Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Gauerdia da asmo baten bila eseri naizenean. Atseginez idatzi ohi dut, baina gaur nekatuta sumatzen dut nire burua. Damu zait lehenago egin ez izana, eta lasai bizitzeak zenbat balio duen etorri zait gogora. Baina, egiari zor, lasai bizitzearen kontra nago.
Hainbatetan entzun dut lasaiago bizi behar nukeela. Arrazoi dute. Askori pasako zitzaigun garaika neurritik irtenda ibiltzea, ondoezik amaitzeraino, gaixotzeraino. Ez baita erraza neurria hartzen, ezin baita beti neurria hartu.
Physis Versus Nomos talde donostiarraren Izarkia kanta buruan bueltaka darabilt. «Lasai bizi, ez dago ezer gehiago. Zer zara zu? Ez zara arrisku. Pentsatzen dituzunak, nork aukeratzen dizkizu? Logika du: dependentzia hautatu».
Miretsi egiten ditut eguneroko malabaristak: biharamuneko tuperra prestatzeko astirik ematen ez dietenak, korrika egitera gaueko 22:00etan joaten direnak, besteek hautsiak konpontzen saiatzen direnak txintik esan gabe, loari orduak lapurtzen dizkiotenak asmo kolektiboei emateko.
Lasai bizi ahal izatea salbuespena da munduan -pribilegio bat, nahi bada- , eta gurean ere izango da berandu baino lehen. Asko lokatzetan dabiltzan artean, gu oraindik oinetakorik zikindu gabe bizi gaitezke. Baina jaistea dagokigu, hankak lokaztea, arrisku bihurtzea. Eta horrek, nahitaez, lasai bizitzeari uko egitea esan nahi du.■