Miriam Mandiola Azarola (Gabiria, 2002) Donostian, Deustuko Unibertsitatean, Gizarte Lana eta Gizarte Hezkuntza Gradu Bikoitza ikasten ari da. Egun, 5. mailan dago eta joan den ikasturte amaieran Gradu Amaierako Lan gisa Goierriko hirugarren sektorean, bereziki zaintza eremuan, emakumeek duten papera aztertu zuen. Azaroaren 30eko zaintza grebaren lehenengo urteurrenean zaintza lanak ekarri nahi izan ditu erdigunera.
Zer ondorio nagusi atera dituzu ikerketan?
Ikerketa honetan, Goierriko hirugarren sektoreko emakumeek zaintza-lanetan duten eginkizunaren garrantzia aztertu dut, eta bi elementu nagusi nabarmentzen dira. Lehenengoa, emakumeek egiten dituzten zaintza-lanak historikoki eta egungo egoeran ez direla behar bezala aitortzen ikusi ahal izan dut, izan lan baldintza aldetik zein gizartearen partetik. Gizarteak ez du baloratzen zaintza-lanaren garrantzia, eta horrek genero-desberdintasunak areagotzea dakar arlo honetan ere. Bigarrenik, lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da, bai langileen ongizatea bermatzeko, bai zaintza-lanen kalitatea hobetzeko. Gehiengoa emakumeak diren lan honetan askotan ikusezinak eta gutxietsiak izaten dira pertsona hauek, baina badirudi zaintza gizartearen ongizatearen oinarria dela ahaztu egiten zaigula sarri.
Zaintza arloko zein profil elkarrizketatu dituzu ikerketarako?
Zortzi izan ziren guztira: irabazi asmorik gabeko elkarte bateko kide bat, erresidentzia bateko langile bat, pertsona helduen etxeko zaintzaile bat, eguneko zentroan desgaitasun intelektuala duten pertsonekin lan egiten duen pertsona bat, etxez etxeko laguntza eskaintzen duen langile bat, adinekoen egoitza batean boluntario gisa aritu den emakume gazte bat, laguntzaile bat eta mugimendu feministako kide bat. Hauek guztiek ikuspegi aberatsa eta askotarikoa eman didate ikerketarako.
Zaintza-lanen sektorean zein erronka nagusi daude Goierrin? Eta horiek nola eragiten dute langileengan?
Erronka handienetako bat lan-baldintzak direla aspaldiko kontua dela esango nuke, izan Goierrin zein euskal zaintza sistema osoan. Zaintza-lanetan aritzen diren langileek, gehienak emakumeak, lan karga handia jasaten dute, eta horrek fisikoki eta emozionalki eragin handia dauka. Lanaldi luzeak, baliabide eskasak eta prestakuntza falta ere faktore erabakigarriak dira. Horrek kalte egin die langileen osasunari eta lanaren kalitateari, baita zaintzapean dauden pertsonen ongizateari ere. Gaur egun, lan hori egiteko behar diren trebetasun emozional eta sozialak ikaragarriak dira, eta, hala ere, lan hau ez da balioan jartzen. Beraz, erronka nagusiak balioan jartzea eta baliabide humano, ekonomiko zein materialetan inbertsioak egitea direla uste dut.
Nolakoa irudikatzen duzu zaintza sektorea etorkizunean?
Sektorean aldaketa handiak egoteak asko poztuko ninduen eta uste dut badagoela aukera horretarako, baina ez dago gure esku askotan, izan ere, politika publikoak eta gizarte-aldaketak sektorearentzat ezinbestekoak dira etorkizun bizigarri bat izan dezaten zaintza arloan. Emakumeek sektorean egiten duten lanaren aitortza eta horren balorazioa sustatzeak eragin positiboa izango du sektorearen osasunean. Ikerketak erakusten duenez, lan baldintzak hobetzea eta prestakuntza egokia izatea beharrezkoa izango da, baina baita langileek erabakiak hartzean parte hartzea ere, orain ez bezala. Horrela, gizarte justuago bat eraiki ahal izango da zaintzeko eta zaindua izateko eskubidearekin. Horretarako zaintza sistema errotik aldatzea ezinbestekoa da eta euskal zaintza sistema publiko komunitarioaren bitartez hobekuntza hauek egi bihurtu daitezkeela esango nuke, baina lan handia dago egiteko. ■