Zumarraga eta Urretxuko futbol zaleen familia

Urola_Kirol_Elkartea

Garai ezberdinetako jokalariak eta kolaboratzaileak.

Urola Kirol Elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da. Bost hamarkada haurrei futbolean jokatzeko aukera ematen eta baloreak lantzen.

Klubaren historiako protagonista izan diren lau lagunek Urolari buruz hitz egin dute aldizkari honekin. Lau lagunen artean beteranoena Valentin Barrena da. 1959an jaio zen eta 13 urterekin hasi zen Urolan. «Garai hartan ez genuen Realaz hitz egiten, Urolaz baizik. Urolan jokatzea ohorea zen. Lehen taldera heldu aurretik, haur mailako eta gazte mailako taldeetan jokatu nuen. Garai hartan hiru talde horiek bakarrik zeuden. Nire lehen entrenatzailea Martin Agirre izan zen».

Barrenak ia denetik egin du Urolan. «Anselmo Portillo lehendakaria izan zen garaian zuzendaritzako kidea izan nintzen, haur eta gazte mailako taldeak entrenatu nituen, 1992tik 1998ra klubeko lehendakaria izan nintzen, lehen taldeko delegatua ere izan nintzen… Urola bihotzean daramat eta beti klubari laguntzeko prest egon naiz. Denetik egin dut, diruzain lana ezik». Egun, 50. urteurreneko batzordeko arduraduna da.

Hamaika pasadizo bizi izan ditu. Berak jokalari garaiko bat gogoratzen du bereziki. «Autobusa plazan hartzen genuen eta ni ondoan bizi nintzen, Casino elkartetik gertu. Behin, lo hartu, eta Gurrutxagak autobusa etxe azpira eraman zuen. Bravo burdindegiko espaloira igo zuen eta bozina jotzen hasi zen. Anselmok askotan gogoratzen dit pasadizo hori. ‘Autobus guztia nire zain? Hain ona al nintzen?’, esaten diot».

Izan ere, Urola familia bat da. Futbolean jokatu nahi duten urretxuar eta zumarragar guztien familia. «Urolak neska eta mutiko guztiei kirola egiteko aukera ematen die eta haurrak hezi egiten ditu, bai kirolari eta bai pertsona bezala. Haurrei diziplina zer den erakusten die eta lagunak egiteko aukera ematen die», amaitu du Barrenak.

Mitxel Badiola urretxuarra iritzi berekoa da. Badiola 1970ean jaio zen eta 14 urterekin hasi zen Urolan. «Garai hartan, La Salle-Legazpi ikastetxeak futbol txapelketa bat antolatzen zuen eta txapelketa hartako onenak Urolara joaten ziren. Emozioz betetako egunak izaten ziren».

Hirugarren Maila

Urola behin bakarrik igo da Hirugarren Mailara, eta Badiolak denboraldi hartan egin zuen debuta lehen taldearekin. «Urolan ez nuen aukerarik eta Alaves B taldera joan nintzen. Denboraldi erdia Gasteizen egin nuen. Ondoren, Urolara itzuli nintzen eta igoera bizi izan nuen». Ondoren, 2.B mailan jokatu zuen Beasainekin, belauna hautsi zuen, Urolara itzuli zen eta Urola Hirugarren Mailatik jaitsi zenean 2.B mailako Elgoibar taldera joan zen. Hirugarren Mailako Lagun Onak taldean ere jokatu zuen eta bere ibilbidea Urolan amaitu zuen. Ondoren, Iñaki Aranzadi entrenatzailearen bigarrena, prestatzaile fisikoa eta kirol arduraduna izan zen. Egun, Realaren harrobiko koordinatzailea da. Bere bizitza Urolari «guztiz lotuta» dagoela dio. «Urolan pauso bat eman nuen futbolari gisa, garatu egin nintzen. Bestalde, jende asko ezagutu dut Urolaren eskutik. Batzuk, betirako lagunak dira».

