Oinez

Igor-SusaetaIgor Susaeta • Kazetaria

Uste dut ez nengoela ez mozkortuta, ez sobera harrotuta, ez substantziaren baten eraginez euforiak jota, duela urte batzuk bikotekideari solemneki hau esan nionean: «Denbora edukiko banu, oinez joango nintzateke toki guztietara». Tipi-tapa. Ez daukat erromes konplexurik, eta ez nator Piriniozale jatorren edo mendi martxen jarraitzaileen familia batetik, baina ahal den neurrian ahalegintzen naiz lekuetara oinez iristen, eta lekuetan oinez ibiltzen. Bizizale erabaterakoaren kanonak betetzeko idatzi beharko nuen «oinez eta txistuka»; ez dakit, ordea, txistu egiten. Datorren ikasturterako ene buruari jarriko diodan zereginetako bat hori izango da: txistu egiten ikastea, hain zuzen.

Kantuan badakit, moldatzen naiz, eta dutxan ez, baina oinez nabilela abestu egiten dut. Ez dakit zergatik den, baina konturatu izan naiz mendian umore oneko —hau da, ia-ia beti—  nabilenean gehien kantatzen dudana dela Ruper Ordorikaren Jakin nahiko nuke-ren hasiera —«Platanerrak lerroz lerro, gerizpean gaudela»—, eta horrekin lotuta gogoratu dut 2010eko azaroan New Yorkera urtebeterako joan nintzenean eta hasierako asteetan hirian noraezean ibiltzen nintzenean, oinez kilometroak eta kilometroak pilatzen nituenean, begiak malkoz betetzen zitzaizkidala Ordorikaren Olhabideko Bordan kantuko leloa ahoratzen nuenean.

Oinez edonora, eta oinez edonon, beraz. Ideia onenak oinez ibilita sortzen zirelakoan, Iñaki Segurola zenak paseoak aldarrikatzen zituen eta koaderno bat eramaten zuen aldean. Tipi-taparako leku aproposa da ene errautsak bota nahi ditudan tokia, Oleta eta Samiño artekoa; edo Irimo eta Trekutz artekoa ere bai, malkartsuagoa izanagatik. Capital Energy enpresak 200 metro luzeko lau dorre eoliko jarri nahi ditu lehen eremuan, eta 220 metro inguruko bi dorre bigarrenean. Zer arraio!

Bihozgabe horiek zer leku utzi nahi ote digute oinezkooi… Baina Urretxuko Udala ere ez dakit zertan ari den udako sasoian ikastolako futbol zelaia baliatzen duenean igerilekurako aparkaleku gisa. Eskaera jakinen bat dago justifikatzen duena espazio publiko hori autoentzako uztea?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>