Tobera Musika Eskolak aurten, berritasun modura, organo eskaintza atera du ikasleentzat. Ainhoa Enatarriaga legazpiarrak eta Iñaki Sanchez lazkaotarrak gazteengan organoarekiko interesa handitu dela nabari dute.
Organoa eta haren soinua elizekin lotuta egon da mendez mende, eta lotura hori badauka oraindik ere. Izan ere, gehienak elizetan daude. Gaur egun ere ezkontza, hileta zein beste elizkizun batzuetan gozatu daiteke instrumentu handi horren musikaz. Elizaren instituzioaren kontuetaz harago, baina, kontzertu eta ekitaldi ugari antolatzen dira organoaren bueltan. Goierrin, azken urteetan, interesa piztu du instrumentuak, eta zenbait ikastaro egin dira hura ezagutu edo jotzen ikasi ahal izateko, gazteetatik hasita.
Zegamako, Zeraingo, Segurako eta Mutiloako Tobera Musika Eskolak aurten, berritasun modura, organo eskaintza atera du lehendabiziko aldiz. Ez da ohikoa, musika eskola gutxitan baitago organo eskaintza. Horretarako, Zegamako eta Segurako parrokiekin hitzarmena sinatu du Toberak, bertan emango baitira klaseak. Ainhoa Enatarriaga (Legazpi, 1975) piano irakasleak azaldu duenez, «organoa sustatzeko eta ezagutzera emateko» erabaki dute ikastaroa martxan jartzea. Organistak falta direnaren ustearen kontra, azken urteetan organoaren inguruko jakinmina handitu dela nabari du.
«Ez da bakarrik elizako eginkizunetan erabiltzen, eta urte guztian zehar kontzertu eta ziklo ugari egiten dira». Donostiako Hamabostaldian organo zikloak antolatzen dira, Ataunen eta Legazpin ere bai, Legazpikoa Enatarriagak berak prestatzen duena. Bere esanetan, ezjakintasun handia dago, elizarekin bakarrik lotzen delako. Horri aurre egiteko, kontzertu askotan proiektoreak jartzen dira, entzuteaz gain, organoa nola jotzen den ikusi ahal izateko. Haizezko instrumentua da. Fatxadako tubo handiez gain, kaja handi bat izaten dute, teklatu kopuru ezberdinak, erregistroak, sekretuak eta pedalier-ak. Erregistroen bidez, entzunarazi nahi diren tuboak aukeratzen dituzte organistek. Oinekin ere jotzen da, pedalier-en bidez. «Ezagutzen ez baduzu, ikusgarria da. Organo guztiak, gainera, desberdinak dira, izan tamainagatik edo eraiki den garaiagatik». Azken urteetan tiradizoa izaten ari den instrumentua da. Toberaren eskaintzarekin, organoaren mundua jendarteratu nahi dute. Tamainagatik gehienak elizetan daude, eta «akustika oso aberasgarria» eskaintzen du horrek, baina beste toki batzuetan ere aurki daitezke. Bilboko Euskalduna Jauregian badago bat.
Hiru ikasle
Iñaki Sanchez (Lazkao, 1998) organista gazteak Ataunen ematen ditu organo klaseak, 2021-2022 ikasturtetik. Aurten hirugarren ikasturtea hasi du. Atauniker kultur elkarteak, Ataungo Udalak eta San Martingo Tours-eko elizako laguntzaileek proposatuta hasi zen, batetik, herrian organista falta sumatzen zutelako, eta, bestetik, organoa ikasteko interesa zegoelako herrian bertan. Arazoa zera zen: organista berri horiei oinarrizko hizkuntza musikala emateko gabezia zegoela. Hala, iragarki bat kaleratu zuten, oinarrizko ikasketak zituzten ikasleei eta era berean organoa ikasi nahi zutenei deituz.
XVIII. mendekoa
«Balorazio oso positiboa» egin dute deialdiaz. Lau ikaslerekin hasi zen, eta lau horietatik hiruk jarraitzen dute, 23 eta 30 urte dituztenak. Asteazkenean hasi zuten ikasturte berria. «Seinale ona da, gustura daudela esan nahi duelako. Jakin mina badago, desira bat dago, eta adin horiek politak dira organoa jotzen ikasten hasteko». Ataungo San Martingo Tours-eko elizan ematen dituzte eskolak. Sanchezen hitzetan, «luxu bat» da hori. «Estilo aldetik baldintza asko jartzen dituen organoa da, baina organo historiko batean klase ematea ez da kontserbatorioetan ere gertatzen. Zorte handia daukagu». XVIII. mende amaierako organo barroko iberiarra da. Nahiz eta beste instrumentu batzuekin alderatuta oraindik organoan jende gutxi dagoen, «zorionez jende gazte gehiago ikusten» dela nabarmendu du lazkaotarrak.
Pianotik organora
Musikenen organo ikasketak egin ditu. Lazkaoko Musika Eskolan pianoa ikasten hasi zen, eta piano ikasketekin jarraitzeko asmoa bazuen ere, organoa ezagutzean azken horrekin jarraitzea erabaki zuen. Bere bizilaguna zen Isidro Blanco Lazkaoko parrokiko organista izandakoak bultzatuta ezagutu zuen organoa. «Ez nuen ezagutzen. Beldurra kendu, ausartu eta 13 urterekin mezetan jotzen hasi nintzen».
Izan ere, oraindik ere organoaren bueltan aurreiritziak daudela nabari du. «Ezagutzen ez dugunak beldurtzen gaitu, urruneko zerbait bezala ikusten dugu eta ez gara inoiz gerturatu». Elizkizunetan hasi eta bere kabuz ekin zion gero, errepertorioa entzuten lehenengo, eta bere piano irakaslearekin ondoren. Anekdota modura dio, bere irakaslea zen Fredi Pelaezek ere organoa jotzen zuela, baina ez batak ez besteak ez zutela horren berririk hasieran. «Biok organistak izanda, ez genekien bestearenaz, eta nik uste hori jendeak pentsatu dezakeenagatik gertatzen dela».
Gauzak aldatuz doaz, dena den, eta organoaren munduan antolatzen diren ekitaldi eta ikastaroekin iger daiteke «boom» hori, Sanchezek dioen bezala. Batez ere «musika barrokoaren igoera» egon da, «baina organoak ere ikaragarrizko igoera» izan du, eta ikastaro asko gainjarrita egon omen dira. Sanchezek uda honetan zenbait ikastarori ezetz esan behar izan die agenda betea zuelako. «Poztekoa da geroz eta gazte eta orokorrean jende gehiagok agertzea interesa, aurreiritziak alboratuta».
Izena emateko deia
Tobera Musika Eskolaren organo klaseetan izena eman daiteke oraindik, tobera@tobera.org helbide elektronikora idatzita.