Egun Realean dago, baina Urola gertutik jarraitzen du. «Kluba asko hazi da: nesken sailak hazkunde handia izan du, mutilen talde gehiago daude, azpiegiturak garai batean baino askoz ere hobeak dira… Klubak oso une ona bizi du eta horren erakusleetako bat Realean Urolan hasitako jokalariak ditugula da. Urola bezalako kirol elkarteak oso garrantzitsuak dira: ohitura onak eta baloreak ezartzen dituzte, pertsonen garapenean laguntzen dute…».

Egun Urolak pertsonen garapenean laguntzen duela esan daiteke, baina garai batean mutilen garapenean bakarrik laguntzen zuen. Neskek ez zuten tokirik. Amaia Elgarresta (Zumarraga, 1971) izan zen kamiseta horia jantzi zuen lehenengotakoa. «Berandu hasi nintzen futbolean: 18 urterekin. Lehenago, saskibaloian jokatu nuen. Futbolean jokatzea eskaini zidaten, probatzea erabaki nuen, eta 11 urte eman nituen: lehenengo Seirak taldean eta ondoren Urolan».

Seirak taldeko neskek poza hartu zuten Urolak nesken taldea sortzeko asmoa zuela jakin zutenean. «Hasieran Urolak ez zigun neskei jokatzen uzten. Batzuk neskek Urolarekin jokatzearen aurka zeuden. Poza hartu genuen Urolak nesken taldea sortu zuenean».
Gauzak asko aldatu dira ordutik. «Egungo zuzendaritzak nesken futbol eskola sortu du eta, hala, neskek ere txikitatik jokatu dezakete futbolean. Pauso handia da, baina oraindik asko dago egiteko». Elgarresta aurreko zuzendaritzako kidea izan zen. «Nesken futbolaz arduratzea eskaini zidaten eta oso gustura aritu nintzen».

Futbolak eta Urolak asko eman diotela dio. «Seiraken eta Urolan jokatu genuen neskak oraindik lagunak gara. Seiraken eta Urolan baloreak landu genituen: kiroltasuna, adiskidetasuna… Urola oso ondo ikusten dut. Zuzendaritzako kideak oso ondo lan egiten ari dira eta kluba oso ondo dago antolatuta».

Egungo lehendakaria

Egun, Jotxin Iturbe (Zumarraga, 1976) da klubeko lehendakaria. Lehenago, jokalaria izan zen. Bera ere La Salle-Legazpi ikastetxeko txapelketaren eskutik hasi zen Urolan. «Garai hartan 14 urterekin hasten ginen Urolan. Egun, askoz ere lehenago hasten dira: 9-10 urterekin. Nik gazte mailako azken urtearen ondoren utzi nuen, ikasketengatik. Azken partida Gipuzkoako Kopako finala izan zen. Zarautzen aurka jokatu genuen Txerloian eta garaipena eman zigun penaltietako bat sartu nuen. Oso oroitzapen ona dut. Ume bat nintzela hasi nintzen Urolan eta asko ikasi nuen. Entrenatzaileen, delegatuen… oroitzapen bikaina dut. Kiroltasuna, errespetua, diziplina, lana… irakatsi zizkidaten».

Hala, jokatzeari utzi zionean ere klubarekin harremana izaten jarraitu zuen. «Mutilen lehen taldea, bereziki, beti jarraitu dut». Egun, lehendakaria da. Klubak une ona bizi duela dio. «Kluba osasuntsu dago. Neska-mutil askok egiten dute kirola Urolaren eskutik. 450-500 jokalari ditugu eta entrenatzaile asko. Urola futbol klub bat baino gehiago da. Bestelako funtzio batzuk ere baditu: gazte jendea kirol ohituretan hezi, pertsonen arteko berdintasuna sustatu, kohesio soziala bultzatu… Urola erreminta bat da herriarentzat», amaitu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>