Monica Leiva • Kazetaria
Duela urte batzuetatik hona euskal auzotasuna dudan arren, Badalonan jaio eta hazi nintzen, eta azken egunotan inguruko pertsonek ez zekiten Amnistia Legea dela-eta zoriondu edo ez. Positiboa da? Katalunian hamarkada bat baino gehiago tentsio handian daramagu, liskarrean, gainbeheran. Bidaia horretan pozteko gaitasuna galdu dugu. Politikari dagokionez, Amnistiak ‘denak barruan’ eszenaratu du eta hori, noski, positiboa da. Nolanahi ere estatu-krisia behin betiko ixten den eta nola ixten den jakiteko hautatu berri den Europako Parlamentua osatu arte itxaron beharko da. Guda, magnizidioak, gorroto delituak, errefuxiatuak eta eskuin muturra Europara itzuli dira. Demokrazia liberalen tentsio eta konfrontazioaren erdian, ‘kausa katalana’ beste betiereko kausa batzuk bezala instrumentalizatu liteke. Adi egon beharko dugu. Izan ere, Kataluniako ondoezaren azpian dauden kausek (bidegabekeria politiko, judizial eta ekonomikoaren sentsazioa, hizkuntza eta kulturaren atzerakada, autogobernuaren galera) bere horretan jarraitzen dute eta lehenago edo geroago berriro agertuko dira. Honaino ezer berririk ez.
Hala ere, Proces-ak 80ko eta 90eko hamarkadetan izan genuen kohesio eta pertenentzia espiritua suntsitu du. Amnistiak ez du hori berregingo. Kataluniaren soziologia konplexua da. Hainbat hamarkadatan, gehiengo parlamentarioak gizartea kohesionatzearen alde egin zuen, katalanismoaren goiburuarekin: Katalana ‘qui viu i treballa a Catalunya’ da. Funtsezko ideia gutxi batzuen inguruan kataluniarrak kohesionatzen zituen: hizkuntza, kultura eta autogobernua. Munduko lau izkinetan jaiotako katalanek berea egin zuten eta defendatzen zituzten ideia horiek, beren burua modu esentzialistan definitu beharrik ez zutelako. Katalana eta andaluza, katalana eta beltza, katalana eta musulmana izan zitezkeen. Murgiltze linguistikoak funtzionatzen zuen, igogailu sozialak ere bai.
Independentismoa mugimendu nagusi gisa sartu denez, bakoitzak Espainiaren eta Kataluniaren artean erabakitzera behartu izan du. Planteamendu bitarra sartu da eta horren arabera, norberaren baieztapena bestearen ukapenetik pasatzen da. Diskurtso subiranista batzuk atzerritar gisa etiketatu ditu Kataluniako biztanleriaren erdia eta, ondorioz, arrazoi komunek indarra eta zilegitasuna galdu dute.
Hazi nintzen Katalunia desagertu egin da, Atlantida bezala, eta hondoratzean Aliança Catalana, eskuin mutur xenofobo eta independentista, ekarri du, Mendebaldeko Katalunia berreskuratu nahian. Auskalo horrekin zer esan nahi duen baina, kontuz, izurrite guztiak kutsakorrak dira.