Podiumerako bidean

Elixabete-GarmendiaElixabete Garmendia • LasaKazetaria

Berria-ko denborapasen artean bada bat harrapatuta naukana: Euskal Herrietan barrena testa da. Hamar galdera, hiruna erantzun posibleekin, bakarra zuzena. Dena delako herriaren argazki baten alboan, ikusle-irakurlea xaxatzeko erronka: «Euskal herriak ongi ezagutzen dituzula diozu aukera duzun bakoitzean, baina egia ote da?». Ba ni banaiz Euskal Herriko bazterrak nahiko ondo ezagutzen dituela uste duten pertsona horietakoa. Umetan gurasoekin abiatu Seat 600-ean eta txango batzuk egiten genituen; ez daukat ahazteko, adibidez, attek Ataungo Aia gainera eraman gintuenekoa; edo Bilbora bidean –autobiderik ez artean– Apatamonasteriotik pasa ginenekoa, herriaren izen bitxiak liluratuta. Uztailaren 18 batean –jai izaten zen orduan, 1936ko gerraren garaipen frankista ospatzeko– Xabierrera eta Esako urtegi erraldoia –artean egin berria– ezagutzera joan ginenekoa; geroxeago, udalekuak Otsagabian, lehen aldiz 2.000ko bat eginez, Orhi mendia! Udalekuei esker deskubritu genuen Barriako monastegia ere, Araban. Biarritzerako bidaia iniziatikoa izan zen, hasteko muga pasa behar zelako, pasaporte eta guzti; horrezaz gain, lehen aldiz ikusi genuen oihalezko ikurrina mastan jarrita eta… hondartzan emakumezkoek bikinia deitzen zuten hura zeramaten.

Unibertsitate garaian nahikoa ibili nintzen Nafarroan: Lantzen Miel Otxin deskubritzen inauterietan; lurraldearen erdialdean, Tafalla eta Zangotza arteko herriak banan-bana pasaz. Laneko garaietan ere suelto ibili nintzen batetik bestera, alderik alde, hasi Lanestosatik eta Ospitalepearaino.

Kontua da, background honekin, harro samar heldu niola Berria-ko testari, erraz menderatuko nuelakoan. Ba ez. Hamar galderetatik gehienetan 6/8ko atalean geratzen naiz, hau da, «ez dago gaizki, baina baduzu zer ikasia» dioen horretan. Noizbait beherago ere jaitsi naiz; asmatutako erantzunak 4/5 besterik ez, eta belarrietatik tira egiten dizu aztertzaileak: «Benetan diozu euskal herriak ongi ezagutzen dituzula?». Sekula ez naiz gelditu toki lotsagarrian, 1/3 besterik asmatu ez eta umore anglosaxoiarekin galdetzen dizunean: «but, where are you from?».

Orain hilabete pasatxo, hara non azaltzen zaidan testean Ormaiztegiko elizaren argazkia! Oraingoan bai, oraingoan goi mailara iritsiko naiz. Eta beharko! Di-da eman nituen erantzunak. Egia esateko, zalantzatxo bat izan nuen 7. galderan: «Zenbat metro luze da Ormaiztegiko 1863ko trenbide zubia?»; a) erantzuna aukeratu nuen, 191 metro. Hurrengo egunean zuzenketa: 291 metro ditu zubi zaharrak. Hala ere, testak zorionak eman zizkidan, behingoz iritsi nintzen «bikain, lagun, bertan sortua zarela ematen du» dioen maila horretara. Aurtengo udako ibiliekin, ea lortzen dudan podiumean behingoz finkatzea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>