzeko eskatzen dute.

Gaur egun erabilera da erronka nagusia, beraz.
Gaztetxoen artean euskara eskolako hizkuntza dela dirudi. Eskolatik kanpo erdaraz egin behar dela iruditzen zaie askori. Azken urteetako gure saiakerak hortik doaz. Kirol elkarteekin, batez ere, lan handia egin dugu. Kirolak indar handia du eta gazte jende asko mugitzen du. Enpresetan ere erronka handia dugu. Oraindik ez gara behar bezala iritsi. Euskaraldiaren eskutik gerturatze bat izan dugu, baina lan handia dago oraindik. Gazte askok ikasketak euskaraz egiten dituzte, eta gero lantokietan beste egoera bat aurkitzen dute.

Urretxuko Udaleko Euskara teknikaria izateaz gain, Zintzo-Mintzo euskaltzale elkartearen sorreran parte hartu zenuen.
Euskara elkarte baten beharra ikusten zen bi herriotan, eta lagun kuadrilla bat elkartu ginen elkartea sortzeko. Urretxu eta Zumarragako udalei eta beste eragile batzuei jakinarazi genien proposamena, eta aurrera. Elkartea legeztatu, bazkideak lortu… Lehen proiektua Otamotz aldizkaria sortzea izan zen. Hasiera hartan euskararen erabilera sustatzeko hitzarmenak ere sinatu ziren bi herriotako elkarteekin. Lehenengo urrats bat izan zen, bi herrietako elkarteetan euskararen aldeko kontzientzia pixka bat hartzeko. Urte batzuk geroago, beka bitartez, Jose Luis Ugartek toponimia lana egin zuen eta Xabi Lasak bi herrietako euskarari buruzkoa. Toponimia lana Euskaltzaindiaren bilduman egotea lortu genuen. Merkataritzan eta ostalaritzan ere lan handia egin zen (hiztegiak, ikastaroak, kartelak…) bi udalekin sinatutako hitzarmenen eskutik.

Alberdi-2«Lehen karrozen desfileko testuak gazteleratik euskarara itzuli behar nituen, eta egun, alderantziz»

 
«Kirolean eta lan munduan dugu erronka: ezagutza badago, euskaraz egiteko ohitura hartzea behar dugu»

Ia 40 urte eman dituzu Urretxuko udaletxean lanean. Zer eman dizu lan horrek?
Oso balorazio positiboa egiten dut. Lan honi esker arlo guztietako jendearekin harremana egin dut. Euskara Sustatzeko Ekintza Planak  adar asko ditu, eta ekimenak aurrera eramateko eragile guztiekin lan egin behar duzu: ikastetxeak, gurasoak, kultur elkarteak, kirol elkarteak, merkatariak, etorkinak, enpresak… Udal barruan ere, departamentu guztiekin izan dut hartu-emana: itzulpenak direla, zuzenketak direla, diru-laguntzak direla…

Zein esango zenuke izan dela zure ekarpena?
Itzulpenak egiterakoan, ahalik eta zuzenena eta zorrotzena izaten saiatu naiz, euskarazko bertsioak ulergarriak izan daitezen. Gainontzekoan, ahuleziak ikusi ditudan esparrutan eragiten saiatu naiz. Ikasle etorkinentzako egitasmoak, adibidez, indar handia hartu du. Kanpotik datorren familia bati halako tresna bat eskaintzea garrantzitsua da oso. Une honetan kirolean eta lan munduan dugu erronka. Ezagutza badago. Orain, euskaraz egiteko ohitura hartzea behar dugu.

Beti irribarrea ahoan duzu. Umore ona eta adeitasuna ere euskararen lagun dira, ala?
Gauzak errazten, laguntzen, konfiantza ematen, gertutasuna eskaintzen… saiatu naiz beti. Laguntzeko gaude. Gure helburua euskara gehiago erabiltzea da, beste gauza batzuk baztertu gabe eta inori kalterik egin gabe.

Ze gomendio emango zenioke zure ondorengoari?
Orain arte egindakoari eutsi diezaiola, eta esparru berriak jorratu: teknologia berriak eta abar. Zorte ona izan dezala! Kale erabileran, ea %23tik %33ra iristen garen laster.

Mezuren bat oraindik lankide dituzun horientzat?
Eskerrak eman nahi dizkiet, laguntza behar izan dudan guztietan eman didatelako. Denekin ondo konpondu naiz beti. Bakoitzak bere lanpostuan ahalegina egin dezala lan eta zerbitzu hizkuntza euskara izan dadin. Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiot. Agindutakoa ahalik eta ondoen betetzen eta ekarpenak egiten saiatu naiz. Komunikabideei ere eskerrak eman nahi dizkiet, beti laguntzeko prest egon direlako.

Zer egin behar duzu erretiroa hartzen duzunean?
Ez daukat ezer berezirik pentsatuta. Oraingo martxan jarraitu, baina beste erritmo batean. Bizikletan pixka bat gehiago ibiliko naizela pentsatzen dut. Bestalde, Euskal Herriko azokak eta feriak gertutik ezagutu nahi ditut. Osasuna eta denbora librea edukiz gero, gauza asko egin daiteke.

AlberdiLan eta bizi, dena Urretxun

Jexuxmari Alberdi urretxuar petoa da. Primeran oroitzen du bere haurtzaroko Urretxu nolakoa zen. «Herri txikia zen eta denok elkar ezagutzen genuen. Ez zeuden egungo tresnak, eta umeok kalean jolasten genuen. Gernikako Arbola plazan asko ibiltzen ginen», gogoratu du.

San Martin auzoan jaio zen eta ondoren bere familia Estrellaneko etxera joan zen –egun Bidegorri arropa-denda dagoen tokira–. «Arropa-denda genuen bertan. Amonak jarri zuen. Joste lanak egiten zituen, mertzeria bat jarri zuen eta pixkanaka denda hazi egin zen. Dendak Zabaleta zuen izena. Aita-amak bertan lan egin zuten eta gu ere bertan ibili ginen. Estrellaneko eraikina 1978an bota zutela uste dut. Etxe berria egin arte Jose Mari Lasa plazan egon ginen (orain gozoki-denda dagoen tokian), eta etxe berria egin zenean berriro lehengo tokira joan ginen», aipatu du Alberdik.

Alberdi-Sasieta sendiak 1990 inguruan itxi zuen jantzi-denda. «Ordurako, dendako martxa anaia-arrebon esku zegoen, baina denok lanean ari ginenez, dendari bukaera ematea erabaki genuen».

Gernikako Arbola plaza, San Martin auzoa, Estrellaneko etxea… bere bizitzako toki garrantzitsuak izan dira. Baita udaletxea eta kultur etxea ere, bertan lan egin baitu azken 39 urteetan. Udaletxean eta kultur etxean arrastoa utzi du. Bere lankide batzuei Alberdiri buruzko iritzia eskatu diegu. «Pertsona ona da, izaera onekoa. Beti lanerako prest egon da. Laguntzeko prest. Taldean lan egiteko prest. Azken egunera arte. Bere jarrera ona, baikortasuna eta izaera lasaia direla eta, asko maite dugu», aipatu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>