Desberdina izango da

Aitor-SarriegiAitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria

Hil honen 24an hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Getxon hasi eta Iruñeko final handira bitartean 14 saio eta mila emozio bizitzeko aukera izango dugu. Txapelketa garaia (eta txapelketa-aurrea) ez dira garai errazak izaten bertsolariontzat (eta ezta ingurukoentzat ere). Pilotoa piztu eta ‘txapelketa-modua ON’ jarri ohi gara, eguneroko zereginetan ere noiznahi burua beste toki batean izan ohi dugu, pareko mintzakideari buruaz baietz egin arren elkarrizketatik ihes egiten dugu, edozein tontakeria dela eta ‘ukiezin’ jartzen gara… beste era batera esanda, ez dago aguantatuko gaituenik.

Desberdina izango da aurtengoa ordea. Lau urteko zikloa eten eta pandemia osteko lehena izango da, bost urteren ostean. Azken urteotan plazan eta bertso-munduan entzun diren gai eta ikuspegi desberdinek espazio nabarmenagoa hartuko dutela ere iruditzen zait. Gure belaunaldikoak dira parte hartzailerik zaharrenak, eta askoren azken txapelketa izan daiteke. Publikoa ere aldatu da, eta, futbol-zelaietako ohiturak txertatzen ez badira behintzat bertsolariak animatzeko moduak ere aldatzen ari dira. Donostiatik Barakaldora finala eramateak sortu zituen kezka eta komentarioak bere garaian, baina Iruñean jokatzeko erabakia modu naturalagoan gizarteratu dela esango nuke. Askok nahi genuen horrelako final bat erreinu zaharreko hiriburuan, eta ederra izango da. Ez dut ukatuko inbidia pittin bat ematen didanik, baina txapelketa gutxiri irteten zaie nahi bezala, eta parte hartuko duten gehienek amesten zutenera iritsi gabe bidea amaitzen ikusiko dute. Zapore gozoarekin bukatzen dutenekin oroitzen gara, baina gehiago dira bestelakoak.

Niri dagokidanez, 1993ko txapelketatik lehen aldiz jarraituko dut entzule soil bezala. Parte hartu dudan sei aldietan ia saio guztiak irentsi izan ditut, eta horrek asko kargatzen du udazkena. Aurten aukeratzeko eskubidea emango diot nire buruari eta saioetan gehiago gozatzea espero dut. Astegun buruzuriko entrenamendu-saioak ere ez dira berdinak izango. Ez naiz asko aritzekoa izan; hasierako txapelketetan astean behin bai, baina ondorengoetan dosia jaisten joan naiz. Azkenekoan, esaterako, zazpi aldiz elkartu ginen Iñaki Apalategi eta biok (zazpi aldiz afaldu eta bitan soilik kantatu genuen). Aurten ariko direnei eskatutako neurrian erantzuten saiatuko gara. Poztuko ninduke egindako lanarekin gustura ikusteak.

Bakoitza bere asmo eta ametsekin joango da, eta bene-benetan opa diet asmo horiek bete eta, zergatik ez, gainditzeko zortea ere izatea. Guztia beharko dute baina gure babesik behintzat ez zaie faltako. Has dadila festa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>