
Mattin Intxausti Arrizabalaga (Idiazabal,1996) Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzia Gradua bukatzen ari da Gasteizko fakultatean. Horrez gain, Ikasle Abertzaleetako (IA) kidea ere bada.
Maiatzaren 25etik IAk greba mugagabeari ekin dio.
Bai ala da, maiatzaren 14ean burutu genuen deialdia. Egun horretan hezkuntza sailak gobernu zentralaren berme juridikoen faltan maiatzaren 18ko eskolara itzulera 25era atzeratuko zuela plazaratu zuen. Gu, dagoeneko lehen eskolaratzearen aurka azalduak ginen eta Eusko Jaurlaritzaren egoskorkeria zein arduragabekeria ikusita eta ikasleoi uzten ari ziren erabakitzeko gaitasun ezaren aurrean, grebaren erremintara jo genuen, zirku honetan ikasleon interesak defendatzeko intentzioarekin. Hala, maiatzaren 25etik aurrera eskoletarako itzulerarako deituak zeuden mailatan, 3. ebaluazioarekin jarraitzeko klaseetarako itzulera ematen zen ikastetxeetan greba deialdia luzatu genuen.
Zeintzuk dira greba egiteko helburu nagusiak?
Nagusiki 2 helburu markatu ditugu. Alde batetik, presentzialki egiteko jarduera ez esentziala aurrera eramateko ikastetxeetarako itzulera gelditzea: adibidez 3. ebaluazioa bukatzeko geratzen diren klase apurrak presentzialki egitea geldituz. Beste aldetik, grebarekin ikasleon oporren egutegia mantentzea grebaren bigarren baldintza bezala markatu dugu.
3. ebaluazioaren amaiera eta gainditze automatikoa ere aldarrikatu dituzue.
Hala da bai, hilabete oso mugituak izan dira denontzat, gure aldetik, apirilaren 7an momentuko egoeraren aurrean hartu beharreko 6 puntu biltzen zituen programa kaleratu genuen, Ikasle Abertzaleok-en posizio politikoa argituz. Labur esateko, hasieratik gure posizio nagusia ez ohiko egoera honetan benetako ez-ohiko neurriak hartu behar zirela aldarrikatzea izan da; krisi honen ondorioak sektore zapalduena den langile klaseak ez ordaintzea aldarrikatzearekin batera. Horretarako beste 5 punturen artean, 3. ebaluazioa dagokion kalitatean eskaintzeko aukeraren ezintasunean, ebaluazio honen ebaluaketa bertan behera geratzea eta beraz automatikoki gainditzearen alde egin genuen, edukia transmititzea posible zen kasuetan online klaseak borondatezko mantentzeko zein baliagarria zen materiala ikasleei eskaintzeko aukera proposatzearekin batera. Posizio hau izatean, 3. ebaluazioarekin jarraitzeko ikastetxerako itzulera ere desegokia ikusten genuen eta halaxe aldarrikatu genuen apirilaren 25ean atera genuen aldarri nazionalen zerrendan.
Gaur gaurkoz, gure posizioa mantentzen jarraitzen dugu, horregatik orain 3. ebaluazioaren gainditze automatikoa, eta beraz, dena gainditu dutenentzat kurtso akademikoaren amaiera aldarrikatzen jarraitzen dugu. Gure ustez aukera hori izan baita eta izango da hezkuntza komunitateak inongo beharrik eta zentzurik gabe bizi izan dugun ezegonkortasun eta egoera kaotikoa ekiditeko edo ekidingo duen aukera.
“Ez gara zuen esperimentu izango” da kanpainaren lema.
Bai, gure ustez, harrigarria eta arduragabea izaten ari da lehenengo momentutik normalitatea mantentzeko hartu duten erabakia. Errealitateak erakutsi digu ezinezkoa zelako konfinamendu egoeran, ezagutzen dugun hezkuntzako zutabe nagusiak (ebaluazioa, curriculuma, derrigorrezkotasuna) hipotekatu gabe aurrera jarraitzea. Galdetzea besterik ez dago edozein irakasle, ikasle edo gurasori ea zenbat denbora gehiago eskaini behar izan dion egun hauetan bere ikastetxeko zereginei edo egoera honek sortu dion estresak ez ote dion beste ezer hipotekatuko… Baina pertsona lehiakorrak (izan soldatapeko lana bilatzeko edo denetan ederrena izateko) izateko heziak garen gizarte batean agerian geratu da ezin dela lehiakorrak izatera bideratutako hezkuntza akademiko hau geratu.
