Ideia eta araudi berriak erronka handi baterako

Azoka

Bertako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea sustatu eta babesteko aukerez hausnartzeko udako ikastaro bat egingo dute Ordizian Landaola federazioak antolatuta.

Gipuzkoako Landa Garapen elkarteak biltzen dituen Landaola federazioak urteak daramatza bertako produktuen sustapenarekin lotutako dinamikak garatzen. Ekintza horietako bat EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan jardunaldi bat antolatzea izan ohi da, Gipuzkoako bailarak txandakatuz. Aurten Goierriri zegokion, eta Ordizian egingo da irailaren 16an, Tokiko elikadura. Sistema eraginkor eta eraldatzailea lemapean. Lau dira ikastaroaren helburu nagusiak: zirkuitu laburrak eta hurbileko salmenta eredu ezberdinak ezagutzea; elikadura balio katea osatzen duten eragileekin bertako produktuen kontsumoaz hitz egitea; tokiko elikadura sistema ezberdinak ezagutzea; eta gizartean eragitea sentsibilizazio lana eginez.

Maquetación 1Ordiziako Udalak «interesgarritzat» jo du Landaolak ikastaro hau udalerrira ekartzea –elkarlanean antolatu dute–. «Etorkizuneko erronkez, merkaturatzeko bide berriez eta lehen sektoreari beste bultzada emateko aukerez hitz egingo dugu. Guretzat oso garrantzitsua da hori guztia azoka bizirik mantendu nahi badugu», zehaztu du Maitane Alvarez Garapen ekonomikorako zinegotziak. Inguruan «gero eta baserritar gutxiago» dago, eta haren ustez horrelako praktikek «gazteak sektore honetara» erakartzeko balio dezakete. «Horretarako erremintak eskaini behar zaizkie, egon badaudelako lurrik ez duten gazteak, eta mundu honetan sartzeko nahia dutenak».

Goimeneko zuzendari Manex Aranburuk konstatazio batekin hasi du hizketarako tartea: «Produktu falta dago, eta eskaria gero eta handiagoa da. Gaia sentsiblea da, herri baten elikaduraren antolaketaz ari baikara hizketan. Gero eta baserritar eta ekoizle gehiago behar ditugu, eta ez dadila arazorik egon produktu horiek komertzializatzeko garaian». Aranburuk uste du bertako produktuak «antolaketa babestuagoa» eduki dezakeela. «Herritarrak eta administrazioa, denak daude prest bertako produktua babesteko. Ea nola sor dezakegun bertako produktua komertzializatzeko babes egitura bat. Gizarte eskaera bati erantzun nahian gabiltza, kontzientzia gero eta handiagoa dago, baina falta zaiguna antolaketa da».

Modu koordinatuan lan egitea

Eusko Jaurlaritzaren menpeko Elika fundazioaren zuzendari Arantza Madariaga izango da ikastaroko hizlarietako bat. Gipuzkoako Azoken Sarea izango da haren gaia. «Merkatu piloa dago Gipuzkoan, eta pentsatu genuen sare bat egitea guztiek irizpide berberekin lan egiteko eta hurbileko salmentaren arlo guztiak era koordinatuan lantzeko». Gaur-gaurkoz bertako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea erregulatu eta ordenatuko duen dekretu bat onartzeko lanean ari dira. «Eragile asko daude tartean. Jaurlaritzako osasun, garapen ekonomiko eta merkataritza sailak, aldundiak, udalak, sektorea bera… Dekretuaren helburua da orain arte egon diren legedi guztiak dokumentu batean bildu eta araudi bateratu bat edukitzea, denek baldintza berberak eduki, koordinatuta lan egin eta jarritako helburuak lortzeko».

Dekretua tramitean dago, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan. «Azken pausoetan dago, ja amaitzeko», aurreratu du. Urtea bukatzerako buletinean publikatuta egotea espero du, eta bien bitartean informazio eta sentsibilizazio lanak egiten ari dira, «denok jakiteko zer suposatuko duen eta denok argi izateko zeintzuk izango diren aurrerantzean bete beharreko neurriak».

Agroekologia eraldaketarako

Bigarren hizlaria Daniel Lopez Garcia izango da, eta Sistemas alimentarios territorializados (Lurraldeari lotutako elikadura sistemak) gaiari buruz ariko da. Agroekologian eta Landa Garapen Iraunkorrean doktorea, Agroekologiaren aldeko hirien sareko koordinatzailea eta Ikerketa Zientifikoen Kontseiluko Nagusiko kidea da. Landa eremuaren galerari, ahultzeari eta pobretzeari aurre egiteko dauden esperientzia hainbat ekarriko ditu mahaira. «Helburua da produkzioa eta kontsumoa berriz artikulatzea, fluxu lokalak indartuz».

Hiru erronka nagusi ditu oinarri agroekologiko elikadura sistemak. Lehena, hiria eta landa eremua berrartikulatzea; bigarrena, lurralde bateko eragile ezberdinak berriz artikulatzea –Milango landa barrutien eredua–; eta hirugarrena, Gobernantza, Europar Batasunak 2030erako ezarritako gutxienekoak bete ahal izateko.

Udako ikastaroa

Irailaren 16an Tokiko elikadura. Sistema eraginkor eta eraldatzailea EHUren Udako ikastaroa egingo da Ordiziako D’elikatuz zentroan.

  • 09:00-09:15. Erregistroa.
  • 09:15-09:25. Inaugurazio instituzionala. Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak, eta Ordiziako Udaleko ordezkari batek hartuko dute hitza.
  • 09:25-10:15. Gipuzkoako Azoken Sarea hitzaldia. Hizlaria: Arantza Madariaga Elika Fundazioko zuzendaria.
  • 10:15-10:55. Sistemas alimentarios territorializados hitzaldia (gazteleraz). Hizlaria: Daniel Lopez, Ciudades Agroecologicas elkarteko kidea.
  • 11:00-11:30. Kafea hartzeko tartea.
  • 11:30-13:30. Mahai-ingurua. Partaideak: Andoni Mikelarena (Biziola-Bizigaia), Ainhoa Narbaiza (Erein da Jan), Iñaki Mendarte (Zopazoka) eta Urdaspal Urkiola (Durangoko Azoka).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>