Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Ederra da liburu bat irakurtzen ari zarela, liburu hori idatzi duenari mezutxo bat bidaltzeko aukera izatea. Halaxe idatzi nion: «Gozatzen, Oihane. Alaba siestatik ezin esnatu eta hementxe-oraintxe zu eta zurekin irakurtzen». WhatsApp-a ttak Oihane Amantegiri. Cayo Hueso liburuaren sortzailea da Oihane. Bulkadari ezin eutsi eta jakinarazi behar niola sentitu nuen. Poztu egin zen, noski. Hari hori, berezia da idazlearen eta irakurlearen artean tenkatzen den hari hori.
Usaina du Cayo Hueso liburuak. Eta, gainera, usaina dario. Usaina ukitu egiten da. Eta entzun. Entzun egiten da usaina. Eta liburua. Arrastoa uzten du airean eta irakurlea atzetik jartzen du ttipi-ttapa. Zaila da liburua esku artean estutu gabe aurrera egitea. Liburu batzuk besarkatzeko dira, itsatsita eramateko.
Ez dizuet kontatuko zeri buruzkoa den liburua, zeintzuk diren pertsonaiak, nola egiten duen hitz bakoitzak txirristan behera. Ez dizkizuet zergatiak kontatuko. Cayo Hueso Floridako uharte galdura oparituko dizuet txartela. Egin behar duzuen bakarra: liburua begiak itxita irakurri.
Harribitxi batzuk oparituko dizkizuet, koadernoak kolorez, laztanez eta gozokiz betetzen dituzten horietakoak. Gustatzen zait liburu bat irakurri bitartean koaderno ttiki batean jasotakoak ingurukoekin partekatzea. Gustatzen zait liburua hezur bihurtu eta mamiari hozka egitea. «Propio bizi gara hemen, kontinenteak ez dezan itsasoko ura ahaztu», «Kubako argiak ikusten omen dira, inork sekula ikusi ez baditu ere. Gezurrak esateko daude», «Ez denik ikusten ez duenak ez daki begiratzen», «Bizitza osoa eman daiteke ailegatuko ez den zerbaiten esperoan», «Milaka konbinazio infinitu, hori gara eta funtsean». Bai, hori gara funtsean: liburu bat. ■