Antton Fernandez • Dantzaria
Aurten 200 urte dira Juan Inazio Iztuetak Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburu mardula argitara eman zuenetik. Bestela galduko ziratekeen antzinako dantza askoren berri ematen digu zehazkiro liburuan; baita pausoak xehe-mehe zehaztu ere.
Iztuetaren hitzak dituzue hauek: «SENTZILOA egiten da honela: lehendabiziko puntu edo konpasean, egin behar ditu oin biakin lau mugida edo kolpe modu honetan: 1) eskuineko oina altxaturik, punta saihetseruntz, lurrera begira duela, eragin behar dio berari kanpo aldera. 2) Ifini lurrean ezkerregoagandik arrada t’erdiz apartago, erpoa airean eta ezkerrokoaren erdiko sakanera begira duela…».
Sentziloa eta zaldibiarrak deskribatutako gainerako pausoak konbinatuz, dantza asko eratzen dira. Dantzariak berak koreografia osatzen du, bat-batean edo aurrez prestaturik. Hiru lege zorrotz bete behar dira horretarako: 1) errazetik zailagora egitea beti urratsak. 2) simetria: alde batera egiten dena bestera errepikatzea. Eta 3) esaldi musikal bakoitza itxitura esaten zaion pausoz amaitzea (esaldi horiek denbora iraupen desberdinetakoak izaten dira).
Gure dantzak mundu zabalean ezagutzen diren ereduzkoak dira; herrialde bakoitzak bere modu eta manerak eman izan dizkie. Antzinako garaietan langileen gremioek, kofradiek, auzoek eta koadrilek taldeak antolatzen zituzten, eta herriko jaietan jendearen aurrean harrotasunez erakusten. Garai hartan dantza hezkuntzaren atala zen.
Juan Inazio Iztuetak, beste hainbat adiskide euskaltzaleren laguntzaz, dantza maisu bihurtu ziren ikasleak prestatu zituen, eta egun haiei denei esker jarrai dezakegu. Inguruko dantzak ikasteko okasioa dugulako historiaren katebegi sentitzea ez al da benetako ohorea? ■