Industrializazio beteko Legazpiko irudiak berrituta
Duela 55 urte Legazpin grabatutako telebista-irudi batzuek irailean ikusi zuten berriz argia, Legazpi, bere historiaren begietatik emanaldian. Espainiako telebista publikoak 1971n grabatutako originala zaharberritu dute. Iñaki Zelaiak 1983an Josean Larreari eman zion 16 milimetroko bobina bat, eta aurtengo maiatzean Euskadiko Filmategiaren esku utzi zuen. Orduan ikusi zuten zer irudi zeuzkan bobina hark.
Legazpi industrialaren alderdi soziologikoa erakusten du: kalea, langileak joan-etorrian, herriko toki esanguratsuak, eskola-umeak jolastokian edo kiroletan… Beti ere, Patricio Etxeberriaren presentzia inplizitu-esplizituarekin. Josean eta Joseba Larreak egin dute berreskurapenaren edizioa eta muntaia, eta 16:20 minutuko iraupeneko bideoan zabaldu dute sareetan.
Mirandaolan hasten da. Irudiak soilik daude, ahotsik gabe. Ermita, burdinola kanpotik eta bista orokorrak. Gabi zaharra erakusgai, eta ur jauzia. Barruan, olariak lanean, soineko luze, kapela zabal eta espartin arinak jantzita. Mailuan, burdin goritua ziri bihurtzen; hauspoak puzka, tortokia bueltaka, sutegian ikatza txingartzen.
Jarraian, lau olariak apaizarekin mahaian, hamaiketakoa egiten. Apaizak Mirandaolako Mirariaren agiria du aurrean; txapela erantzi, eta meazko gurutze itxurako lau adarreko puska hartzen du eskuetan.
Legazpiko kalean
Jendea bizikletan edo espaloi estuetan ibilkera arinez, lantegira bidean. Tutuaren soinua aditzen da. Herri sarrerako fabrika-artea, etxe zaharrak, autobus bat Legazpira iristen. Mugimendu-planoa da, eta Sidenorren pareraino joan ostean, buelta hartu eta herrirantz egiten du kamerak.
San Inazio auzora igo da; bidean, langileen apopilo etxea, auzune berriak, etxe bloke zuri luzeak igarota. Aldapan gora, Laubidera segitzen du. Zakur beltz argal bat burumakur kalea gurutzatzen, mutiko bat praka motzetan zelaian behera korrika bide ertzera arrimatzen. Auto bakanen bat, mantso.
Elizara iritsi da kameraria. Kotxeak udaletxe aurrean eta plazan ere aparkatuta. Udal armarriari zooma. Banco de Bilbaoren eraikin borobilduaren aurrean, hiru guardia zibil trikornio, kapa luze eta sorbaldan fusilekin oinez, kamerari begira-begira. Mantsotu egiten da sekuentzia parean pasatzerakoan.
Arrasetatik Legazpiren ikuspegi orokora. San Inazion eta Laubiden fijatzen da. Neskak ikastetxeko patioan jolasean, korroan, kantuan eta dantzan, baloi bat elkarri jaurtika. 14-15 bat urtekoak dirudite zaharrenek; haurragoak ere badaude. Denak gonekin eta jertse meheekin, eguzki errainutan. Mutilak saskibaloian jokatzen, kamiseta marradunekin. Gero futbolean beste batzuk.
Eta Etxeberriaren domeinuetan sartu da azkenik. Fundizioan, traktore batekin burdin totxo goritua forjan jartzen. Trokelean uztai bati forma ematen langile gazte sudur zapal bat. Enpresariaren erretratuaren koadro handi bat gero; aurpegira, zooma. Pentsakor baina tinko ageri da. Atzeko mihisean, bere inperio industrialaren margoa.
Atzera kalera irtenda bukatzen da bidaia. Langileak irteten, gehienak gazteak, banaka edo binaka, txaketa beltzak jantzita, eskuak poltsikoetan. Emakumeak ere tartean. Motorren bat. Lanrober bat, autobusaren atzetik. ■

