Angel Garciak irabazi du bigarrengoz III. Mariren Kobak Trail

Angel Garcia izan da larunbatean Irantzuko monastegiko aparkalekua (Abartzuza, Nafarroa) eta Zegamako plaza lotzea lortu zuen lehen partaidea, Iruaitzetako begia (Urbasa), La Leze (Altzaniako mendilerroa) eta Elurzulo (Aratzeko tontorraren ondoan) haitzuloetatik igaroz. Bigarren Hanot Etxeberria bizkaitarra sailkatu da, eta hirugarren Aritz Ugarte idiazabaldarra. Hiru horiek dira antolatzaileek jarritako orduan iritsi ziren bakarrak. Beste goierritar bat ere atera zen, Aitor Zunzunegi legorretarra, baina Araiara galduta iritsi zen, eta han utzi zuen proba.

Hirugarren edizioko 21 partaideak, Irantzuko monastegiko aparkalekuan.Antton Guaresti

8:00etan puntuan abiatu zen Mariren Kobak Trail lasterketaren hirugarren edizioa, Nafarroako Irantzu monastegiko aparkalekutik. Aurtengoan eguraldi ez zen inondik inora aitzakia izan.  Eguraldi paregabea atera zen. Eguzkia eta pasa den astean egindako elurra lagun, abentura euskal mitologiarekin eta mistizismoarekin lotzen dituen lasterketa dotore atera zen.

Iruaitzetara taldetxotan banatuta
Irteera hartu zuten 21 parte-hartzaileak taldetxotan iritsi ziren Urbasako parke naturalean kokatzen den Iruaitzetako begira, bertan Jentilak zeuzkaten zain koba horretako harri eta hurrengo kobarako bidea agertzen zen maparekin beraien azpian lainozko itsaso bat zutela. Hortik, parte hartzaile bakoitzak bide ezberdinak hautaturik lehen asistentzia gunerako bidea egin zuten, Urbasa eta Andiako Parke Naturaleko bisitarientzako arreta zentroaren inguruan kokatua zegoena.

Jentilak Iruaitzetako begian.Antton Guaresti

Hiru orduz azpitik pasa ziren buruan zihoazen bost partaidez osatutako taldetxoa; bertan pasa den urteko irabazle Angel Garcia, Hanot Echeverria bizkaitarra eta hiru edizioetan parte hartu duen Ruben Marc Cano bezalako korrikalari bikainak zeuden. Bost minuturen tartean hiru euskal korrikalari gaztek osatutako beste taldetxo bat iritsi zen: Aitor Zunzunegi legorretarra eta Erik Arozena eta Beñat Aizpuru irundarrak.

Lezeko haitzulora hamahiru partaide
Handik zuzenean, Andoingo lepora joan ziren parte hartzaileak hau derrigorrezko igarobidea baitzen bigarren kobarako bidean. Pasa den urtean soilik bi iritsi baziren Lezeko haitzulora, Altzaniako mendilerroan, aurtengoan 13 parte hartzaile iritsi ziren 14:30etan itxi zen bigarren kobara. Bertan Mari jainkosa eta Basajaun zituzten zain bigarren harri preziatuarekin eta galtzagorriek eman zieten hirugarren kobara iristeko beharrezko mapa.

Partaideek behar bezala tratatu zuten Mari, inoiz begietara begiratu gabe eta inoiz bizkarrik eman gabe. Kobaren ondoan dagoen aparkalekuan zegoen bigarren eta azken asistentzia puntua, eta lau ordu eta erdian pasa ziren bertatik Angel Garcia eta Hanot Echeverria. Hamabost minutura Idiazabalgo Aritz Ugarte zetorren, ea aurrekoak noiz harrapatu.

Bidean baten bat galdu bazen ere –Aitor Zunzunegi tartean–, nahiko garbi zeukaten guztiek Aratz aldean zegoela hirugarren eta azken koba. Igo aurretik ikusita bidean zegoen elur kantitatea aurreko asistentzia puntuan kaskoa hartu behar izan zuten eta Elurzulo kobarako bidea hartu. Bertan, segurtasun arrazoiak medio, Akerbeltz eta Galtzagorri zeuden haitzuloaren sarreran eta Akerrak adarrak okerrak ditu esan ondoren ematen zieten azken harria partaideei.

Aratz inguruan elurra egon bazegoen artean.Antton Guaresti

Zegamara hiru korrikalari orduaren barruan
Angel Garcia iazko irabazlea izan zen helmugara iristen lehena. 6 ordu eta 57 minutu behar izan zituen 61 kilometroko ibilbidea egiteko. Raidetan  –World Cup 2012ko irabazlea Kalifornian, Top10 Munduko Reunion Uhartean 2019an eta 11 aldiz Espainiako raid txapeldun– eta Orientazioko BTT –3 aldiz 2020ko Europako txapelketan– probetan aditua da.

Handik 12 minutura sartu zen lehen edizioa zuen Hanot Echeverria bizkaitarra eta ia antolakuntzak eman zituen 7 ordu eta erdiak gainditzera zihoazela iritsi zen Aritz Ugarte korrikalari idiazabaldarra. Beste 8 korrikalarik ere iritsi ziren Zegamako helmugara, baina horiek jada denbora mugaz kanpo.

Behin helmugan irabazleak buruan zuela zazpo ordutik jaistea eta helburua beteta oso gustura zegoela esan zuen: “Aurtengoan prestakuntza korrikalari azkar bat izaten zentratu dut, lasterketa esplosiboagoa izango zela iragarrita”.

Lasterketa berezia zela aitortu zuen “benetako abentura bat da, ez dakizu inoiz zer aurkituko duzun. Nahiz eta asko pentsatu urtero lortzen dute antolakuntzakoek harritzea eta espektakularragoa izatea”. Giroa ere “bikaina” izan zela adierazi zuen, kilometro asko egin baitzuten taldetxoan zortzi bat korrikalarik batera.

ARGAZKIAK: Antton Guaresti eta Biel Rafols

BIDEOA: Biel Rafols