Emaneurrek Abentura Astea antolatu du, martxoaren 17tik 20ra

Ordiziako Emaneurre taldeak Abentura Astea antolatu martxoaren 17tik 20ra bitartean.”Euskal Herritik mundura eta mundutik Euskal Herria ekarritako bizipenak, erronka zaharrak, bide berriak eta utzita arrastoak” ekarriko dituzte Ordiziako D’elikatuzera. 19:30ean, izango dira saioak. “Mila kontu, mila argazki eta mila bizipen izango ditugu aste horretan, ikuspuntu eta herrialde desberdinetatik ekarritakoak, erronka pertsonalak eta kolektiboa, kulturartekotasuna, hizkuntza gutxituak…”.

D’Elikatuz “abenturazale eta erronkazaleen topalekua” izatea nahi dute, “baina Emaneurreren helburuekin bat, gaur egun gero eta urriagoak diren euskarazko edukiak eta aisia eskainiko dituen tokia ere izango da Emaneurre Abentura Astea”.

  • Martxoak 17: Jo Ta ke. Urko eta Zigor Gonzalez. 4 urtez Jotake belaontzia eraikitzen aritu ondoren, 1984. urtean abiatu ziren Hondarribiatik Gonzalez-Errazki familia (Xanti, Mayi, Urko eta Zigor) . 17 urtez munduari bira eman zioten. Milaka uharte, milaka kultura eta lagun ezagutu zituzten. Presarik eta loturarik gabeko bizimodu hartan bizi izandakoak kontatuko dituzte.

  • Martxoak 18: Oinez Hegan. Imanol Urrestarazu. “Euskal Herriko mendietara oinez igo eta parapentetik, airetik erakutsiko ditu gure bazterrak Imanol Urrestarazu ordiziarrak. Euskal Herriko mendiak, herriak eta bailarak, Pirinioetatik hasi eta Goierriko bazterrak arte”.

  • Martxoak 19: Ziklo Alpinismoa Bolivian. Kattalin de Pedro eta Iñigo Unanue. “Urtebete ibili dira bizikletan mundua deskubritzen. Proiekzio honetan, ezagututako ibilbide bakartietan izandako esperientzia partekatuko dute. Egindako bideak Boliviako eta Txileko hiru parke nazional zeharkatzen ditu eta tartean, topo egindako hainbat gailur igotzea izan dute helburu, Alforjetan garraiatutako mendi material eta boto pisutsuei erabilera emanez”.

  • Martxoak 20: Groelandiako Glaziarrak Kayakean. Mikel Sarasola. “Glaziar baten paretik erortzen ziren ur jauzi batzuen argazki batek piztu zuen Mikel eta lagunen ideia. Ahalko dira ibai horiek kayakean jaitsi? Eta zer egongo ote da horren gainean? Ideia horrek bi urteko esplorazioa ekarri zuen, ur bizietako Kayaka lehen aldiz glaziarren gainera eraman duena. Groelandia eta Svalbard”.