Mekatronika industrialeko goi-mailako zikloa amaitu berri du Ibai Dorronsoro Sanzek (Beasain, 2002). Azken hiru hilabeteak Polonian igaro ditu LED argiekin lan egiten duen enpresa batean praktikak egiten. Handik etxerako bidearen zati bat bizikletaz egin du. Azterketa bat dela eta, mila kilometro egin ostean, bidaia Frantzian amaitu behar izan du.
Zergatik aukeratu zenuen Poloniara joatea?
Aukera asko genituen eta horietatik hiru erabaki behar izan nituen. Polonia nire hirugarren aukera zen eta hori egokitu zitzaidan. Hiru hilabetez egon naiz bertan, joan den otsailetik.
Praktikak egiteaz gain, jende eta leku berriak ezagutzeko aukera izango zenuen, ezta?
Bai, jende asko ezagutu dut eta asko hemen ingurukoak. Wroclaw hirian izan nintzen eta Erasmus ikasle asko elkartu ohi dira bertan. Nirekin batera, ikastetxe berean ikasi duten lagun batzuk ere joan ziren. Pisuan elkarrekin egon gara.
Bertan bidaiatzeko aukera izan duzu?
Bai, alde horretatik askatasuna izan dugu. Alemaniara joan ginen behin, Berlinera. Beste batzuetan Polonian zehar ibili gara, hiriaren inguruetan… Gainera, bizikletan ibiltzen naiz eta harantz eraman nuen. Lanetik ateratzen nintzenean bizikletan ibiltzera joaten nintzen askotan.
Eta itzuleraren zati bat ere bizikletaz egin duzu. Nola bururatu zitzaizun hori?
Poloniara joan aurretik anaiak esan zidan polita izan zitekeela bizikletan itzultzea, baina hor geratu zen ideia. Itzultzeko hilabete bat falta zenean, ordea, pentsatu nuen ‘zergatik ez?’. Bizikleta bertan neukan eta bizitzan behin edukiko nuen aukera zen.
Familiakoekin hitz egin nuen eta aurrera atera zen. Aita eta anaia bisitan joan ziren eta bizikletan maletak eramateko euskarri bat eraman zidaten. Beraiekin, autoz, Txekiar Errepublikara joan nintzen, Nove Mesto herrira. Bertan, mendi bizikletako munduko kopako proba bat ikusten izan ginen. Aita eta anaia hegazkinez itzuli ziren eta nik bizikletaz ekin nion itzulerari.
Eta Txekiar Errepublikatik noraino iritsi zinen?
Lehenengo asmoa etxeraino etortzea zen, baina azterketa bat jarri zidaten. Ikasteko astebete lehenago itzuli behar izan nuen. Horregatik, Suitza eta Frantzia arteko mugan amaitu nuen bidaia, Geneva inguruan. Bertatik aitarekin itzuli nintzen autoz.
Zenbat kilometro izan dira guztira?
Mila kilometroko bidaia izan zen eta sei egun behar izan nituen.
Lo egiteko nola moldatu zara?
Hasiera batean, kanpin denda eramateko asmoa nuen; baina, bidaia laburtu zenez, ostatuetan egin dut lo.
Zer nabarmenduko zenuke ibilbidetik?
Lehenengo etapa oso polita izan zen, baina gogorra ere bai. 190 kilometro inguru egin nituen, 3.000 metrotik gorako desnibelarekin. Gainera, mendiko zati batzuk igaro nituen, bideak itxi egiten ziren, pinudietatik sartu nintzen… Goizeko zazpietan atera eta iluntzeko bederatzietan heldu nintzen. Bestetik, Suitzako zatia ere oso polita izan zen.
Beasaingo festetarako itzuli zara.
Azterketarik izan ez banu, helburua hori zen: festak hasten ziren ostiralerako itzultzea. Azkenean, pixka bat lehenago etorri nintzen.