Lurrean, lurraz, lurrarekin

Uxue-FernandezUxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria

Berdeguneak, udalerrietako parkeak, natur guneak eta mendi magalak geroz eta murriztuago, azken asteko zenbait egunetan bezalako bero sapa egiten duen egunetan itzala emateko ederrak liratekeen zuhaitzak ipurditik moztuta zein espaloietako baldosek itota sustraiak nora bota topatzeko zailtasun handiz, porlanak geroz eta irentsiago, eraikin eta garabiaz gainezka ikusten ditut bazterrak, lurrari duen balioa ateratzeko aitzakia makulu hartuta, hala dabiltza zenbait lekutan, nahi eta komeni baino gehiagotan, nire iritziz. Naturarekiko harremana asfaltaturiko lurretik baletor bezala, porlan hazia erein eta berez eremu horiek halakoak sortuko bailiran, naturalki. Noiztik da hori benetako lurraren balioa, espekulazio eta kontsumo eta kapitalismoak ezarritako sistema zapatzailearena ez bada? Lurra, planetaren izena bakarrik da gure kasuan, ala badu beste zentzu, izaera eta eraginik?

Lurrari entzun, bere erritmoak errespetatu, elikadura-burujabetza eta tokiko ekoizpen eta ekonomia sustatzeko estrategiak erdigunera ekarri, lurrarekin harmonian bizi, berak eskaintzen dizkigun baliabideak ezagutu eta ildo horri jarraitzearen aldekoa naiz ni. Oraintxe ari da natura bor-bor izkina denetan, begien gozagarri, usaimenaren bizigarri eta belarrien goxagarri: gereziak gorritzen, sagarrondoak loretan, basa marrubiak ezker-eskubi txiki bezain gozo mendirako bideetan, ilarra zein baba lekan baratzeetan, bero-egunen segida tarteko zenbait larretako belarra ere ontzeko ebakita eta txori kantuak egunsentitik ilunabarrera arte melodia atseginean, besteak beste.

Etxebizitzen, luxuzko hotelen, turistentzako alokaturiko apartamentuen eta antzerako higiezinen merkatuko joeraren zurrunbilotik aldenduta, lurra uneko etekina ateratzeko ustiatzetik distantzia dezenteko tartera, bai bizi-filosofian eta baita jardunbidean ere, jo eta ke ari den herritar ugarirekin egin dut topo egunotan. Baratze eta soroetan bete-beteko garaia da hau, naturarekiko errespetua, garaian garaiko produktuak, bertako ekoizpena eta halako balioen alde herria eraikitzeko eredu baten ispilu. Hori bai auzolana! Eutsi horri, San Ixidro eguna igaro berri denez, segi lurrean lurraz lurrarekin gozatzen eta uzta emankor on, denoi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>