Segurako azken fraideei agurra

Frantziskotarrak

Juan Joxe Iturriotz, Bitorio Zabalgogeaskoa, Jose Luis Agirretxe eta Santos Beloki.

Frantziskotarren anaidiko lau fraideek Segurako etxebizitza utziko dute. Irailaren 10ean agurtuko dituzte, 12:00etan parrokian.

Segurako frantziskotarren anaidiak herriko eliz elkarteak utziko ditu laster. 41 urtez segurarren artean bizi ondoren, anaidiak agur esango dio herriari. Frantziskotarren komunitatean aitortutako botoetako bati jarraituz, obedientzia beteko dute beste anaidi batera joateko. Urte hauetan hainbat zerbitzu eskaini dituzte Seguran, parrokiari lotuak: liturgia ospakizunak, gazte eta helduen katekesia, gaixo eta bakardadean zeudenei laguntzea, eliza herriaren zerbitzura jartzea edo herriko komunitateetako parte izatea.

Egindako lana eskertzeko, agurra prestatu dute biharko, hilaren 10erako, Segurako eliztarrek. Era berean, Aizkorpeko elizetako arduradun berria izango den Javier Dominguezi ongi etorria emango diote. Meza izango da 12:00etan, Segurako Parrokian, eta ondoren eliztar guztiek elkarrekin bazkalduko dute Zegamako eskolako patioan, 14:00etan. Lau fraide egon dira azken urteotan Segurako anaidian: Juan Joxe Iturriotz, Jose Luis Agirretxe, Bitorio Zabalgogeaskoa eta Santos Beloki. Aurretik beste frantziskotarren anai talde bat izan zen herrian. Beloki 1991n heldu zen Segurara, Agirretxe 2000. urtean, Zabalgogeaskoa 2003. urtean, eta Iturriotz, berriz, 2014an.

«Hasieran hiru etorri ziren, gero lau, Beasainen zeudenak hona etorri ziren eta azkenean laurok gelditu gara», azaldu du Agirretxek. Monjen eliza parean izan dute etxebizitza, haien bizimodua egiteko egokituta: «Kapilautza etxea da, monjak atenditzen ziren eta parroki etxe bezala eta fraide etxe bezala hemen geratu ginen». Agirretxe eta Iturriotz Tolosako frantziskotarren anaidira
joango dira, eta Beloki eta Zabalgogeaskoa, aldiz, Zarautzera. Iturriotzek, dena den, ez du utziko orain arte bete duen zeregina. Beasaingo Loinazko San Martingo parrokia eramaten du, eta horretan segituko du Tolosatik bada ere.

Beharrei erantzunez

Frantziskotarren probintzia mailan hartutako erabakia izan da, anaidiak bizi duen egoerari aurre egiteko. Gaur egun Hego Euskal Herriak, Kantabriak, Valladolidek eta Madrilek Arantzazuko probintzia osatzen dute, lehen Kantabriako probintzia zena. Gipuzkoan, Donostian, Zarautzen, Tolosan, Bidaurretan eta Arantzazun dituzte anaidiak. Arantzazuko Santutegia da probintziako ardatza. Iturriotzek azaldu bezala, frantziskotarren arteko batasuna bilatzeko hartutako erabakia izan da: «Erabaki honetan Segura uztea hartu da gutxitzen ari garelako, zahartzen ari garelako eta dauzkagun konpromiso guztiei ezin diegulako eutsi». Zabalgogeaskoak gehitu du gutxitze horrek «biltzeko beharra» sortzen duela, «ahultasuna iristen ari delako».

Maquetación 1Etxe asko dituzte alde batean eta bestean, fraide egin zirenean mugitzeko obedientzia boto hori egin zutelako. Frantziskotarrak anaidi ezberdinek dituzten beharren arabera mugitzen dira. Ohikoa dute urte batzuen ondoren lekuz aldatu behar izatea. «Fraide bezala gure DNAn dago. Eraman gaitzakete leku batera edo bestera. Ni ez nintzen nire kasa etorri, bidali egin ninduten hona», agertu du Agirretxek. Ez dute konbenturik Seguran, eta bete beharrei aurre egiteko eta anaidiari laguntzeko asmoz Arantzazuko probintziak erabaki du anaidien arteko fusioa egitea.

Alde batetik bestera ibili dira. Belokik dio, halere, bere ibilbidea azaltzea errazagoa dela. Bi destino izan ditu. Donapaleun izan zen lehendabizi, eta Seguran ondoren. Hirugarren bizitokia izango da Zarautz berarentzat. Urte mordoa eman ditu Seguran, eta besteek bezala, hainbat lan egin ditu herritarren zerbitzura. Bere zereginak herriko kulturari lotuta egon dira: «Lan egin dut Segura Irratiko Bixi Bixin, eta baita Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkartean ere. Nik mundu hori gehiago ibili dut. Mezak, komunioak, entierroak ere bai… baina egokitutako parrokiak txikiak ziren eta ez zegoen gehiagoko lanik ere».

Zerbitzu ezberdinak

Hala, Frantziskotarrek Seguran egin duten lana ez da soilik elizkizunak ematea izan. Iturriotzen esanetan, parroki mailatik harago ere badago zereginik. Elizkizun ezberdinez gain, eliztarrek eskatzen dituzten zerbitzuak ere ematen ahalegintzen direla nabarmendu dute. Gizarte laguntzailearekin, Caritasekin… harremanak lotzen dituzte, erreferentziak sortu eta herriko beste eragileekin loturak egiten dituzte, katekesiak ematen dituzte… Katekesia modu berezian eman dute gainera Seguran eta Zegaman azken urteetan. «Gurasoekin ematea erabaki dut, haiek umeei emateko, eta azken momentuan umeak eta gurasoak elkartzen gara».

Zabalgogeaskoaren esanetan, fedeak bizi duen krisiari beste buelta bat emateko egiten dute. «Gurasoak izan daitezela katekistak, haien fedetik erakustea Jainkoan sinestea zer den. Lehen obligazioa zena askatasunez egin behar da orain».

Misiolari bezala mundu osoan barrena daude banatuta frantziskotarrak. Korean, Bolivian, Ipar Amerikan… Aizkorpeko eremua, ordea, utzi egingo dute. Segurako etxebizitza utzita, aurrerantzean Zerain, Mutiloa, Zegama eta Segurako parrokien ardura  Javier Dominguez apaizak hartuko du, eta Zabalgogaskoak, Agirretxek, Belokik eta Iturriotzek beste zeregin batzuk izango dituzte Tolosan eta Zarautzen.

Bi jatorri ditu Segurako anaidiak

Segurako tradizio frantziskotarra Arantzazuko Santutegiari zuzenki lotuta dago. Halere, nahiko berria da gaur egunera arte bertan egon den anaidia. 1981ean joan ziren lehenengo frantziskotarrak Segurara. Bi jatorri izan zituen anaidi horrek, bi proiektu bateratu eta Segurakoa sortu baitzuten: batetik, Beasaingo Loinatz auzoko Igokundeko San Martin basilikako proiektua, eta bestetik, Diozesiak Aizkorripeko eremua frantziskotarren ardurapean jartzeko proiektua. Bietatik bakarra sortu zuten hala, eta harrezkero bertako fraideak arduratu dira inguruko zortzi parrokiez: Beasainen Loinazko San Martingo, Arriarango, Astigarretako eta Garingo parrokiez, eta Aizkorpen Zerain, Segura, Zegama eta Mutiloakoez. 41 urteren ondoren, agur esango diote bailarari bide berriei ekiteko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>