Eneritz Gorrotxategi
Nahikoa da. Bata bestearen atzetik ari dira azaleratzen: orain bat, gero bestea… Eta azkena, Nazioarteko Diru Funtsaren buru izandakoa? Amnistia fiskalaren sasoia probestu omen du dirua zuritzeko. Noraino iritsi behar ote dugu? Nor izango ote da hurrengoa? Badirudi egunerokoa bihurtzen ari zaigula.
Azken aldian oso gertutik jarraitu dituzte hedabideek Ratoren etxetik bulegora dauden 100 metro eskasak. Badaezpada ez zen oso urruti kokatu. Baina hortxe ikusi dugu, Espainiako Alderdi popularreko buruzagi pisutsuenetako bat, eskuburdinak jarrita, komisaldegitik sartu-irtenean.
Zer ote da: alderdi popularraren gainbeheraren hasiera? Ez al zen gainbehera lehenago hasi eta orain orduan egindako narraskeria guztiak agerian geratzen ari al dira? Kontatzen hasita ez dira bat eta bi bakarrik. Zer ote diote alderdi popularreko betiko boto-emaileek? Langile arrunta alde batetik eta bestetik itotzeko prest daude eta horrelako dirutzak dituztenak, ez al dira gertuagotik zaindu behar? Bankuak diruz hornitzen dituzte milioika euro emanez, eta bere hipotekaren hilabete bateko kuota ordaindu ezin duena etxea galtzeko zorian jartzea, parekoak ote dira?
Ion Muñoa
Bistan da ez direla parekoak. Bistan da desoreka handia dela. Eta nola ez asaldatu, sumindu, haserretu, nazkatu, nardatu, gogaitu, atsekabetu, aspertu, nekatu… halako gertakari eta berrien aurrean! Sentipen logikoak, justifikagarriak, arrazoizkoak eta ulergarriak dira denak ere. Baina sentipen horien itsaso nahasiaren olatuetan galdu ordez, saia gaitezen prismatikoak norabide egokian jarri eta gure kostaldeetako faro argitsuenak bilatzen.
Eta ez! Ez naiz ari inondik ere ustelkeria kasuei garrantzirik kentzen, ezta ez daudenik eta gehiegi ez direnik esaten ere. Larria da! Bakarra, txikiena izanda ere, salagarria bezain onartezina da. Horra arte ez dut uste inork ezer zalantzan jar dezakeenik. Baina iruditzen zait, Espainiako komunikabide eta eztabaida publikoetan ustelkeria kasuek duten presentziarekin gureak ez diren gaiak lehenengo planora ekarrita, norabidea desbideratuta gabiltzala.
Ez gaitezen engaina! Ustelkeria ez da goierritarrok, gipuzkoarrok edo euskaldunok dugun arazo larrienetako bat. Gure arazoak beste batzuk dira. Gure arazoak askoz gehiago ikusten ditut nik fiskalitateari buruzko eztabaidetan (edo fiskalitate eskumenak kendu nahi dizkigutenetan), eredu sozioekonomikoari buruzko planteamenduetan, hezkuntza kontuetan, ongizate mailari eusteko erronketan, euskal naziogintzaren planteamendu politiko ezberdinetan, euskararen gaineko jardunbideetan, etab.
Baina Rato, Barcenas, Griñan eta antzeko pertsonaia lotsagabe-lapur batzuen gainean fokoa jarrita dugun bitartean, gure eztabaidetarako ahalmen gutxiago dugu, eta espainiar izaeran eta kezketan murgiltzeko gehiago. Faroak gure kostaldean daude, ez Madrilgo meseta zentralean.