Morroi bat zuzenduz

Igor-SusaetaIgor Susaeta • Kazetaria

Ezin sinetsita nago. Irimoko gurutzerako eskailerak igotzeko lehen pausoa eman behar nuenean gertatu zen, lehengo astean. Batez ere euskaldun zintzook bete ohi dugun eta inon idatzita ez dagoen arau bat sistematikoki urratzen zuen pertsonetako bat ere zuzendu dugu. Zorionekoak gu, ondo ari gara. Ohiturari jarraituz begiratu ere ez nion egin behar, eta morroiak ustekabean harrapatu ninduen. «Aupa!», esan zidan. «Bai, aupa», erantzun nion, arnasestuka. Ez dut esango momentu epifaniko bat izan zenik, baina hor nonbait. Izan ere, beste batzuen ahotik ere entzunda daukat inoiz ez duela inor agurtzen. Hori da hori nortasuna edukitzea…

Azkeneko 20-25 urteotan sarri topo egin izan dut mendian harekin, izan eguzki galgatan, izan elurpean, eta inoiz ez dit diosalik egin. Ohituta nengoen, nahiz eta onartu behar dudan ikaratzeko modukoa ere iruditzen zitzaidala Izazpiko bakardadean morroiarekin gurutzatzea eta elkarri aurpegira ere ez begiratzea. Amorratutako zakur bat atzetik jarraika edukiko banu lagunduko ninduen? Auskalo… Lagun min batek, gainera, nire beldur horiek elikatu ohi zituen morroiari buruzko istorio izugarriak asmatuz. Ea hurrengoan ere «aupa!» esaten didan. Baina nago ni ezingo dudala berme guztiekin frogatu, anaia biki bat baitu eta ez baitut bereizten.

Orduan, bizikletan ibiltzen direnei eta errepidean beste txirrindulariek agurtzen ez dituztela kexatzen direnei eskatuko nieke pazientzia eduki dezatela, azkenean lortzen baita jendea zuzentzea. Ahal da. Beste gauza bat da jaioterritik 1.000 kilometrora edo 2.000 kilometrora egotea, eta herrikidea irribarre konplize batekin ere ez agurtzea. Hori gertatu zitzaidan iaz. Gu taberna bateko terraza batean geunden, eta gure paretik igaro zenean mutilari begiratu nion agurtzeko asmoarekin. Begiratu ninduen, baina kopetatik gora bezala, agurtzeko asmorik gabe. Gustura barre egin nuen ene patetikotasunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>