Non da Goierriko dirua?
Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Urte asko iragan dira, baina gogoan dut Oarsoaldeko eta Las Indias kooperatibako lagunek esaten zidatela Arrasate oasi bat zela; Leintz Bailarako burbuilatik kanpo, hotz handia egiten zuela. Urte batzuk beranduago Goierrira ekarri ninduen bizitzak, eskualde industriala hau ere, kooperatiben presentzia handiarekin. Baina hemen ere, gauza bera aditzen dut: «Arrasate inguruan dirua dago».
Argitasun bila, Eustateko Errenta Pertsonalaren datuetara jo dut. Gipuzkoa omen da EAEko lurralderik aberatsena, biztanleko 29.559 euroko errentarekin. Arrasate eta Eskoriatza ez dira kopuru horretara iristen, eta doi-doi pasatzen dute Aretxabaletak eta Leintz Gatzagak. Eta Goierrin? Ba Gabiria da Gipuzkoako herri aberatsena, 44.295 eurorekin. Beasain, Lazkao eta Ordizia, guztiak Arrasate baino aberatsago. Beraz, Goierrin hainbestetan entzuten dudanak gehiago du mitotik, errealitatetik baino.
Akaso, ezberdintasuna izango da zer egiten den enpresek lortutako diruarekin. Goierrin ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuetan aritzen garenok sarri begiratzen diegu Leintz Bailarakoei inbidiaz, jakitun baikara talde kooperatibo nagusietako bat gakoa dela proiektuon biziraupenean. Izan energia komunitateak, izan proiektu kooperatibo txikiak edota eskualdeko burujabetza proiektuak. Ez da gauza berria: kooperatiben hastapenetatik egon da harreman estua gizarte ekimenaren eta enpresen artean. Autoeraketa eta kultura kooperatiboa.
Harra piztu zait barrenean. Zergatik sentitzen dira Goierriko proiektu eraldatzaileak umezurtz? Eta ez diet soilik kooperatibei begiratzen, izaera juridikoaz haragokoa baita oinarrian dagoena: herriaren beharrei erreparatu eta gizarte ekimenean sinesten duen gizartea eta, berarekin, enpresa sarea. Deitu iezadazue fagorrista, baina nahiko nuke halako kultura kooperatiboa hemen. ■

