Gorka Lariz • Aktorea eta Urrup taldeko kidea
Izan ala ez izan…». Horrela dio bere bakarrizketa ezagunenean William Shakespeareren pertsonaia ospetsuak, Hamletek, izen bereko antzezlanean, bizitzaren egoera zailei aurre egiteko indarberritzen den eszenan. Bizi izan ditugun egunetan pentsatuta, hitz horiek etortzen zaizkit burura. Tamalez, ez dira gutxi izan aste hauetan agur esateko aukerarik gabe joan zaizkigunak. Udaberriko gauak izar berriz bete zaizkigu.
Shakespearek ere honela dio beste antzezlan batean: «Mundua eszenatoki erraldoi bat da, eta gizon eta emakumeak bertako antzezleak baino ez». Hala bada, oraingoan denoi egokitu zaizkigu ezagutzen ez genituen paperak antzeztea; etxean egin ditugu orduak, leiho eta balkoietan txalo eta dantza saioak… Antzerkiaren munduan gabiltzanoi ere horixe egokitu zaigu. Gure oholtzak alde batera utzi eta gure etxeetatik zuen sakelakoen pantaila txikietaraino heldu gara; zuek entretenitzeko eta zuen egunak alaitzeko mugikorretaraino eraman ditugu saioak, baina hori izan al da dena? Antzerkiak birziklatzeko premia du. Egungo egoerak horretara derrigortzen gaitu eta horretan aritu gara Urrup Antzerki Taldean; dagoeneko, sare sozialetan, gure hainbat muntaia ikus ditzakezue eta Ordiziako Udalak bere Youtubeko kanalean horiek erakusteko aukera ere eman digu; baina gure benetako helburua oholtza gainean antzeztea da.
Esperientzia honek guztiak aberastu egin gaitu, baina zer izango litzateke antzerkia ikusleen berotasunik gabe? Horrek egiten du berezi antzerkia: antzezten ari garen antzezlana, pertsonaiak, egoerak, dramak, algarak, negarrrak… ikuslearekin batera bizitzeak.
Izan ala ez izan… Gu… Izango gara!