Euskaraldiaren iazko lehenengo ekitaldiak Ahobiziak eta Belarriprestak sortu zituen. 2020koak Ariguneak sortuko ditu, entitateak egitasmora ekarri eta erakartzeko. Euskaraldia iraungo duen tartea ere luzatuko dute: 15 egun.
2020an berriro antolatuko du Euskaraldia Euskaltzaleen Topaguneak. Ez da belarriprestik ezta ahozbizirik faltako; halaber, ez dira haiek identifikatzeko txaparik faltako. Iazko guztia egongo da datorren urtean, gehi batuko dituzten berrikuntzak. Aurreko ekitaldian bi lagunen arteko berriketa ohiturak aldatzeko gonbidapena egin bazuten, hura berresteaz gain, zabaldu egingo dute hurrengoan. Euskaraz aritzeko aukera sortzen diren guneak, egoerak eta espazioak jomugan, entitateen babesean jarduten diren espazioetan jarriko dute fokua. Horiek izango dira, hain zuzen, Ariguneak; hau da, elkarrekin euskaraz aritzeko gune kolektiboak euskararen hariaz josiko dituzte. Finean, erakunde publikoak, lantokiak, elkarteak zein kirol taldeak izango dira, besteak beste, Ariguneak.
Ariguneetan ahobiziak eta belarriprestak arituko dira eta ohiko nahiz eguneroko taldeen gerizpean hizkuntza ohitura berriak sortuko dituzte, hala kanpoko harremanetan nola barnekoetan; entitateei ere inplikazioa eskatuko diote.
Ariguneena ez da berrikuntza bakarra izango. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo dute Euskaraldia, hau da, hamabost egunez iraungo du hizkuntza ohiturei astinaldia emateko bokazioa duen egitasmoak.
11.000
Goierritar baino gehiago. Euskaraldiaren lehenengo ekitaldian Goierrin 11.243 lagunek parte hartu zuten Belarriprest zein Ahobizi rolak jokatuta. Guztira 225.000 lagun inguruk parte hartu zuten, 400 bat udalerritakoak. Goierriko parte hartze kopurua, euskal eskualde guztiak aintzat hartuta, zortzigarrena izan zen.