Ormaiztegiko odolkigileen maisu-belaunaldian aldaketa
Ormaiztegiko harakin odolkigileak, jubilatu direnak edo jubilatzear direnak, Basotxulo elkartean: Iñaki Campos, Iñaki Murua, Benito Deba, Jesus Mari Deba eta Jesus Mari Garmendia. Josu Murua falta da. Aimar Maiz
Erreleboa dator Ormaiztegiko Odolkia famatu duten harakinen artean, zenbaiten kasuan bukaera. San Andres bezperan, azaroaren 29 eguerdian, omenaldia jasoko dute hiru leinuek.
Baserrietan txerri edo ardi hiltzearen ondorio xume zen odolkia, euskal gastronomiaren ikur eta gutizia bihurtzeko maisu-lana egin dute, azken 50 urtean baino gehiagoan. Eta Ormaiztegiren izena Euskal Herriratu dute, tren-zubiarekin eta Zumalakarregirekin batera. Ormaiztegiko Odolkiaren sortzaileak, egileak eta langileak dira, hiru leinutakoak. Baina errelebo aldaketa dator. Erretiroa hartuak dira batzuk, oraintxe jubilatu dira beste batzuk, eta hilabete gutxi barru utziko dute harakintza beste batzuek. Ormaiztegiko herriak omenaldiak egingo diete, azaroaren 29an, odolki lehiaketa hasi aurretik.
Murua harategian dagoeneko utzi diote odolkia egiteari. Hiru anaietan erdikoa, Josu, jubilatu da, eta Iñaki zaharrenak Gabon ondoren utziko du. Ander gazteenak jarraituko du harategiarekin, baita txorizoak eta tripakiak egiten ere. Baina odolkiak egiteko langintzari utzi egin behar izan diote, bakarra denera iritsi ezinda.
Erosle dendako harategian ere erreleboa gertatu da. Iñaki Camposek urteak daramatza jubilatuta, eta orain dela hiru-bat aste haren jarraitzaile Jesus Mari Garmendiari iritsi zaio jubilatzeko garaia. Harategiak eta Camposeneko odolkiek jarraipena izango dute, ordea, bertako langile Mairak eta Jaione Toledok jarraituko baitute.
Debatarren leinuak ere sendo jarraitzen du, hestebeteen sektoreko erreferente izanez Ezkioko obradorearekin. Jesus Mari Deba maisuaren hiru-seme alabak dira legatuaren jarraitzaile. «Abasto eman ezinik» ari dira lanean, egileak ere geroz eta gutxiago, eta geroz eta sarriago gertatzen ari diren hutsuneen hornitzaile –Murua harategiaren kasua da–. Jose Benito Debak, Jesus Mariren anaiak, datorren urtean utziko du Ormaiztegiko harategiko lana, eta litekeena da harategia itxi beharra ere, erreleborik ez baitago, ez familian, ezta kanpoko inork hartzeko eskaririk ere.
Egiten dituzten odolkiek bezala, askotariko zaporeak dituzte odolkigileek aldaketa garaiotan. Lanaren sakrifizioa aipatu dute guztiek, gaur egungo aurrerapenek (zamak kargatzeko poleak, garabiak, haragi puska txikiagoak maneiatu beharra…) goxatu badute ere. Eta odolkia egiteak atzetik duen lana ere ez dute ahazteko. Herrietako komertzioek orokorrean, eta haragi kontsumoak zehazki azken urteetan izan duten gainbeherak, eta harategien ordutegi eta egutegi exijenteek, mikatz puntua ere eragin diete. Hala, gehienek ez dute nahi euren seme-alabek ofizioari heltzerik ere.
Ormaiztegi, odolkiaren herri
Ondo egindakoen gozotasuna ere badute, noski. Ormaiztegiko Odolkiaren transmisioan ezinbesteko katebegi izan dira, eta galanki igo dute haren fama. Lana lan, gustatu zaie harakintza. Penatxoa ere badute, gutxienez Goierriko Odolki beharko zukeenaren izena Beasainek eraman izana. Ahoa bete hortz geratzen dira, oraindik, Ormaiztegin euren harategietara joan eta ‘Beasaingo odolkia’ eskatzen dutenekin. Non eta Ormaiztegin.
Aspaldikoa baita odolkigintza Ormaiztegin. Bi harategi zeuden. Zaharrena, Eugenio Muruak udaletxepean zeukana; eta Paulo Apaolazak Ezkurdia fondan zeukana bestea. Apaolazak harategia eta Pitxarrardo taberna batera eduki zituen. Gero, semeak Ostatua hartu, eta gaixotu zen Paulo. Hilabete gutxira utzi zuten harategia, Iñaki Apaolaza bilobak gogoratu duenez. Eugenio Muruak odolkiak egiten zituen, Paulo Apaolazak ez (tripakiak bai).
Artikulu honetako harakinak aitzindariekin hasi ziren. Aurrenekoa, Iñaki, Josu eta Ander Muruaren aita zena, Paulo Murua (Izarraundi, Gabiria, 1930–Ormaiztegi, 2018). Tolosan Larramendirekin lanean ikasi ondoren, eta Legazpiko hiltegian beste urte batzuk eta gerriak txikitu zizkion «asto-lanak» pasatuta, iritsi zen Paulo Murua 1955 inguruan Eugenio Muruaren harategira, 2015ean egindako elkarrizketa batean oroitu zuenez. Ondoren, Apaolazak utzitako Ezkurdiareneko harategia traspasoan hartu, eta han jarri zen bere kontura. Etxea bota zutenean, oraingo harategia zabaldu zuen, 1960ko hamarkadan. Pepita Garmendia emazteak eta biek egiten zituzten odolkiak, euren jaiotetxeetako eran (Gabiriako Gaztañaga baserrikoa zen Garmendia).
Iñaki Campos ere Eugenio Muruarekin eta «errebotez» hasi zen harakintzan, 14 urterekin, Joxe Gorrotxategi Kaxeta mutilak lana utzi zuenean. Hiru urte egin zituen Muruarekin Camposek. Gero, Hendaian pasatu zituen bi urteetan, beste odolkigintza mota bat ikasi zuen. «Diferentea. Han berdura eta odola berdin erabiltzen zen, baina manteka bota beharrean, txerri buruko haragia botatzen zitzaion». Han ezagutu zuen Busca Isusi gastronomo zumarragarrak, eta urtetako harremana ondu zuten, batez ere buzkantza edo ardi mondejua berrindartzen.
Jesus Mari Debak, Aztiriko Legorburu baserrikoa, Ramona Arriola amarengandik ikasi zuen odolkigintza. 15 urterekin Paulo Muruarekin hasi zen ofizioan. Ormaiztegiko harategia irekita, bere kasa jarraitu zuen. Benito anaia hara joaten zen eskolatik irtendakoan, arratsaldeetan laguntzera. Kamioiarekin ibilitako bi urte kenduta, harakintzan jardun da beti.
Jesus Mari Garmendia –Sanestebango harakin leinukoa–, 14rekin Iñaki Camposenean hasi zen, eta berak eraman du azken 12 urteetan Erosleko harategiaren eta odolkien ardura.
Guztiek ziurtatu dute: aro berrian Paulo Murua izan zen Ormaiztegin odolkiarekin hasi zen lehenengoa. Beasaingo lehiaketako aurreneko irabazlea, errege deitua, bera izan zen gainera (to, odolkiak ordainetan). Ez dira printze gutxi izan haren inguruan, odolkiaren Ormaiztegiko erresuman. ■
