Barkamena

German-UrteagaGerman Urteaga Garmendia­Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa

Denok sartzen dugu hanka bizitzan, eta ez behin soilik. Ez dut ezagutzen noizbait hanka sartu ez duen inor. Pertsonak garen heinean geure izatearen parte da hanka sartzea eta uste dut garrantzitsua dela horren kontziente izatea. Zoritxarrez, besteak ere mindu izan ditugu noizbait, niretzat baina, alde izugarria dago nahita edo nahi gabe egiten den.

Batzuei, norbait mintzean ‘barkatu’ esatea izugarri kostatzen zaie, eta beste batzuei, aldiz, gutxiegi. Batzuek ‘barkatu’ hitza mukizapi bat bailitzan erabiltzen dute, alegia, erabili eta bota, etengabe. Hasieran esan bezala, denok sartzen dugu hanka eta funtsezkoa da norbait mindu badugu barkamena eskatzea, baina barkamen horrek ez du ezertarako balio benetakoa ez bada, alegia, norberak modu serioan hartzen ez badu eta etengabe gauza berdina egiten jarraitzen badu ‘barkatu’ batekin konponduko duela uste duelako. Beraz barkamena eskatzea oinarrizkoa da, baina ez dauka zentzurik jarrera aldaketa bat ematen ez bada.

Esan bezala, baina, beste batzuei izugarri kostatzen zaie barkamena eskatzea, agian ez dutelako besteen aurrean aitortu nahi erratu egin direla, hanka sartu dutela edo norbaiti min eman diotela. Baliteke, kasu batzuetan, barkamena eskatzea hainbeste kostatzea heuren burua perfekziotik hurbil irudikatzen dutelako eta barkamena eskatu beharrak irudika dezakeelako zerbait ‘gaizki’ egin dutela. Honen harira, hasteko, inor ez da perfektua, eta bestetik, barru-barrutik barkamena eskatzeak ez du inor txikiago egiten, guztiz kontrakoa, pertsona bezala handi egiten du. Niretzat behintzat barrutik eta sentituz barkamena eskatzea ausarta izatea da, finean, ausarta izan behar delako norbere akatsak onartzeko, norbait mindu dugula ohartu eta onartzeko, eta, umiltasun osoz, sentitzen dugula aitortzeko. Ausarta ez ezik, pertsona izan behar da barkamena eskatzeko.

Hala ere, gehienetan behintzat, besteei barkamena eskatzea baino gehiago kostatzen zaigu gure buruari barkamena eskatzea. Zenbat aldiz esan diozu zure buruari ‘Barkatu’? Besteei zure buruari hitz egiten diozun bezala hitz egingo bazenie barkamena eskatuko ahal zenieke? Askotan besteak barkatzen ditugu, baina zenbatetan barkatzen dugu gure burua? Zergatik gara orokorrean eskuzabalago besteekin gure buruarekin baino?

Garena gutxiestean, gugan ez sinestean, gure burua iraintzean, gure burua torturatzean… Egin behar genukeen gutxienekoa gure buruari barkamena eskatzea da berau modu horretan tratatzeagatik, eta benetako barkamenaz ari garenez, gure burua tratatzeko era aldatu behar genuke, garena gehiago maitatuz eta baloratuz. Nork barkatuko gaitu gu geu barkatzen ez bagara? Nor barkatuko dugu gu geu barkatzen ez bagara? Barkamena norberarengandik hasten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>