«Benetako gertakarietan oinarritutako pelikulek asko markatzen naute»
Oihane Lazkanoiturburu Alustiza (Beasain, 1998) Beasainen jaio zen, baina Zerainen bizi da umetatik. «Onartzea kostatzen bazait ere, nire jaioterria Beasain da. 4 urte nituela Zeraina etorri ginen aitonarengana eta ni zeraindarra naiz», dio. Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako graduak, Pedagogia Terapeutikoan aipamena eta Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa masterra egin ditu. Lehen Hezkuntzako irakaslea da eta Nirekin elkartean ere lan egiten du. Zaletasunei dagokienez, leku berriak ezagutzea, mendira joatea, idaztea, irakurtzea eta Nirekin elkarterako «proiektu txikiak» sortzea gustatzen zaio.
Pelikula edo telesail bat.
Ez dut ahaztuko Voces inocentes pelikula ikastolan ikusi genuenekoa. Benetan gertatutako gertakarietan oinarritutako pelikulek asko markatzen naute.
Musika talde edo abeslari bat.
Euskaraz abesten duten asko ditut gustuko, momentuaren arabera. Emakume abeslari bikainak ditugu. Olatz Salvador, Idoia Asurmendi, Olaia Inziarte… asko gustatzen zaizkit.
Abesti bat.
Xalbadorren heriotzean pasa den urtean utzi gintuen osabaren abestirik gustukoenetako bat zen, eta bera gogoratzeko modua da.
Oporretarako leku bat.
Edozein leku da ona oporretarako konpainia ona bada, hondartza, mendia, gozamena eta lasaitasuna izanez gero.
Liburu bat.
Viaje al pais de los blancos. Ousmar Umar-ek idatzi zuen. Ghanan jaio zen eta 17 urterekin Europara nola iritsi zen kontatzen du. Guztiok irakurrita izan beharreko horietakoa da, zer pentsatua ematen duena.
Kolore bat.
Ilunabarraren koloreak.
Zer gosaltzen duzu?
Denboraz nabilenean ongi eta lasai gosaltzea gustatzen zait, baina astean zehar kafesnea eta ogi txigortu bat. Hori bai, kafesnerik gabe ezin dut eguna hasi.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Anaiak 18 urte bete zituen egunean, Txiletik 6 hilabeteren ondoren inori ezer esan gabe, sorpresan etorri nintzen eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Gutxien espero izandakoan jasotako detaile txikiak. Zutaz oroitu direla ikustea opari ederra da.
Amets bat.
Maite ditudanak alboan izatea eta beraietaz disfrutatzen jarraitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Amak jateko eginiko edozer jatea. Edota, ilunabar eder bateko gaugiroan lagunekin garagardo batzuk hartuz amaitzen ez diren hizketaldiak.
Goierriko txoko bat.
Oamendi. Familiarentzat mendi berezia da.
Zerainen biziko ez bazina…
Herritarren artean errespetua eta herri giro ona dagoen herri txiki euskaldun batean, herritarrek egiten baitute herri bat bizileku atsegin. ■