Galderara itzuliz, gure ustez, egoera honetan (osasun neurriak eta ikasturte amaiera ate joka dagoenean) ikastetxerako itzulera arduragabea izateaz gain, zentzugabea da. Zoritxarrez ordea “herri libre honetan” erabakitzeko gaitasunik ez dugunez ez dagokigu guri erabakitzea, eta itxura du gaitasun hau dutenek zentzuzkoa ikusten dutela itzulera hau, lehen aipatu bezala ez-ohiko egoera honetan normaltasun handienarekin jokatzea zentzuzkoa ikusten zuten bezala. Agian, “zentzuzkoa” esatea, motz geratzea izango litzateke, azkeneko asteetan gauzatu dituzten ikastetxeetarako itzulerari buruzko aldaketa kontaezinak egin eta gero.
Hala, argi geratu da premiazko interes bat ikusten dutela itzuleran, gure ustez, datorren kurtso hasierara begira esperimentu-froga bat gauzatu nahi dute honekin. Alegia, ikastetxeek egoera berri honetan hartu beharko luketen forma berria esperimentatzeko laginak izatea nahi dute. Krisi batetik bestera gizarteak jasotzen duen berregitura bakoitzean hezkuntzak paper garrantzitsua jokatzen duen heinean, ezinbestekoa izaten da honek bere lanak ongi betetzeko berregituraketara behar bezala egokitzea. Eta gure irakurketak norabide horretan doaz. Etorkizuna kezka askorekin erreparatzen dugu. Hitz gutxitan esateko, hezkuntzaren digitalizazioaren gerturapenak, edukiak barneratzeko kalitatea jaisteaz gain, korporazio teknologikoek (google, microsoft, amazon,…) hezkuntzaren gaineko kontrola areagotzea zein kontrol sozialerako aukera handitzen ditu. Eta ez dugu uste langileon emantzipazioaren alde borrokatzen dugunon norabide berdinena joango direnik.
Selektibitatea prestatzeko ikasgelak zabalduko dira datorren astean.
Bai ala da, oraindik itxura du errefortzu klase presentzialei edo digitalei dagokionez tokian toki desberdina izango dela. Behin baino gehiagotan esan dugun moduan, errefortzu klase presentzialak jasotzeko itzulera begi onez ikusten dugu, beti ere hau borondatezkoa eta osasun neurriak errespetatzen badira. Zoritxarrez egun, ikasleria modu zuzenean edo zeharka behartuta dago selektibitatea egitera, beraz, ikasle antolakunde bezala ezin dugu beste aldera begiratu. Hezkuntza langileon kontrolpean egoteko borrokatzen dugun heinean ez gaude selektibitatea bezalako azterketa klasista eta arrotz baten alde, baina aipatutako kontrol horren faltan, behartuak gaude gutxienez unibertsitatera sartzeko hautaprobak ikasleek aukera berdinetan egiten dutela defendatzea.
Eta Goierrin zer?
Hasieran aipatu bezala greba mugagabea deitu dugunez adi ibiliko gara kurtso amaiera honetan aipatutako baldintzak errespetatzen direla bermatzeko, hau betetze ez den kasuetarako prest edukiko dugu greba deitzeko aukera.
Zurea da hitza.
Bi gauza aipatu nahiko nituzke. Hasteko Txindoki Ikastetxeko ikasleek egoera berezi honetan aurrera eraman duten izan duten heldutasuna eta borrokarako jarrera txalotu nahiko nituzke, hau hauspotu eta zabaltzen aritu diren Goierriko gainontzeko ikasleak bezala. Txindokiko zuzendaritzaren jarrera, zoritxarrez, ez da ikasleen pare egon. Bestalde, Goierriko hezkuntza komunitateko kideei zuzendu nahiko nieke greba deialdia babestu eta zabaltzeko eskatzeko. Garai gogorrak etorriko dira datozen urteetan-eta.